"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Tatiana Leite (Rio de Janeiro, Brasil) zinema-programatzaile gisa aritu zen 12 urtez, eta, ondoren, Bubbles Project ekoiztetxea sortu zuen 2012an, bereziki nazioarteko koprodukzioetan eta egile-zineman oinarrituta. Haren bidez, 14 film luze ekoitzi edo koproduzitu ditu, mundu osoko jaialdietan eman eta saritu direnak.
Horien adibide dira Benzinho / Loveling (Gustavo Pizzi, 2018), Sundancen lehiatua; Familia sumergida (María Alché, 2018), Donostia Zinemaldian Horizontes Sariaren irabazlea; Regra 34 / Rule 34 (Julia Murat, 2022), Locarnon Urrezko Lehoinabarra jaso zuena; eta Puan (María Alché eta Benjamín Naishtat, 2023), gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria eta interpretaziorik onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zituena Donostian.
Leiteren azken lanei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: Malu (Pedro Freire, 2024), Sundancen lehiatu zena eta, besteak beste, Kairoko Jaialdian lehen lan onenaren eta emakumezko aktore onenaren sariak jaso zituena; eta O Riso e a Faca / I Only Rest in the Storm (Pedro Pinho, 2025), Cannesko Un Certain Regard atalean interpretaziorik onenaren saria irabazi zuena (Cleo Diára).
Berlinale Talents, Rotterdam Lab, EAVE-Puentes, First Cut Lab eta La Fémis Creative Lab ekimenetan lagundu izan du aditu gisa. BRLab, Locarno Open Doors eta Full Circle Lab programetako tutorea da. Aurten EAVEren Latinoamerikako koordinatzaile nazional izendatu dute eta iaz Hollywoodeko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiako kide bihurtu zen.