"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemira saria Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteak ematen duten ohorezko saria da eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Aurten, Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak omenduko dituzte Euskal Zinemaren galan.
Telmo Esnalek eta Asier Altunak elkarrekin hasi zuten zinema ibilbidea Txotx eta 40 ezetz film laburrekin. 2005ean elkarrekin zuzendu zuten lehen film luzea, Aupa Etxebeste!, zeinaren 20. urteurrenaren harira jasoko duten aurten Zinemira Saria. Komedia honek Zinemaldiko Gazteriaren Saria eta Goya sarietarako zuzendari berri onenaren izendapena balio izan zizkion bikote gipuzkoarrari. Pelikula mugarri bihurtu zen euskarazko zineman. Geroztik, Esnalek eta Altunak titulu gehiagotan kolaboratu dute, hala nola, Iraila, Kalebegiak lan kolektiboaren film laburrean, eta haien debutaren sekuelan, Agur, Etxebeste! film luzean.
Bakarka, Esnalek honako lan hauek zuzendu ditu: Urte berri on, amona! komedia, dantza tradizionalen bidez euskal gizartearen erretratu poetikoa egiten duen Dantza eta existentziari buruz hausnartzen duen Urtzen, baita Dantza urratsak serie dokumentala ere. Altunak, bestalde, bat-bateko ahozkotasunean barrena bidaia egiten duen Bertsolari; bizitza ulertzeko bi moduren arteko gatazka islatzen duen eta Irizar Saria eskuratu zuen Amama; euskal gastronomiaren eboluzioa kontatzen duen Arzak since 1897 eta Cristina Iglesias eskultorearen obra esploratzen duen Hondalea zuzendu ditu. Zinemaldiaren aurtengo edizioan ere parte hartuko du Altunak, Karmele aurkeztuko baitu Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan, lehiaz kanpo.