Bere hamargarren urteurrenean, Tabakalerak Arcoíris 82 inauguratu du gaur, Irati Gorostidi Agirretxe (Eguesibar, 1988) artista eta zinemagilearen erakusketa, Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan egindakoa. Erakusketak Aro berria (2025) filmatzean sortutako material argitaragabea du abiapuntu. Aro berria zuzendariaren fikziozko lehen lan luzea da, eta Donostia Zinemaldiko New Directors sailean estreinatuko da. Filma laurogeiko hamarkadan Ultzaman (Nafarroa) finkatutako Arco Iris komunitatearen inguruko ikerketa- eta sorkuntza-prozesu luze baten amaiera da. Gorostidik ikerketa horretako materiala ekarri du erakusketa-aretora, eta zinema-narrazioa gainditzen duen eta bizipenaren esparruan kokatzen den esperientzia bat proposatzen du.
Erakusketa txandaka proiektatzen diren pantaila anitzeko bi bideoinstalaziok osatzen dute: Marathon eta Samsara. Samsara instalazioa filmazioan egindako argazki sorta batek lagunduta erakutsiko da, Arco Iris komunitatearen artxibo-materialarekin batera. Piezak osatzen dituzten elkarrizketek eta errekreazioek agerian uzten dute filmazio-prozesuan antzezpenaren eta esperientziaren arteko muga lausotu egin zela eta benetako emozioak azaleratu zirela pertsonaien larruan jarri ziren aktoreengan.
Istorio bat kontatu ordez, antzezpenetan parte hartu zutenen gorputz eta testigantzetan murgiltzeko ibilbide bat eskaintzen du erakusketak. Hitzaren hauskortasunaren eta ekintzaren egiaren artean, irudiak filma inspiratu zuten komunitate-jardunbideen inguruko dokumentu bizi bihurtzen dira.
Irati Gorostidi Tabakalera Belaunaldia izenekoaren kidea da. Zinemagileez eta artistez osatutako talde horrek kultura garaikidearen nazioarteko zentroaren ikus-entzunezko sorkuntza-ekosisteman garatu ditu bere proiektuak. Gorostidiren ibilbidea hertsiki lotuta dago Tabakalerarekin: 2020. urtean, euskal emakume zinemagile hasiberriei zuzendutako Noka programan parte hartu zuen, eta 2022an bere Anekumen proiektua (azkenean Aro berria bihurtu dena) Tabakaleraren, Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren Ikusmira Berriak egonaldi-programan hautatu zuten.
Gorostidiren fikziozko lehen film luzea den Aro berria filmarekin, zuzendariak hainbat obrarekin hasitako ibilbidea finkatu du. Obra horien artean, honako hauek aipa daitezke: Pasaia bitartean, (2016); Euritan, Arantza Santestebanekin batera zuzendua (2017); Unicornio, (2021); San Simón 62, Mirari Echávarrirekin (2021), eta Contadores (2023). Azken hori Cannesko Kritikaren Astean eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean aurkeztuko da.
Erakusketa osatzen duen jarduera-programaren barruan, Tabakalerak Gorostidiren filmei buruzko zinema-ziklo bat antolatu du, baita ikusleei zuzendariarekin eta haren proiektuetan lankidetzan aritu izan diren zinemagileekin hitz egiteko aukera eskainiko dien saio berezi bat ere. Zikloa amaitzeko, Kontatutako Zinemako saio bat egingo da Aro berria (2025) filmaren inguruan. Saio horretan, zuzendariak bere azken filmaren sorkuntza-prozesua azalduko du. Jarduera-programa, gainera, bisita-solasaldiekin eta arte garaikidera hurbiltzeko ikastaro batekin osatuko da.