Hamar proiektu teknologiko (bost espainiar eta bost europar) lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen, ikus-entzunezkoen sektorean aplika daitezkeen garapen teknologikoetan diharduten startup sortu berrietarako eta ekintzailetza-taldeetarako lehiaketan.
Zinemaldia & Technologyren ekimen nagusia da Zinemaldia Startup Challenge, eta irailaren 25ean, ostegunean, egingo da. Aukeratutako hamar proiektuak aurkeztuko dira eta mahai-inguru bat egingo da teknologia berrien inplikazio etikoei buruz. Bertan, teknologia inklusibo, dibertso eta adierazgarriago bat nola lortu hausnartuko da.
Estatu-lehiaketako bost finalistetako hiruk adimen artifiziala aplikatzen dute euren garapenetan: Bubbok plataformetako edukien gomendio pertsonalizatuak eskaintzen ditu; Crowdy ekosistema bat da, ikus-entzunezko proiektuak kudeatzeko eta edozein ekoizpen-fasetan talentua erakartzeko baliabideak biltzen dituena; eta IT'S ON streamingeko plataforma bat da, filmaketak urrunetik gainbegiratzeko aukera ematen duena. Bi aplikazio mugikor hauek osatzen dute hautaketa: Kultura Hub, Europako kultura-erakundeen ikus-entzunezko edukia konektatzen eta ikusarazten duena, hizkuntza gutxituetan arreta berezia ipinita; Quickets aplikazioak, berriz, zinema-sarreren last minute salmenta eskaintzen du, deskontuekin, prezio dinamikoetako tekniken bidez.
Europako proiektuei dagokienez, horietako lau adimen artifizialean ere oinarritzen dira: All-VP (Erresuma Batua) LED horma digitala moduko bat da, antzezlearen tamainatik eta itxuratik abiatuta, ingurune birtual batean argiztapena, itzalak eta islak birkalkulatzen dituena; Mimikek (Suedia) 3Dko abatar errealistak sortzen ditu telefono mugikorrarekin eskaneatutakoan funtsatuta; Signapsek (Erresuma Batua) zeinu-hizkuntzako interpreteen eredu fotorrealistak eskaintzen ditu gorren ikus-entzunezko edukietarako irisgarritasuna areagotzeko; eta Tape Itek (Alemania) hondo-zarata ezabatzen du soinua digitalki prozesatuz, audioaren kalitatea hobetze aldera. Azkenik, Novel Fire Masks Enginereed with 3D Technologyk (Erresuma Batua) suaren aurkako maskarak –silikonazkoak– sortzen ditu, manufaktura gehigarriko eta 3D inprimaketako teknikekin eta akabera hiperrealista batekin.
Bi epaimahai independentek 10.000 euroko sari bana emango dizkie Europako eta Estatuko proiekturik onenei. Bestalde, hirugarren epaimahai batek aipamen berezia emango du, 3.000 eurokoa, ekintzailetza-balioen aitorpen gisa. Horrez gain, irabazleek eta finalistek 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute beren proiektua Euskadin garatzeko.
Gainera, proiektu finalistek –nola jada irtenbide finkatuta izanik euren merkatu objektiboan saltzen ari direnek, hala prototipo funtzionalik gabeko ideia soil bat baino ez dutenek– aukera izango dute Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean kokatutako BICetako –business innovation center delakoetako– bateko inkubagailu batean urtebetez doan sartzeko.
Lehen bost edizioetako proiektu irabazleetako zenbaitzuk arrakastaz ari dira garatzen beren enpresa-estrategia. Dub.me-k (2024) EIC Accelerator programaren Bikaintasun Zigilua lortu du, eta Asia, Europa eta Estatu Batuetako funtsezko merkatuetan jarduteko aukera eman dioten akordioak ezarri ditu; Motmo.pro (2022) merkatuan dago jada; Hyperate.io-k (2023), bestalde, nabarmen handitu du erabiltzaile kopurua.
Eusko Jaurlaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuna Sailaren eta SPRIren bitartez sustatzen du Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia. Donostia Zinemaldiak hauekin lankidetzan antolatzen du jardunalida: TECNALIA; ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza); eta Vicomtech. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da, eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako berrikuntzari buruz hausnartzeko gune bihurtu nahi du.
Estatuko startupen lehiaketa ‘Spanish Screenings XXL: Financing & Tech’ deritzonaren parte da; hala, ekimen horretan erakunde hauek hartzen dute parte: Kultura Ministerioa, ICAA-Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bidez; Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioa; ICEX España Exportación e Inversiones erakundea; Málagako zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia.
Estatuko proiektuak
Startup-a: Bubbo
Deskribapena: Adimen artifizialeko soluziorik onena, segundo gutxitan zure gustuko streaming-edukia aurkitzeko. React Native tresnarekin app mugikor bat garatzen dugu iOS eta Androiderako, bai eta webgune bat ere Node.js, React, Next.js eta TypeScript tresnekin, Python serverlessen APIekin. BigQuery eta Vertex AI usatzen ditugu gomendioak eta embeddingak egiteko Google Cloud Platform eta Azure AI Speech bidez ahotsa errekonozitzeko.
Garapen-maila: Irtenbidea finkatuta dago eta bere helburu den merkatu nagusiari saltzen ari zaio.
Ekintzaile taldea
Deskribapena: Ikus-entzunezko industriak inoiz ez bezalako azelerazioa bizi du egun. Egokitzeko, prozesu optimizatuak eta teknologia behar dira: efizientziarako AA, HRtech kontratazio globalerako, blockchain trazabilitaterako eta fintech ordainketetarako eta crowdfundingerako. Horrela, denborak murriztu, lurraldeak dinamizatu eta profesionalizatu egiten dira. Crowdy ikus-entzunezko proiektu globalak bizkortzeko tresnak, networkinga eta merkatua biltzen dituen ekosistema digitala bat da.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: IT'S ON
Deskribapena: IT’S ON ikus-entzunezko ekoizpen-prozesua optimizatzen duen plataforma bat da, filmaketen zuzeneko streaming-aren bidez.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Ekintzaile taldea
Deskribapena: Hizkuntza gutxituen azpititulu automatikoa eskaintzen du, baita hainbat hilabetetako lizentzia-denbora 48 ordura murrizten duten smart contractak, kultura-kidetasunagatiko gomendioak eta landa-eremuetarako streaming-sistema egokitzailea. Une ezin hobean dago, COVID osteko digitalizazioari, NLPren % 80ko murrizketari, blockchain-teknologiaren heldutasunari eta NextGen EU programaren urteko erabilgarritasunari esker (2,3B €).
Garapen-maila: Konponbidearen ideia bat dago, baina ez dago prototipo funtzionalik.
Startup-a: Quickets Technologies, S. L.
Deskribapena: Quickets plataforma berritzailea da, iOSentzat eta Androidentzat garatua, zinema-aretoen okupazioa optimizatzen eta errendimendua hobetzen duena. Abangoardiako teknologiarekin, soluzio eskalagarri eta malgua eskaintzen dugu ikus-entzunezko sektorearen eta ikus-entzule gazteen eskari berriei erantzuteko.
Garapen-maila: Irtenbidea finkatuta dago eta bere helburu den merkatu nagusiari saltzen ari zaio.
Europako proiektuak
Ekintzaile taldea
Deskribapena: ALL-VPk "LED horma digital" bat txertatzen du softwarean, lehen hardwarean milioiak inbertitzea eta muntaketan hilabeteak ematea behar zuen emaitza emanez. Gure softwareak aktorea eta ingurunea moldatzen ditu, kamera barneko berrargitzea eta efektu bisualak eskainiz ekoizpen birtualerako.
Garapen-maila: Ingurune garrantzitsu batean balioztatutako soluzioaren prototipo funtzional bat dago.
Startup-a: MIMIK
Deskribapena: MIMIKek gailu mugikorren bidezko eskaneatzeak pantailarako prest dauden abatar bihurtzen ditu, eta, horri esker, edonor sar daiteke filmetan, jokoetan edo istorio interaktiboetan. AAren zehaztasunarekin eta estilo malguarekin, estudioei, jokalariei eta sortzaileei euren istorio pertsonalei edozein plataformatan bizia emateko aukera ematen die.
Garapen-maila: Ingurune garrantzitsu batean balioztatutako soluzioaren prototipo funtzional bat dago.
Startup-a: AnthroTek Ltd
Deskribapena: suaren aurkako txano tradizionalek ez bezala, suteen aurkako gure maskara berriek material aurreratuak eta AAk lagundutako 3D teknologia konbinatzen dituzte benetako suz egindako akrobazia seguru eta errealistak ahalbidetzeko. 28 Years Later filmean erabilia, efektu berezirik gabeko (ordenagailuz sortutako irudiak) errealismo zinematografikoa eskaintzen die zuzendariei, eta, horrenbestez, efektu berezietan segurtasun- eta sormen-estandar berri bat ezartzen du.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Signapse
Deskribapena: Signapsek berriki zabaldutako aukera bat aurkezten du, adimen artifizialarekin sortutako zeinu-hizkuntzako interprete digital fotorrealisten aukera emanez, bezeroei itzulpenak eskaintzeko. Horrek hobeki islatzen du entzumen-urritasuna duten pertsonen eta mundu osoko ikus-entzuleen aniztasuna.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Tape It
Deskribapena: Tape It-ek sinplifikatu egiten du musika- eta zinema-lanetarako audioaren grabazioa. Gure aplikazioa ezaguna da zinema-esparruko soinu-diseinatzaileen artean, eta Orville: nave interestelar (2017, Fox/Hulu) eta La oscuridad (2018, CBS/Netflix) telesailetan erabili izan da, besteak beste. Adimen artifizialak sustatutako kalitate handiko audioan zarata murrizteko software honek Hollywoodeko estudio ezagunen goraipamenak jaso ditu.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
ZINEMALDIA STARTUP CHALLENGE SUSTATZAILEA
ZINEMALDIA & TECHNOLOGY
Industria Saila ondorengoen babesarekin