GEHITU Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteko kideez osatutako epaimahaiak bost latinoamerikar film izendatu ditu XIII. Sebastiane Latino sariaren finalista gisa. Hautatutako filmak: Ato Noturno, La misteriosa mirada del Flamenco, Los inocentes, Llueve sobre Babel eta Un mundo para mí.
LGBTIAQ+ komunitatearen aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako film luzeari emango zaio saria. 2025ean bost gizon zuzendarik eta zuzendari emakume batek sinbolizatzen dute defentsa hori kontinente luze-zabalean Brasil, Txile, Peru, Kolonbia eta Mexikoko ekoizpenekin.
Hogeita sei zis pertsonak (21 gizon eta bost emakume) eta pertsona ez-binario batek zuzendutako 26 proiektu ikusi ondoren egin zuen hautaketa GEHITUk, eta erakundeak nabarmendu duenez, "LGTBIAQ+ komunitateek familia moten bilakaerari egindako ekarpena, sexu-harremanak eta queerrak fantasiazko zinemari egindako ekarpena irudikatu nahi dituzte" bost film finalistek. Aurten, epaimahaiak "goraipatzen du pantailan, azkenean, konplexurik gabe, istorio bisexualak eta intersexualak ikustea".
2024an sari asko irabazitako Brasilgo Baby ekoizpenarentzat izan zen Sebastiane Latino saria: "mugimenduzko" film honek homosexualtasuna, maitasuna, haustura, marjinaltasuna eta erresistentzia kolektiboa jorratzen ditu, eta bertan ez dira inoiz falta, halaber, samurtasuna nahiz poza. Marcelo Caetano zuzendaria filmarekin batera egongo da Gipuzkoako zenbait herritan (Deba, Irun eta Errenteria), aurreko urteko irabazlea haietan eman ohi baitute Donostia Zinemaldiaren lehen asteburuan. Hori hala da GEHITUk Mugen Gainetik elkartearekin eta eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziarekin duen lankidetzari esker.
Sariaren hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta abuztuan jakinaraziko da nor den irabazlea. Deialdiaren bidez, GEHITUk, entitate lankideek eta Donostia Zinemaldiak Latinoamerikako LGTBIQA+ zinema babesten jarraitzen dute Zinemaldiaren esparruan. Hori dela-eta, 73. edizioan (irailaren 19tik 27ra) 26. Sebastiane Saria eman eta Iberoamerikako LGBTIAQ+ zinema-jaialdien X. topaketa egingo da, Espainiako eta Latinoamerikako 25 lehiaketa baino gehiago bilduko dituen ekimena, hain justu.
Egunez, txaloak irabazteko antzezten dute; gauez, guztia arriskatzen dute. Aktore batek eta politikari batek abentura sekretua hasi dute; jendaurreko tokietan sexua izateko obsesioa ezagutuko dute elkarrekin. Zenbat eta gehiago hurbildu ospearen ametsera, orduan eta gehiago sentitzen dute arriskatzeko beharra.
80ko hamarkadaren hasieran, Txileko basamortuan, hamaika urteko Lidia meatze-herri oldarkor eta hautseztatu baten aldirietan bultzaturiko familia queer maitagarri batean bizi da. Zabaltzen hasi den gaixotasun misteriotsu baten errua egozten zaie: begirada bakar baten bidez transmititzen omen da, gizon bat beste gizon batekin maitemintzen denean. Western moderno honetan, Lidia mendeku bila dabil, biolentziari, beldurrari eta gorrotoari aurre eginez, eta familia du babesleku bakarra borroka horretan, non maitasuna den benetako arriskua, beharbada.
Cara de Ángel nerabe sentibera da; bere nortasuna definitu nahi du, eta ulertu zer den gizona izatea maskulinitate oldarkorraren testuinguruan. Auzoko aldraren parte izan eta gizontasuna erakuste aldera, lapurreta batean parte hartuko du: mendekua hartu nahi duten gizon baten etxean sartuko dira. Sexu-irrikak eramango du zenbait lotura esploratzera: Gabrielarekin (maitemindua dagoela uste duen auzoko neska bat), eta Jhonnyrekin (miresten duen punk talde bateko abeslaria). Erabaki hormonalek traizioarekin jarriko dute parez pare, eta bere xalotasunaren amaiera markatuko dute.
Danteren Infernuaren bertsio honetan zenbait pertsonaia Flacarekin (heriotza pertsonifikatua) gurutzatuko dira Babel taberna mitikoan, eta hala, maitasun, traizio, heriotza eta erredentzioko istorio epiko eta dibertigarria osatuko da.
Beren haur intersexuala jaio ondotik, bikote batek aurre egin beharko dio beren sinesmenak, lotura eta maitasuna ulertzeko era probatuko dituen erabakiari.