"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Contemporánea fundazioaren Kulturaren Behatokiak Espainiako kulturaren 2025eko egoerari buruz egin duen azterketaren emaitzak jakinarazi ditu. Donostia 2025eko hirugarren kultura-ekitaldi garrantzitsuena da aurten ere, Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionalaren eta Prado Museoaren atzetik besterik ez. Azken horiek posizioak trukatu dituzte.
Ikerketaren edukia Kantabriako Jaialdien Jauregian egindako ekitaldi batean aurkeztu da. Ekitaldi horretan, Espainiako eta erkidego bakoitzeko urteko proiektu onenen arduradunei kultur-intsignia eman zaie, besteak beste, Donostiako Zinemaldiari. Honen zuzendaria, José Luis Rebordinos, ekitaldian izan da. Donostia Zinemaldiak lehen postuan jarraitzen du Euskadiko "kultura-intsignia" gisa, eta erkidego honetako profesionalen arabera "proposamenik nabarmenena" izatearen aitortza du.
Donostia Zinemaldia hirugarren postuan dago Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionala eta Prado Museoa buru dituen ranking-ean. Thyssen–Bornemisza Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, eta Madrilgo Errege Antzokia laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan daude, hurrenez hurren.
Halaber, Euskadi "bere eskaintza kulturalaren kalitate eta berrikuntzagatik" gehien baloratzen den hirugarren erkidegoa da, Madril eta Kataluniaren atzetik. Arlo honetan, Donostia zazpigarren hiri baloratuena da, eta 300.000 biztanle baino gutxiago dituen hirien artean lehena.
Sektorearen pultsua hartzeko, joerak aztertzeko, eztabaida sustatzeko eta gabeziak eta aukerak identifikatzeko tresna da Kulturaren Behatokia. 2009tik urtero egiten du kontsulta, urteko erakunde eta kultur ekitaldi nabarmenenak antzemateko. Azken galdetegi honetan 443 pertsonak hartu dute parte. Horietatik % 46,3 kultura-erakunde publiko batean ari dira lanean, % 36,8 kultura-erakunde pribatu batean, eta % 16,9 sektoreko profesional independenteak dira.






