"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Milaka haurrek Hayao Miyazaki japoniar maisuaren Totoro auzokidea filmaren emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren barnean. Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatutako saio jendetsuak basoko misterioetan barneratuko dira aurten, bertako biztanleek osatzen duten ekosistema liluragarria ezagutarazteko ikasle gazteei, naturan oreka ekologikoa eta biodibertsitatea babestea zein garrantzitsua den azpimarratuz.
Totoro auzokidea pelikulak landa-etxe batera joan eta izaki magikoak aurkituko dituzten bi neskaren arteko harremana kontatzen digu. Filma euskarara bikoiztuta emango da, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Izan ere, 2023an bere ibilbide osoagatik Donostia Saria jaso zuen Hayao Miyazaki filmeko zuzendaria, animaziozko zinemaren munduko maisu nagusietako bat da.
Totoro auzokidea filmaren emanaldiarekin batera aurkezpen original bat egingo da, hainbat ezusteko ere izango dituena. Basoaren bihotzera bidaiatuko dugu zuhaitzak, onddoak eta organismo ñimiñoak elkarrekin nola bizi diren eta elkarri nola laguntzen dioten des- kubritzeko. Mikromundu sinbiotiko horien eta lurpeko komunikazio-sareen aurkikuntzak basoa ia batere esploratu gabeko ekosistema gisa hautematera eramango gaitu.
Aurtengo ediziora gonbidatutako zientzialaria Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko Baso Zientzien departamentuko Nahia Gartzia Bengoetxea biologo ondarrutarra izango da. Eguneroko lanean, baso-lurzoruak eta horiek giza jarduerekin eta ingurunearekin duten lotura analizatzen ditu, jasangarritasunerako eta klima-aldaketarekiko erresilientziarako baso-praktika berriak sortzea izanik azken xedea. Biologian lizentziaduna eta Zientzietan doktorea EHUn.
S.B.