"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiko Zuzendaritza Batzordeak Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala defendatzen du. Halaber, ezinbestekotzat jotzen dugu deialdi orokor bat egitea demokraziaren alde, ohartarazteaz gain demokraziak ahuleziak dituela deriba autoritario ugarien eta erregimen diktatorialekiko parekatze faltsuak sortzen dituzten diskurtsoen eraginez. Ez, diktadura eta demokrazia ez dira gauza bera. Ez, giza eskubideak errespetatzea eta sistematikoki urratzea ez dira gauza bera. Kultura-alorretik demokrazia behar dugu, baita giza eskubideak ere, existitzen jarraitzeko eta gure gizarteetarako askatasunak babesteko.
Ondo dakigu, gainera, Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalaren artikuluak egunero zapaltzen direla munduko hainbat lurraldetan. Alabaina, beharrezkotzat jo dugu publikoki jakinaraztea genozidioa gaitzetsi egiten dugula. 2023ko urriaren 7an Hamasek eraso terrorista egin zuenez geroztik Benjamin Netanyahuren gobernua herri palestinarraren aurka gauzatzen ari den sarraski ikaragarriak arbuiatzen ditugu, nabarmentzeari utzi gabe Hamasen eraso terrorista ere kondenatzen dugula, jakina. Biztanleria zibil palestinarra hiltzen ari dira. Haurrak erailtzen ari dira. Kazetariak eta laguntza humanitarioa eskaintzen diharduten langileak erailtzen ari dira. Gosetea erabiltzen ari dira arma gisa. Laguntza humanitarioa galarazten eta oztopatzen ari dira. Herritar palestinarren lekualdatze masiboak bortxatzen ari dira. Eraikinak suntsitzen ari dira. Are ospitaleak bonbardatzen ari dira. Umiliatu, konkistatu eta zapaldu egiten ari dira. Gaza birrintzen ari dira. Nazioarteko legeak erdeinatzen ari dira. Jasanezinak dira halako basakeriak, horren terrore handia. Amorru eta atsekabe latzak eragiten dizkigute bidegabekeriok.
Mark Twainen hitzetan, historia ez da errepikatzen baina errima osatzen du. Zinemaren mundutik eta, orokorrean, kulturaren esparrutik, betidanik izan da gure nahia XX. mendeko lazgarrikeriak –ezagupen historikoak erakutsi dizkigunak– ikasbide izatea, ez dezaten sekula berriz osatu terrore-errimarik. Horrenbestez, derrigorrean kondenatu behar dugu gaur Netanyahuren gobernua gauzatzen ari dena, giza eskubideak (sistematikoki eta programa bati jarraikiz) ostikopetzen eta genozidio bat burutzen aritzea, hain zuzen ere. Agian eskakizun sineskorra izango bada ere, sua berehala etetera eta Hamasek bahitutako pertsonak askatzera presatzen dugu, herri israeldarrak eta palestinarrak etorkizunean aukera izan dezaten elkarrekin modu baketsuan bizitzeko.