Nest sailak —Donostia Zinemaldiaren zinema-ikasleen film laburren lehiazko saila— asteartean, ekainak 2, irekiko du izena emateko epea. Topaketaren hogeita bosgarren edizioa irailaren 21etik 25era bitartean egingo da, eta haren helburua izango da mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea. Hirurogeitik gora ikasle bilduko dira Donostian, eta aukera izango dute film laburren emanaldietan eta Hizketaldiak saileko saioetan parte hartzeko. Zinemari buruzko elkarrizketa sustatzeko sortu zen Zinemaldiko atala, hain zuzen, prestakuntzaren, sormenaren eta industriaren ikuspegitik.
Iazko edizioan hamalau film labur lehiatu ziren Nest sailean. Munduko 57 herrialdetako 220 eskolatako 473 lan aurkeztu ziren guztira.
Zinema-eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake, Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak, eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko.
Aukeratutako lan guztien artetik saria emango duen epaimahaia hautatutako eskoletako ikasleek osatuko dute, zinemako profesional bat buru dutela. Bada, Nest saria 10.000 euro gordinekoa izango da, eta irabazitako film laburraren zuzendariarentzat izango da.
Film laburrak online inskribatzeko aukera egongo da asteartetik aurrera (ekainaren 2a). Araudia eta Nest sailari buruzko bestelako informazioak ikusgai daude Zinemaldiaren webgune ofizialean. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2an amaituko da.

Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: UZTAILAK 2
Nest sailaren 2025eko edizioaren making of-a, Daniel Alegrete Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohiak eta Emilia Martínek egina.
Nest Donostia Zinemaldiko sailik garrantzitsuenetako bat da talentu berriak bultzatzeko estrategiaren barruan. 2002an sortu zenetik, barne hartu ditu 1.000 gazte zinemagile baino gehiago, baita industriako profesionalekin egindako 90 eskola magistral eta elkarrizketatik gora ere (besteak beste, Claire Denis, Gia Coppola, Jonás Trueba, José Luis Guerin, Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne eta Ruth Beckermann zinemagileekin). Guztia hasten den tokitzat hartuta, Nest sailak zinemagile askoren lanak erakutsi ditu, hala nola, zinemagile hauenak: Jaume Claret Muxart, Diego Céspedes, Raven Jackson, Leonardo van Dijl, Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev. Zinemagileok beren ondorengo lanak estreinatu dituzte bai Donostia Zinemaldian, bai nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan, hala nola Cannes, Sundance eta Venezian.