"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Victoria Eugenia antzokia euskal zinemaren kabia bilakatu zen bart Euskal Zineramen Gala Handiaren gauean. Sara Cozar eta Joseba Apaolaza izan ziren gaua gidatzeko ardura izan zutenak, ospakizun eta aldarriz betetako gauean, eta zero kilometroko zinema aldarrikatzeko oihua ozen zabaldu zuten.
Hitzordu berezia izan da aurtengoa, euskal zinemarentzat urte oparoa izan baita eta horren erakusle ditugu Zinemaldiko datuak, euskal ekoizpen gehien aurkeztu diren urtea baita, errekor guztiak hautsita: hogeita hemezortzi euskal ekoizpen guztira eta euskarazko hiru film Sail Ofizialean.
Euskal zinemari omenaldi bat eskaintzeko antolatutako gauean euskal zinemaren sektorea eta bertan lan egiten duten profesionalak jarri nahi izan zituen erdigunean Unai Iparragirre ETBko zuzendariak. “Euskal telebistak ez du izan inoiz aurten Zinemaldian izan duen presentzia eta pisua, bai euskal ekoizpenek baita euskaraz egindako ekoizpenek dutena. Hori ondo egindako lanaren seinale da”. Horrez gain, eskerrak eman nahi izan zizkion sektoreari, bidelagun izaten jarraitzeko nahia adieraziz. “Zuek egindako lanaren fruituaren bidez gure herria eta gure ohiturak, gure errealitatearen enbaxadore bilakatzen dira eta hori amankomunean dugu euskal zinemak eta ETBk. Gurea zabaltzea”.
Euskal zinemaren bihotzera jo eta sektorearen alor ezberdinetan fokua jarrita sariak banatu zituzten. Gidoi Elkarteak SGAErekin batera Euskal Herriko Gidoigile Onenaren Saria eman zioten Borja Cobeaga gidoilari eta zuzendariari Los aitas filmaren gidoiagatik. Horrez gain, kamera atzetik aurrerako jauzia emanez, aitortza handiagoa merezi duen aktore baten lana balioan jartzen duen EAE Bultzada Saria Miren Gaztañaga aktoreak jaso zuen.
Filmak egiteko bideaz haratago zabalkundea bereziki garrantzitsua dela azpimarratuz, EZAE Saria La infiltrada Arantxa Echevarriaren filmarentzat izan zen, arrakasta handiena izan duen euskal produkzioa izateagatik.
Filmak egitea, zabaltzea eta etorkizuna bermatzea, garrantzi berdina duten hiru zutabe dira. Eta hori horrela izanda, euskal zinemaren etorkizuna bermatu eta sortzaile berriei babesa ematea ezinbesteko eginkizuna bilakatzen da. Euskal zinemagile berriei ahotsa eta aukerak emateko asmoz Egile berriak saria zinemagile ausart bati eman zioten; zehazki, Jone, batzuetan lehen luzemetraiarekin egindako proposamenagatik Sara Fantova zuzendariak jaso zuen aitortza.
Gaua borobiltzeko, azken sariaren unea ailegatu zen, Zinemira Saria ibilbide aparta duten bi zuzendariri emanez, zehazki, Asier Altuna eta Telmo Esnali. Aupa Etxebeste! filmak suposatu zuen aldaketagatik ezik, euskal zinema Euskal Herritik egiteko aukera dagoela mahai gainean jartzeagatik. “Pozgarria da ikustea nola gauden orain, hainbeste produkziorekin, tekniko pila bat lanean… Toki interesgarria bilakatu dugu zinema egiteko”.
Naia Arantzamendi