Dolores Fonzi, Alauda Ruiz de Azúa, Milagros Mumenthaler, Xiaoyu Qin, Tribeny Rai, Emilie Thalund eta Alice Winocour zinemagileen filmak ariko dira lehian Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko RTVE-Beste Begirada Saria –XIX.a– beretzeko; hilaren 19an (osteguna) hasiko da Zinemaldiaren 73. edizioa. RTVEk –lehiaketaren babesle ofizialak–, urtero ematen dio sari hau arlo guztietan emakumearen errealitatetik gertuko gaiak lantzen dituen film luze bati; sortzaileek –nola emakumezkoek hala gizonezkoek– zuzendutako, interpretatutako edo idatzitako zinema bat, beren filmetan askotariko gaiak jorratzen dituztenak genero-ikuspegitik.
Aurtengo epaimahaia Maria Solana kazetari eta RTVEko kontseilariak, Gema Blasco zinemagileak –La Furia estreinatu duenak aurten– eta Amaia Ereñaga kazetariak osatzen dute. Epaimahaikideek Sail Ofizialean bost film aztertuko dituzte –Belén, Dolores Fonzirena (Argentina), Couture, Alice Winocourrena (Frantzia eta AEB), Jianyu laide mama / Her Heart Beats in its Cage, Xiaoyu Qinena (Txina), Las corrientes, Milagros Mumenthalerrena (Suitza eta Argentina) eta Los domingos, Alauda Ruiz de Azúarena (Espainia)– eta New Directors sailean bi –Chhora jastai / Shape of Momo, Tribeny Rairena (India eta Hego Korea) eta Vaegtloes / Weighless, Emilie Thalundena (Danimarka)–.
Saria larunbatean (hilaren 28a) entregatuko da Zinemaldiaren amaierako galan. Iaz Payal Kapaidaren All We Imagine As Light filma saritu zuten, eta aipamen berezia egin zioten Laura Carreiraren On Falling pelikulari.
RTVEk partaidetutako filmen lau estreinaldi-gala egingo ditu aurten, Zinemaldiaren 73. edizioan. Estreinaldiz betetako astea izango da, Parecido a un asesinato / Hidden Murder (Antonio Hernández), Ya no quedan junglas / The Gentleman (Luis Gabriel Beristáin), La cena / The Dinner (Manuel Gómez Pereira) eta La tregua / The Truce (Miguel Ángel Vivas) filmak ere emango baitira.
Sail Ofiziala
Tucumán, Argentina, 2014; emakume gazte bat ospitalera joan da sabeleko min gogorrak jota, haurdun dagoela jakin gabe. Esnatzean, ohatilara bilurtuta eta poliziaz inguratuta dago. Apropos abortatu izana leporatzen diote, eta bi urteko behin-behineko espetxealdiaren ondoren, zortzi urteko espetxe-zigorra ezarriko diote giza hilketagatik, loturaren larrigarriarekin. Tucumángo abokatu batek haren askatasunaren alde borrokatuko du, milaka emakume eta erakunderen laguntzarekin, eta denek egingo dute bat historiaren norabidea aldatzeko.
Modaren Parisko Astearen zalaparta betean, hiru emakumeren bizitzak gurutzatuko dira. Hirurak ere borrokan ari dira munduko tragediekin eta beren bizitzako kontuekin: Maxime zinema-zuzendari estatubatuarrari minbizia diagnostikatu diote; Ada modelo hegosudandar gazteak, markaturiko etorkizun batetik ihes egin, eta ingurune fribolo batean amaituko du; Angèle makillatzaile frantziarrak, azkenik, desfileen atzealdean lan egiten du eta beste bizimodu bat izan nahiko luke.
Hongek 10 urte eman ditu kartzelan senarra hiltzeagatik. Kartzelako arte-tailerrari egindako ekarpenari esker, zigorra murrizteko ustekabeko aukera izango du. Bere seme Lele amonak hazi du eta ez da inoiz amarekin bizitzeko prest egon. Berriro elkartu ondoren, Lelek hotz tratatzen du ama beti. Amona pertsona bakartia da eta Lele itzultzea nahi du; gainera, gizarteak ez ditu preso ohiak ondo tratatzen; hori horrela izanik, gai izango ote da Hong bere espetxe ikusezinetik ihes egin eta zoriona berreskuratzeko?
Lina, 34 urteko estilista argentinarra, bere karreraren gailurrean dago, eta, bat-batean, inpultso batek gain hartuko dio Suitzan sari-banaketa baten ondotik. Buenos Airesa iritsitakoan, ez du ezer esango, baina zerbait aldatuta dago jada: isilik eta ikusezin, zerbaitek ustez atzean utzita zeukan iragana ekarriko dio atzera.
Los domingos filmak Ainararen istorioa kontatzen digu, 17 urteko gazte idealista eta apartekoa, unibertsitateko zein karrera ikasiko duen erabaki behar duena. Hori espero du bere familiak, behintzat. Alabaina, gazteak adieraziko du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela eta klausurako moja bilakatzea planteatzen duela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa, amildegi bat sortuko da eta proba erabakigarri bati aurre egin beharko diote.
New Directors
Lanari uko egin ondoren, Bishnu Himalaiako bere herrixkara itzuliko da, eta familia-presioei eta espektatiba sozial hazkorrei aurre egin beharko die han. Tentsioak areagotu egingo dira haurdun dagoen ahizpa iristean eta bere komunitateko haur "egoki" batekin harremana hastean; Bishnuk aukeratu egin beharko du: tradiziora egokitu ala, aitzitik, bere independentzia erreklamatu.
Lea, hamabost urteko neska bat, basoz eta hondartzaz inguratutako kanpamentu batean ari da ematen uda. Argaltzeko erabaki irmoarekin, kanpamentuko bere gelakide berri eta lagun Sasha bezalakoa izan nahi du: dibertigarria, alaia eta munduan bere lekua hartzeko beldurrik gabea. Sashak bertako mutilen arreta erakarri nahi du; Leiaren bihotza, ordea, Runerentzat da, kanpamenduko irakasle xarmantarentzat. Runek bere interesari erantzuten dionean, zerbait piztuko da Leiaren barnean; desio ezezagun baina zirraragarria.