"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Tokiko komunikabide batzuetan lanean hasi ostean, Urtzi Urkizu (Lezo, Gipuzkoa) Euskaldunon Egunkarian kazetari-lanak egin zituen 1999tik 2003ko otsailera. Berria egunkariaren sorreran parte hartu zuen, eta 2003tik gaur arte bertan aritu da lanean. Bereziki ikus-entzunezkoen eta komunikabideen inguruan idazten du. Igandero Pantailen artetik analisi eta kritikarako tartea ere idazten du. Kolaborazioak egin ditu euskarazko hainbat komunikabidetan.
Donostia Zinemaldian urte luzez aritu da kritikak eta zutabeak idazten. 2012-2020 urteetan, Zurriolako butaka telebista-saioko koordinatzailea eta gidoilaria izan zen Donostia Zinemaldiko egunetan.
Bi dokumental zuzendu ditu: No Excuse (2006) eta Euskaldunon Goya (2016).
Hiru liburu idatzi ditu: Beta (autoedizioa, 2007), Kezka bat gutxiago (Maiatz, 2012) eta Txoria hodei artean: ETB lehen eta gero (Berria, Elkar, Jakin, 2024) . Azken hori Euskal Telebistaren inguruko kazetaritza-saiakera bat da. Beste kazetaritza-liburu bat idazten ari da.
2025ean Europako Midas kazetaritza-saria jaso du, hizkuntza gutxituetako komunikabideen inguruan idatzitako elkarrizketa eta artikuluengatik.