"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Alberto Iglesias (Hable con ella, La piel que habito, Madres paralelas) eta Alexandre Desplat (The Grand Budapest Hotel, The Shape of Water, The King’s Speech) elkartuko dira zinemako ibilbideaz eta beren partiturei forma ematen dien sormen-prozesuaz hitz egiteko. Elkarrizketa honek aukera emango du zinemarako musika nola ulertzen duten, eta nola lagundu dieten azken hamarkadetako film gogoangarrienetako batzuei bere konposizioekin gertutik ezagutzeko. Hizketaldia Paula Olaz konpositoreak moderatuko du.
Paula Olaz (Iruñea, 1989) konpositore nafarrak zinema, telebista, antzerki, dantza eta bideo-jokoetarako soinu-bandan egiten du lan, sormen artistikoa eta ikerketa zientifikoa uztartzeagatik aitortua. Berklee College of Music-en cum laude graduatua eta neuropsikologian trebatua, 20 film luze baino gehiagotan parte hartu du —hala nola Raqa, El bus de la vida, Verano en rojo edo Las Buenas Compañías— eta baita telesailetan ere, besteak beste El Clan Olimpia (Disney+) eta La Frontera (Amazon Prime). 2017tik Pascal Gaigneren kolaboratzaile ohikoa da, Lorca Sariaren irabazlea izan da Jatorrizko Soinu Bandarik Onenagatik, eta hainbat Goya izendapen jaso ditu. Bere musika Euskadiko Orkestra Sinfonikoak jo du, eta 2025ean Navarra suena de cine izeneko kontzertu monografikoa egingo da. Datuen sonifikazioan aitzindaria, ESA, CERN eta HEAD erakundeekin proiektuak garatu ditu, eta ibilbide artistikoa dibulgazio zientifiko eta irakaskuntzarekin uztartzen du. United Love Movement mugimenduaren sortzailekidea eta Lux Aeterna bezalako obra koralen egilea, gaur egun musika-terapiako masterra egiten ari da ArtEZ Unibertsitatean, musikaren ahalmen eraldatzailea eta terapeutikoa aztertuz.
Alberto Iglesias, Donostian jaioa, Espainiako zinema-konpositore ospetsuen eta nazioartean aitortuenetako bat da. Hiru hamarkadatik gorako ibilbidearekin, berrogei film luze baino gehiagoren musika sortu du eta Pedro Almodóvar, Icíar Bollaín, Julio Médem, Isabel Coixet, Oliver Stone edo Ridley Scott bezalako zuzendariekin lan egin du.
Pedro Almodóvarrekin izan duen lankidetza estuak partitura enblematikoak ekarri ditu, hala nola Hable con ella, Volver edo Madres paralelas. Hamabi Goya sari jaso ditu, Canneseko Zinemaldiko Banda Sonoraren Saria (Dolor y gloria, 2019), hainbat Europako Zinema Sari, bi World Soundtrack Awards, eta lau aldiz Oscar sarietarako izendatua izan da.
Orkestrazioen sakontasun emozionalagatik eta sofistikazioagatik aitortua, Iglesias zinema garaikidean ahots artistiko paregabe gisa sendotu da.
Alexandre Desplat, konpositore ospetsua eta zinemazale handia, nortasun musikal berezia sortu du, pelikula bakoitzari tonu berezia emanez eta pertsonaien emozio ikusezinak agerian utziz. Oparoa eta askotarikoa, zinemarako, antzerkirako, baletarako, ganbera-muzikarako eta kontzertuetarako konposatzen du, orkestrazio sofistikatuengatik eta bere prestakuntza klasikotik eta kultura-nahasketatik jasotako aberastasunarengatik nabarmenduz. Terrence Malick, Greta Gerwig, Wes Anderson, Kathryn Bigelow, Guillermo del Toro eta David Fincher bezalako zinemagileekin lan egin du, beste askoren artean. Biolin-jotzaile Dominique “Solrey” Lemonnier-ekin egindako lankidetzak hari-instrumentuen erabilera berri bat markatu du zinema-musikan. Bi Oscar, bi Urrezko Globo, bi Grammy, hiru BAFTA eta hiru César sarirekin, Desplat nazioarteko eszenako konpositore sarituen eta miretsienetako bat da.