"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzeko Espainiako entitateak (DAMA) bigarren urtez jarraian sustatuko du Gazteriaren Saria Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, irailaren 19tik 27ra bitartean.
Sariaren irabazlea aukeratzen duen epaimahaia 18 eta 25 urte arteko 150 gaztek osatzen dute. Emanaldi bakoitzaren ondoren, filmari puntuazio jakin bat ematen diote gazte epaimahaikideek. Kalifikazioak eta gustukoenen rankinga egunero eguneratuko dira, eta Zinemaldiaren hedabide ofizialetan kontsultatu ahalko dira.
Gazteriaren DAMA Sarirako hautagai diren 16 filmak New Directors saileko guztiak izango dira, bai eta Horizontes Latinos sailean beren lanak aurkeztuko dituzten zuzendarien lehen edo bigarren film luzeak ere.
Saria irailaren 27an (larunbata) banatuko da. DAMA taldearen ordezkari bat izango dira bertan, baita zinemaren munduko pertsona ospetsu bat eta Gazteriaren epaimahaiko bi kide ere (Donostia Zinemaldian zehar iragarriko dira bi horiek).
DAMAk bigarren urtez babesten du Gazteriaren Saria, baina aspalditik dago lotuta Donostia Zinemaldiarekin. Hala, Pentsamendua eta Eztabaidarako zenbait mahai-inguru eta elkarrizketa bultzatu izan ditu entitateak azken urteotan eta, halaber, «Lola Salvador» Gidoi Onenaren DAMA Saria emateko ere baliatu izan du Zinemaldia.
«DAMAn, oso hunkituta gaude bigarrenez babestuko dugulako Donostia Zinemaldiko Gazteriaren DAMA Saria. Belaunaldi berrien artean zinema-zaletasuna sustatzeko dugun konpromisoa islatzen du sariak. Gainera, ekimena baliagarria da bokazioak pizteko eta finkatzeko. Seguru gaude epaimahaia osatuko duten 150 kideen artean, beharbada urte batzuk barru beren lanak Zinemaldi honetan bertan aurkeztuko dituzten etorkizuneko egileak daudela», adierazi du DAMAko presidente Virginia Yagüek.
25 urtetik gorako esperientzia izanik, DAMA ikus-entzunezko obren eskubideen kudeaketa kolektiboan espezializatutako entitate bakarra da Espainian, eta sektorearen erreferente bihurtu da diru-bilketan eta banaketan gardentasunez jokatzen duelako. Gainera, ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko eta defendatzeko lan egiten du, hainbat laguntza- eta prestakuntza-programaren medioz.
Virginia Yagüe zinema- eta telebista-gidoilaria da DAMAren presidente. Guztira 3.000 bazkide baino gehiago ditu eta 40 herrialdetako ikus-entzunezko egileen (zuzendariak eta gidoilariak) ordainketa-eskubideak kudeatzen ditu.