"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Koldo Almandozek Zeru ahoak lanarekin jarraipena eman dio Hondar ahoak telesailaren unibertsoari. Izan ere, bost urtera heldu da Nerea Garcia (Nagore Aranburu) ertzain ohiaren kasu berria. “Lehen seriea amaitu genuenean, bagenuen ideia bat eta argumentu bat pertsonaia nagusiarekin jarraitzeko. Hasiera-hasieratik ikusi genuen protagonistak askoz gehiago eman zezakeela”. Nolanahi ere, emanaldi berri hau aurrekoarekiko oso diferentea dela ziurtatu du: “Argi genuen ez genuela serie bera egin nahi. Aurrekoa baino hiritarragoa eta ilunagoa izatea nahi nuen, horregatik aukeratu genuen Bilbo”, azaldu du Almandozek.
Zeru ahoak berezko nortasuna eta estetika dituen lau kapituluko telesaila da: “Genero beltzaren maitale gisa, beti ulertu izan dut ikusleak, alde batetik, generoak berezkoak dituen espektatibak betetzea bilatzen duela, eta, bestetik, beste lan batzuetatik bereiziko duen zerbait berri eta originala eskaintzea. Nire ekarpena zentzu horretan pertsonaiak izan dira, horiek eramaten dute ikuslea eskutik alde batetik bestera. Hiltzaileen istorioak eragile modukoak dira trama mugiarazteko, baina pertsonaien arteko harremanak, elkarrizketak eta abar dira benetan funtsezkoak”, ziurtatu du.
Prentsaurrekoan Nagore Aranburu, Sara Cozar eta Joxean Bengoetxea aktore ‘errepikatzaileak’ eta Miren Gaztañaga ‘fitxaketa’ berria egon dira. “Interpretatu ditudan pertsonaien artean, hau da nire gogokoenetako bat”, ziurtatu du Aranburuk; eta “bilakaera nabarmena” izan duela uste du, orain “hura sakonago ezagutzeko aukera dugu”.
Telesailak jarraipenik izan dezakeen galdetuta, Almandozek ez du ezezkorik esan, alabaina, “ikus-entzunezkoak oso une positiboa bizi duen arren, ez dakigu urte bat edo bi barru egoerak berdin jarraituko duen”. Marian Fernández ekoizleak, aldiz, jarrera baikorragoa agertzen du: “nik behintzat ez dut protagonista hiltzen ikusi”.
Sergio Basurko