71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
New Directors
New Directors
Filmak
Filmak
Inaugurazioa
Jeong Ji-hye
Hego Korea 
105 min.
Bere izenak adierazten duen bezala, Jeong-sunek bizimodu ordenatua eta jokabide apala dauzka, elikagaien fabrika batean lan egiten duen arren. Young-soo lankidea beregana hurbilduko da. Elkar ezagutzen duten bitartean, ezkutuko harreman bat hasiko dute. Gizonak, bere mugikorraren kamera erabiliz, ohean argazki intimoak aterako dizkio. Bat-batean, besteak ezegoki begiratzen hasiko zaizkio.
Klausurako filma
Josip Žuvan
Kroazia - Serbia 
113 min.
Antonio eta Nikola lagun minak, bizilagunak eta pirotekniaren eta telefono mugikorren zaleak dira. Beren familiak haserre egon dira hainbat urtez konponbide erraza daukan arazo batengatik: goiko etxetik behekora isurtzen den ura. Pubertaroan sartzear dauden mutilen adiskidetasuna arriskuan jarriko da Eguberrietan, familiek sekretu eta interes askoz ere arriskutsuagoak ezagutuko dituztenean, eta urak lortuko duenean helduen gorrotoa haurrei kutsatzea. Egilearen lehen lana.
Maria Elorza
Espainia 
72 min.
Emakume bati ia Avioneta (hegazkin txiki) izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Beste batek etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek disertazioak entzuten dituzte lanean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet. Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume-armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimoa da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.
YOUBESC // KANTORA
© YOUBESC // KANTORA
Ion Borș
Moldaviako Errepublika - Errumania - Espainia 
103 min.
Moldavia, 90eko hamarkadako hasiera. Dimak traktore-gidari moduan lan egiten du, baina Transnistriako mugako gerran parte hartzeko izena eman nahi du. Vasea Afganistango gerrako beteranoak bat egingo du berarekin. Fronterako bidean, kiskalitako gorpu bat aurkituko dute. Agintariek ez diete jaramonik egingo eta ez diete identifikatzen lagunduko. Dimak eta Vaseak erabakiko dute erritu kristauari jarraikiz lurperatzea, baina, hortik gutxira, bidaia aldrebes batean abiatuko dira hilotzarekin, horren nortasuna ezagutzeko. Opera prima.
WIP Europa 2021
Emad Aleebrahim Dehkordi
Frantzia - Alemania - Italia - Iran 
102 min.
Shemroon (Teheran hiriaren iparraldean). Iman eta bere anaia txiki Payar aitarekin bizi dira. Ama hil zitzaienez geroztik, Iman familiaren bizimodu latzetik ihes egiteko modu baten bila ari da. Hiriko goi-klase sozialeko gazte batzuekin dituen kontaktuei esker, dirua bizkor irabazteko negozio bati ekingo dio Imanek. Hasieran hutsetik hasteko aukera ona zen negozio hori, egiatan, familia osoaren etorkizunari eragingo dion sorgin-gurpila izango da azkenean.
Katrine Brocks
Danimarka 
95 min.
Alma komentu katoliko batean moja sartzear dagoenean, Erik anaia iritsiko da –bien arteko harremana hoztuta zegoen–. Eriken etorrerak iraganeko tragedia baten berri emango digu. Botoak egiteko eguna hurbiltzen doan heinean, Alma gero eta kezkatuago egongo da berragertutako trauma baten ondorioz. Egilearen lehen lana.
Jeanne Aslan, Paul Saintillan
Frantzia 
109 min.
Nancy, Frantziako ekialdean. Uda. Familiaren giro gatazkatsutik ihes egin nahian, 15 urteko Sophiek bere lagun dirudun Jaderen etxera sartzeko giltzen kopiak lortuko ditu. Hain gustura erabiltzen ari den apartamentu zabal hura uda osoan hutsik egongo zela uste zuen Sophiek, baina Stéphan –Jaderen anaia nagusia– topatuko du ezustean. Stéphanek ere, kasualitatez, han geratzea du pentsatuta. Baina etxetik bota ordez, Stéphanek atea irekita uztea erabaki eta uda espero ez zuen bezala igarotzeko gonbita egingo dio neskari. Egilearen lehen lana.
Carmen Jaquier
Suitza 
92 min.
1900eko uda, Suitza. Elisabeth etxera itzuli beharko da ahizpa nagusia ezustean hiltzen zaionean. Bere jaioterriko arau zorrotzengatik itota sentitzen denean, Elisabethek gutxika aurre egingo die bizitza bere erara bizitzeko eskubidea defendatzeko. Egilearen lehen lana.
©2022_Grand Marin_Slot Machine
© ©2022_Grand Marin_Slot Machine
Dinara Drukarova
Frantzia 
84 min.
Lilik den-dena utziko du Lurreko bazter urrun batera bidaiatu eta bere ametsa betetzeko: Ipar itsasoan arrantzatzea. Rebel izeneko arraste-ontzi baten kapitaina (Ian) konbentzitu egingo du aukera bat eman diezaion tripulazioarekin bat egiteko. Ontziko emakume bakarra izanik, Sparrow (txolarrea) ezizena jarriko diote; alabaina, eta ahula ematen badu ere, Liliren borondatea suntsiezina da, eta bere adore eta erabakitasun handi horiei esker, gainerakoen errespetua eskuratuko du. Askotan zoritxarrekoak diren gizonez osatutako mundu honetan, Lilik beste bizimodu bat izateko, aske izateko eskubidea bereganatuko du. Egilearen lehen lana.
Laura Baumeister
Nikaragua - Mexiko - Herbehereak - Alemania - Frantzia - Norvegia - Espainia 
91 min.
Nikaragua, gaur egun. María, 11 urtekoa, bere ama Lilibethekin bizi da hondakindegi erraldoi baten ertzean. Ama-alaben etorkizuna arraza puruko txakurkume talde bat bandakide bati saltzean aldatzekoa zen, baina tratuak porrot egingo du, eta horregatik, Lilibethek hiriaren kanpoaldera joan eta María birziklatze-lantegi batean utzi beharko du, bertan lan egin dezan. Egunak aurrera doaz baina ama oraindik ez da itzuli. María galduta, nahastuta eta haserre dago. Gau batean, Maríak Tadeo ezagutuko du, neskatoari amarekin elkartzen laguntzeko prest dagoen haur zintzo eta ameslari bat.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2019 WIP Latam 2021
Masahiko Sato, Yutaro Seki, Kentaro Hirase
Japonia 
85 min.
Miyamatsu teleferiko bateko langilea da, baita zinemako estra ere. Askotariko pertsonaien bitartez, ezezagun baten bizitza bizitzen aritu da, soilik paper hori interpretatuz. Azkenik, bere bizitzarekin aurrez aurre topo egingo du, galdu zuen horrekin. Egileen lehen lana.
Takeshi Kogahara
Japonia 
88 min.
Arreba kutunaren heriotzaren erruarekin atsekabetuta bizi den gazte batek horren mamuarekin topo egingo du sorgindutako tunel batean. Gizona maiz itzuliko da bertara eta iragana gogoratuko du. Egilearen lehen lana.
Parth Saurabh
India 
105 min.
Sumit eta Priyankak elkarrekin maitemindu direlako ihes egingo dute. Konfinamenduak eragindako zailtasun ekonomikoen ondorioz, jaioterrira itzuli beharko dira. Priyankak Sumit uzteko eta bere aita kontserbadorearen etxera itzultzeko asmoa du. Sumit ez da ezertaz jabetuko eta denbora galtzen arituko da. Egilearen lehen lana.
Rocío Mesa
Espainia - AEB 
98 min.
Landa-inguruko herrixka bat neska hiritar baten paradisua da, eta bertako nerabe baten kaiola. Bi istorio paralelo horiek tabako-lehortegien artean gertatuko dira errealismo magikoz tindatutako uda batean. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Luis De Filippis
Kanada - Suitza 
96 min.
Lanetik kaleratu dute Ren, idazle izan nahi duen hogeitaka urteko emakume bat. Oporretara joango da bere familia italiar-kanadarrarekin. Millennial zurruna eta emakume transa izatearen errealitatea gorabehera, Renek borroka egin beharko du lortu nahi duen independentzia zaindua izatearen erosotasunarekin orekatzeko.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: