Zinemira saria Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteak ematen duten ohorezko saria da eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Orain arte, Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), José María Txepe Larak (2019), Sara Bilbatuak (2020), Kimuak programak (2021), Txema Areizagak (2022), Paco Sagarzazuk (2023) eta Elena Iruretak (2024) jaso dute. Aurten, Zinemaldiak eta EPE-IBAIAk Telmo Esnal eta Asier Altuna zinemagileak omenduko dituzte Victoria Eugenia antzokian irailaren 23an egingo den Euskal Zinemaren Gala Handian.
Telmo Esnalek (Zarautz, 1966) eta Asier Altunak (Bergara, 1969) elkarrekin hasi zuten ibilbide zinematografikoa, Txotx (1997) eta 40 ezetz (1999) film laburrekin. 2005ean elkarrekin zuzendu zuten lehen film luzea, Aupa Etxebeste! (New Directors, 2005), zeinaren 20. urteurrenaren harira jasoko duten aurten Zinemira Saria. Komedia honek Donostia Zinemaldiko Gazteriaren Saria eta Goya sarietarako zuzendari berri onenaren izendapena balio izan zizkion tandem gipuzkoarrari. Pelikula mugarri bihurtu zen euskarazko zineman, lortutako arrakastak ikusgarritasuna eta zilegitasuna eman baitzizkien euskaraz egindako ekoizpenei. Ordutik hona ekoizpen indartsu eta jarraitua normalizatu da, hala Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eta bestelako ataletan nola zirkuitu komertzialetan. Geroztik, Esnalek eta Altunak film gehiagotan kolaboratu dute, hala nola, Urte berri on, amona! (New Directors, 2011) filmaren gidoian; Iraila, Kalebegiak (Belodromoa, 2016) lan kolektiboaren film laburrean, eta haien lehen film luzearen sekuelan, Agur, Etxebeste! (Euskal Zinemaren Gala, 2019).
Bakarka, elkarrekin duten komediarako joera hori alde batera utzi izan dute biek. Esnalek dantza tradizionalen bidez euskal gizartearen erretratu poetikoa egiten duen Dantza (Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak lehiaz kanpo, 2018) eta existentziari buruz hausnartzen duen Urtzen (Zinemira, 2020) zuzendu ditu, besteak beste. Altunak, bestalde, beste lan batzuren artean, bat-bateko poesian barrena bidaia egiten duen Bertsolari (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2011), bizitza ulertzeko bi moduren arteko gatazka islatzen duen eta Irizar Saria eskuratu zuen Amama (Sail Ofiziala, 2015), euskal gastronomiaren eboluzioa kontatzen duen ARZAK since 1897 (Culinary Zinema, 2020) eta Cristina Iglesias eskultorearen obra esploratzen duen Hondalea (Euskal Zinemaren Gala, 2021) zuzendu ditu. Zinemaldiaren aurtengo edizioan ere parte hartuko du Altunak, Karmele aurkeztuko baitu Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan, lehiaz kanpo.
EITBko Brinkola (2009) seriea ere zuzendu zuten Esnalek eta Altunak, eta beraien ibilbidean, elkarlanean edo bakoitzak bere aldetik, film labur ugari sinatu dituzte. Horietako asko Kimuak katalogoan programatu ziren: Topeka (2004), Sarean (2005),Taxi? (2007), Setioa (2007), Amona putz! (2009), Artalde (2011), Hamaiketakoa (2012), Zela trovke (Cortando hierba, 2013) y Soroa (2014).