Kaouther Ben Hania Tunisiako zuzendariaren The voice of Hind filmak irabazi du Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria, jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak ondoen islatzen dituen filma aintzatesten duena. Balio horiek dira, hain zuzen ere, Nazio Batuen Agenda 2030ek sustatzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuen ikur nagusiak. Eusko Jaurlaritzak laugarren urtez jarrian ematen duen saria 20.000 eurokoa da eta film luzearen ekoizle nagusiarentzako da.
Carolina Yuste aktore eta zuzendariak, Harkaitz Cano idazleak eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariak osatu dute epaimahaia. Sari-banaketa gaur arratsaldean izan da Tabakalerako Prisman. Bertan izan dira Saja Kilani eta Motaz Malhees film irabazlearen aktoreak, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendaria eta Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.
"Artea ere premiatik sortzen delako, eta izuak bere isiltasun paralizatzailea inposatzeko hitzak lapurtzen dizkigula dirudienean, The Voice of Hind Rajab-ek beldurraren eta blokeoaren alternatiba bat erakusten digu, jardutera eta alde egitera behartuz, eta horixe bera egiten duen giza talde bikain bat erakusten digu ", dio epaimahaiaren aktak.
Israelgo armadak haur palestinar baten hilketa kontatzen duen filmeko protagonistek ohoretzat jo dute saria. "Inoiz ez dugu Europako herrialde batekin hainbesteko loturarik sentitu, oso garrantzitsua da guretzat. The Voice of Hind Rajab-ekin artea aktibismo bihurtzen saiatu gara. Espero dut zuen laguntzaz ahalik eta begi askotara iristea. Zuen ahotsak oihartzuna izan daitezela gure neska-mutilentzat", adierazi dute Kilanik eta Malheesek.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Ibone Bengoetxeak Palestinako genozidioa gaitzetsi du, eta berehalako su-etena eskatu du. “Zinemak kontzientziak piztu, eztabaidak ireki eta bestela ezinezkoak izango ziren aldaketak bultzatzen dituela” ere esan du. "The Voice of Hind Rajab-ek erakusten du indarkeria isilarazteko erabiltzen dutenean ahots kolektibo bihur daitekeela zinema. Ikusi nahi ez duguna ikustera behartzen gaitu eta parte hartzera gonbidatzen gaitu. Hori da zinemaren handitasuna, basakeriaren bihotzean gizakiago egiten gaituena ", esan du.
Perlak sailean dagoen The Voice of Hind Rajab filma gailendu da Agenda 2030 Euskadi Basque Country sarirako lehiatzen ziren beste zazpi filmen gainetik: Maspalomas (Sail Ofiziala), Belén (Sail Ofiziala), Jianyu laide mama / Her Heart Beats in Its Cage (Sail Ofiziala), Nuestra tierra / Landmarks (Horizontes Latinos), Bajo las banderas, el sol / Under the Flags, the Sun (Zabaltegi-Tabakalera), Ciudad sin sueño / Sleepless City (Perlak) eta It Was Just an Accident / Un Simple Accident (Perlak).
2024ko urtarrilaren 29a. Ilargi Erdi Gorriko boluntarioak larrialdi-dei bat jaso dute. 6 urteko neskato bat auto batean harrapatuta dago Gazan, erreguka, erreskata dezaten. Telefonoan mantentzen saiatzen diren bitartean, anbulantzia bat bidaltzeko ahalegin oro egingo dute. Hind Rajab zen neskatoaren izena.