Maruja (Álvaro G. Companyk zuzendua) eta Medusas (Iñaki Sánchez Arrietak zuzendua) film laburrek irabazi dute, hurrenez hurren, gizarte-gaiekin lotutako film laburren Loterías sariketako lehen saria eta bigarren saria. Donostia Zinemaldiak eta SELAEk (Sociedad Estatal Loterías y Apuestas del Estado) antolatu dute sariketa hori.
Lehiaketaren bigarren ediziora ehun lan baino gehiago aurkeztu ziren. Horien artean, Hautespen Batzordeak sei aukeratu zituen, epaimahaiak balora zitzan. Carmen Machi aktorea izan da epaimahairen burua eta, berarekin batera, Loterías erakundeko komunikazioko zuzendariorde María Núñezek eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek osatu dute epaimahaia. Hirurak izan dira gaur arratsaldean Trueba zinemako filmen proiekzioan eta ondorengo sari-banaketan. Ekitaldi horretan, Loterías erakundeko presidente Jesus Huertak ere parte hartu du.
Maruja film laburrak lehen saria irabazi du, 10.000 eurokoa, eta teleoperadore baten noizbehinkako dei baten aurrean 80 urteko alargun batek bizi duen zaurgarritasuna jorratzen du. Medusas film laburrak bigarren saria irabazi du, 5.000 eurokoa, eta irudikatzen du zer-nola bizi gaitezkeen Espainiako kostetara bizi hobearen bila iristen diren pertsonei bizkarra ematen. Beste lau finalistak hauek izan ziren: Campolivar, Alicia Moncholí Luejerena; Cólera / Rage, José Luis Lázarorena; Mi tía, Mikel Urretabizkaiarena; eta Origami, Álvaro Leónena.
Lehiaketaren helburua da aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta justizia soziala sustatuko duten mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzea ikus-entzunezkoak erabiliz. Koherentziari eutsiz, lehiaketara aurkeztutako film laburren gai nagusiak hauek izan dira: adineko pertsonen bakardadea eta zaintza, emigrazioaren drama, minbizia duten pazienteek eta haien familiek dituzten arazoak eta genero-indarkeria.
Loterías y Apuestas del Estado erakundearen "beharrezko babesa" eskertu ondoren, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek esan du "pozik" dagoela Loterías sariaren bigarren deialdiaren garapenarekin. "Iaz bezala, maila handiko film laburrak izan ditugu, bai alderdi zinematografikoari dagokionez eta bai jorratutako gaiei dagokienez, eta horrek beste behin erakusten digu zinema, entretenimendua ez ezik, gizartea kontzientziatzeko tresna ere badela", adierazi duenez.
Loterías erakundeko presidente Jesús Huertak, bere aldetik, honako hau nabarmendu du: "Loterías erakundeak eta Donostia Zinemaldiak, biek ala biek, gizarte-gaiekiko sentsibilitatea dute eta, Loterías sariaren bigarren edizio honekin, gure ekarpentxoa egingo dugu gizartea kontzientziatzeko: beharrik handiena duten kolektiboak artatuz bakarrik lortuko dugu gizarte justu eta berdinzaleagoa izateko urratsak egitea". Hauek ere nabarmendu ditu: "Kultura gizartea kohesionatzeko eta eztabaida sortzeko elementu dute gizarte aurreratuek, hala nola gureak, eta aurkeztu diren film laburrek gizarteak elkarrekin aurrera egiteko behar dituen begirada kritikoa eta gizarte-konpromisoa ekarri dizkigute".