Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko film sorpresa Frankenstein izango da, Mary Shelleyren klasikoaren bertsio berria. Guillermo del Toro zinemagile mexikarrak zuzendu du, eta Oscar Isaac, Jacob Elordi, Christoph Waltz eta Mia Goth ditu protagonista. Filmaren proiekzio hauek egingo dira: bihar (ostirala), Antzoki Zaharrean, 21:45ean, eta Victoria Eugenia antzokian, 22:30ean; eta larunbatean, Belodromoko pantaila erraldoian, 18:00etan.
Joan den Veneziako zinema-jaialdiaren Sail Ofizialean sartu zuten filma, eta Frankenstein doktorearen historia kontatzen du: zientzialari bikain baina egozentriko horrek izaki bat sortuko du esperimentu izugarri batean, eta, azkenean, hondamendia ekarriko die bai sortzaileari eta bai zorigaiztoko sorkuntzari.
Zuzendari mexikarrak estilo zinematografiko bereizgarria sortu du, beldurra, fantasia eta iruditeria bisual oparo eta pertsonala nahasten dituena. Cronos (Zabaltegi, 1994) filmarekin debuta egin zuenetik, film txalotu ugari zuzendu eta ekoitzi ditu, hala nola El espinazo del diablo (Made in Spanish, 2001), El laberinto del fauno (2006), Mimic (1997), Hellboy (2004), Pacific Rim (2013), Crimson Peak (2015) eta The Shape of Water (2017). Azken horrek Oscar sarietarako hamahiru izendapen lortu zituen eta lau Oscar sari irabazi, tartean, film onenarena eta zuzendari onenarena. Stop motion animaziozko bere lehen film luzeak, Guillermo del Toro's Pinocchiok (2022), animaziozko film onenaren Oscar saria irabazi zuen. Mark Gustafsonekin batera zuzendu zuen.
Donostia Zinemaldiak 2019an berreskuratu zuen film sorpresa bat programatzeko tradizioa eta, harrezkero, film hauek eman ditu: Joker (Todd Phillips, 2019), Sportin’ Life (Abel Ferrara, 2020), Spencer (Pablo Larraín, 2021), Blonde (Andrew Dominik, 2022), The Killer (David Fincher, 2023) eta Joker: Folie à Deux (Todd Phillips, 2024).
2022az geroztik, Antiguo Berri eraikuntza-enpresak babesten du film sorpresa.
Oscar sari bat duen Guillermo del Toro zuzendariak Mary Shelleyren klasikoa egokitu du. Victor Frankenstein doktorearen historia kontatzen digu: zientzialari bikain baina egozentriko horrek izaki bat sortuko du esperimentu izugarri batean, eta, azkenean, hondamendia ekarriko die bai sortzaileari eta bai zorigaiztoko sorkuntzari.