"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Aia Kruse (Donostia), aktorea eta zinemagilea da. Arte eszenikoetan trebatu zen TAI Unibertsitatean eta zuzendaritza eszenikoan Cuarta Pareden, zinema ikasteaz gain New Yorkeko Mono No Awaren. Gainera, Andoni de Carlos eta Michel Gaztanbiderekin gidoigintza-ikasketak ere egin zituen Larrotxenen.
Aktore gisa, Zorion Perfektua filmeko (Jabi Elortegi, Zabaltegi-Tabakalera, 2009) protagonista izan da, eta beste hainbat pelikulatan ere parte hartu du, hala nola hauetan: Handia (Aitor Arregi, Jon Garaño, 2017), Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria Donostian, eta hamar Goya sariren irabazlea; Ane (David Pérez Sañudo, New Directors, 2020), Irizar Saria eta Euskal Gidoi Onenaren Saria Donostian, baita 3 Goya sari ere; Nora (Lara Izagirre, Zinemira, 2020); eta Faisaien Irla (Asier Urbieta, 2024), aurten Zinemiran emango dena. Velvet, La línea invisible eta Altsasu sailetan ere lan egin du.
Lux Bona dokumentala zuzendu du, FIVER Bideodantzako Nazioarteko Jaialdian aukeratua, baita Loiala, Ezin –Márgenes Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatua– eta Dichoso –NotodoFilmFesten 30"sariaren irabazlea– film laburrak ere.