"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Marco Müller (Erroma) zinema- ekoizle eta -ikertzailea da. Gaur egun, Shanghaiko Unibertsitateko Arte Zinematografikoen Ikerketa Zentroko zuzendaria da, baita irakasle ospetsua ere Shanghaiko Zinema Akademian.
Europako zinema-jaialdi garrantzitsuetako zuzendaria izan da, besteak beste, Pesaro (1982- 1989), Rotterdam (1990-1991), Locarno (1992-2000), Venezia (2004-2011) eta Erroma (2012-2014). Txinan, Beijingo Nazioarteko Zinema-jaialdiko programatzaile nagusia izan da, baita Fuzhouko Zetaren Ibilbideko Zinema-jaialdiko programazio-zuzendaria ere (2015). Macauko Nazioarteko Zinema-jaialdia (2016), Pingyaoko Zinema-jaialdia (2017-2020) eta Macauko Asia-Europa Gazte Zinemaren Jaialdia (2024) ere hasi eta zuzendu ditu. Gainera, Hainango Nazioarteko Zinema-jaialdiko zuzendari artistikoa izan zen (2022).
Müllerrek funtsezko ekimenak ere sortu ditu, hala nola Hubert Bals Fund eta CineMart (Herbehereak), Montecinemaverità Film Fund (Suitza) eta South/East Cinema Fund (Italia), gorabidean dauden eskualdeetan zinema independentea babesten dutenak.
Ekoizle gisa, nazioarteko zinema-jaialdietan eta egile-zinemaren zirkuituan arrastoa utzi duten filmak babestu ditu Müllerrek. Hona hemen ekoitzi edo koproduzitu dituen film sarituetako zenbaitzuk: Seventeen Years (Zhang Yuan, 1999), Zilarrezko Lehoia Venezian; Blackboards (Samira Makhmalbaf, 2000), Epaimahaiaren Saria Cannesen; No Man's Land (Danis Tanoviere, 2001), gidoi onenaren saria Cannesen eta ingelesez besteko film onenaren Oscarra; eta Sud pralad / Tropical Malady (Apichatpong Weerasethakul, 2004), berriz ere Cannesen Epaimahaiaren Saria irabazi zuena.
Hogei liburu baino gehiago idatzi edo argitaratu ditu zinema europar, txinatar, japoniar, indiar eta asiar, errusiar eta sobietarrari buruz.