"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Juan Antonio Bayona (Bartzelona, Espainia) El orfanato filmarekin (Made in Spain, 2007; Cannesko Semaine de la Critique atalean estreinatua) hasi zen zinema-zuzendari gisa. Filmak zazpi Goya sari irabazi zituen, zuzendaritza berri onenarena barne.
Bere bigarren film luzeak, –Lo imposible (2012) izenekoak–, lehiaz kanpo hartu zuen parte Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, bost Goya sari irabazteaz gain (hala nola zuzendari onenarena), eta emakumezko aktore protagonista onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Naomi Watts bertan egindako lanagatik.
2013an, Zinematografiako Sari Nazionala eman zioten, artean saria jaso zuen zinemagile gazteena izanik.
2016an Donostiako Sail Ofizialera itzuli zen, A Monster Calls (Un monstruo viene a verme) lehiaz kanpo aurkezteko. Bederatzi Goya eskuratu zituen, hala nola zuzendari onenarena.
2018an, Steven Spielbergek Jurassic World: Fallen Kingdom filma zuzentzeko aukeratu zuen Bayona, eta 2023an, berriz, Venezian estreinatu zuen, lehiaz kanpo, La sociedad de la nieve (Perlak). Hamabi Goya sari eta Oscarretarako bi izendapen lortu zituen, nazioarteko film onenarena barne, eta Publikoaren Saria irabazi zuen Donostian. Estreinatu zenetik, Netflixen historiako film ikusienetako bat da.