Kursaaleko argiak gaur gauean piztuko dituzte berriro, Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioari hasiera emateko.
Inaugurazio gala gaur 20:30ean hasiko da, eta bederatzi egunez Donostia nazioarteko zinemaren epizentro bihurtuko duen lehiaketari hasiera emango dio. Urtero bezala, zeremoniak emozioa, ikuskizuna eta edizio hau markatuko duen izpirituari lehen begirada uztartuko ditu. Sail Ofiziala 27 noches / 27 Nights filmaren munduko estreinaldiarekin irekiko da. Daniel Hendler da filmaren zuzendaria eta protagonista. Filmak Martha Hoffmanen istorioa kontatzen digu: Martha Hoffman mezenas xelebre eta diruduna da, eta alabek psikiatriko batean barneratuko dute. Casares perituak aztertu egin beharko du amaren dirutza kontrolatzeko plana ote den ala, aitzitik, Marthak bere segurtasuna edo familiarena arriskuan jartzen duen dementziaren bat ote duen.
Esther Garciari omenaldia egingo diote gaur gauean Kursaalen, eta Donostia Saria jasoko du, Espainiako zinemarentzat giltzarri izan den ibilbidea aitortzeko. Ia ehun tituluren ekoizlea eta hainbat Goya sariren irabazlea, bere lana zinemagileen belaunaldien arteko zubia izan da, eta gaur egun imajinario kolektiboaren parte diren film askoren atzean sostengu ikusezina bana ezinbestekoa.
Eszenatokian, Silvia Abril, Toni Acosta eta Itziar Ituñok gidatuko dute gala, dinamismoa, konplizitatea eta publikoarekiko hurbiltasuna ziurtatuko digun hirukotea. Entseguan, eszenatokiak inposatu egiten zituela aitortu zuten zeremonietako hiru maisuek. “Ez al zineten Kursaalen egon?”, galdetzen zuen Silvia Abrilek, bere kideen barreen artean. Gaurgo galan umorerik egingo ez zutela esan zuten, “komedia ez baita nominatzen”, txantxetan. “Zinemaldiari kortxoa kenduko diogu!”, zioen Abrilek pozez gainezka. Inaugurazio-ekitaldian, FIPRESCI Sari Nagusia ere emango da eta Epaimahai Ofiziala aurkeztuko da 27 noches emanaldiaren aurretik.
Bigarren urtez jarraian, zeremoniaren zuzendaritza eta gidoia El Terrat (The Mediapro Studio) taldearen esku egon dira, eta Zinemaldiaren irekiera eta amaiera ekitaldian ere izango dira. Ohi bezala, ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da TVEren La 2, RTVE Play, ETB1, eitb.eus eta Zinemaldiaren webgune ofizialaren bidez.
Zeremoniaz harago, etorriko denaren lehen erretratua ere bada inaugurazio gala: barrura begiratzen duen zinemaren aldeko apustua, galderak sortzen dituena, egunerokotasunean pitzadurak irekitzen dituena. Aurreko urteetan, inaugurazio-filmak edizio oso baten tonua markatu du, batzuetan nahi gabe. Ekitaldia, edizio honi aurpegiak jartzeko unea ere izango da, txalotzeko eserlekutik nor altxatzen den ikusteko, nor hunkitzen den besaulkian, nor igotzen den eszenatokira begirada dardarati samarrarekin edo nor ibiltzen den alfonbra gorrian; aurten, estatuko eta nazioarteko zinema panoramako izen handiak erakarriko baititu Zinamaldiak. Gaur, oroimenerako gaua da, urte osoan pantaila handiarekin topo egiteko zain dagoen hiriarentzat, zinema arte gisa ez ezik, gertakari gisa ere bizi dutenentzat. Gaur, argiak itzali eta proiekzioa hasten denean, dagoeneko barruan gaudela jakingo dugu: Zinemaldiaren 73. edizioa hasi da!
Iratxe Martínez