Donostia Zinemaldiak Zinemaldia Startup Challenge lehiaketaren zortzigarren deialdia ireki du. Estatuko eta Europako ekintzaileei eta startupei zuzendutako lehiaketa da, eta ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak txertatzen dituzten proiektuak biltzen ditu. Izena emateko epea ekainaren 5ean amaituko da.
Ekimena Zinemaldia & Technology ekitaldiaren esparruan kokatuta dago. Zinemaldiaren apustu estrategikoa da Zinemaldia & Technology, eta teknologiari eta ikus-entzunezkoen industriari buruz hausnartzeko eta bi sektoreen arteko harremanak estutzeko gune gisa kokatzeko jomuga du. 'Spanish Screenings: Financing & Tech' ekimenaren jardueretako bat da.
Zinemaldia Startup Challenge ekimenaren lehiaketa horietara aurkezteko, proiektuek hainbat baldintza bete behar dituzte: ekintzaile batetik edo duela gutxi sortutako –hots, 2020ko abenduaren 31ren ondoren eratutako– startup batetik abiatzea, zer garapen-fasetan dagoen alde batera utzita; ikus-entzunezkoen arloan teknologia berriak aplikatzean oinarrituta egotea; egoitza fiskala Espainian edo Europako beste herrialderen batean izatea; eta enpresa-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan abian jartzeko aukera kontuan hartzea.
Hautatutako proiektuak irailaren 24an Donostia Zinemaldian garatuko den Zinemaldia & Technology jardunaldian aurkeztuko dira. Jardunaldi horretan, sektoreko profesional garrantzitsuen arteko hitzaldi bat ere antolatuko da, gaurkotasuna duten gaiei buruzkoa. Gainera, hautatutako proiektuek balizko bazkideekin biltzeko aukera izango dute.
Ikus-entzunezko, teknologiko eta enpresarial arloetako profesionalek osatutako aditu-batzorde batek ebaluatuko ditu aurkeztutako proiektuak, eta 10 proiektu finalista hautatuko ditu: Europar esparruan lehiatzeko 5 proiektu, eta estatu-esparruan lehiatzeko beste 5.
Bi epaimahaik 10.000 euroko bi sari emango dituzte Europako eta Estatuko proiekturik onenarentzat. Bestalde, hirugarren epaimahai batek 3.000 euroko aipamen berezia emango du, hautatutako hamar proiektuetako baten ekintzailetzarekin lotutako balioak aitortzeko.
Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia da; Donostia Zinemaldiak honako hauekin lankidetzan antolatzen du: TECNALIA, ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza) eta Vicomtech.
Kultura Ministerioak, Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua (ICAA)-ren bitartez, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak, ICEX-ek, Malagako zinema-jaialdiak eta Donostia Zinemaldiak parte hartzen dute Spanish Screenings: Financing & Tech-en ekimenean.
Ekimen honetako beste parte-hartzaileen esperientziei buruzko informazio gehiago ezagutu nahi izanez gero, kontsultatu hemen.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: EKAINAK 5
startupchallenge@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481 217
www.sansebastianfestival.com
ZINEMALDIA & TECHNOLOGY



Industria Saila ondorengoen babesarekin
