Albert Serrak emango dio hasiera Made in Spaini Seize moments de ma vie / Sixteen Moments of My Life obrarekin, eta Vanesa Benítezek, berriz, amaiera 200 vidas, Paco Rabal / 200 Lives, Paco Rabal ez-fikzioarekin; sailak 20 lan baino gehiago bilduko ditu. Hautatutako filmen artean hiru mundu-estreinaldi, bi estreinaldi Espainian eta hamar lehen lan egongo dira, Pedro Almodóvar, Isabel Coixet, Víctor García León eta Julia de Paz zinemagileen azken filmez gain, besteak beste.
Made in Spain sailak Europcar izango du aurten babesle, SGAE Fundazioaren kolaborazioaz gainera.
Urrezko Maskorra eta film dokumental onenaren Goya beretu ondoren Tardes de soledad / Afternoons of Solitude (2024) pelikularekin, Albert Serra (Banyoles, 1975) Zinemaldira itzuliko da Seize moments de ma vie / Sixteen Moments of My Life bere azken lanaren estreinaldiarekin Espainian. Ez-fikziozko film luzea, lehiaz kanpo estreinatuko dena Locarnoko zinema-jaialdian, Ingrid Caven aktore eta abeslari alemanaren bizitzarako hurbilketa bat da; protagonistak bere bizitzako 16 uneri buruz abesten du, Parisko Théâtre des Bouffes du Nord antzokian, kontzertu paregabe batean. Ohikoa Cannesko zinema-jaialdiko hainbat sailetan, Serrak beste edizio batzuetan ere erakutsi izan ditu bere lanak Made in Spain sailean, hala nola Honor de cavalleria (2006), El cant dels ocells (2008) eta Tourment sur les îles / Pacifiction (2022).
Sailari 200 vidas, Paco Rabal / 200 Lives, Paco Rabal filmaren mundu-estreinaldiarekin emango zaio amaiera. Vanesa Benítez zuzendari sevillarrak (Osuna, 1980) —abesti onenaren Goya sarirako izendatua egon zenak La vida chipén (2022) lanarekin— Rabalen omenezko ez-fikzio hau aurkeztuko digu; 1953an —Zinemaldiaren lehen adizioan— gizonezko aktore onenaren saria jaso zuen Rabalek, baita Donostia saria ere 2001ean. Super8 filmen eta Rabalen ahotsa duten kaseteen bidez, haren bidaia, errodaje eta jaialdien zeharreko ibilbide bat eskaintzen digu Benítezek.
Bárbara Lennie, Leonardo Sbaraglia eta Aitana Sánchez-Gijón dira Amarga Navidad / Bitter Christmas filmeko protagonistak nagusiak. Pedro Almodóvarren (Calzada de Calatrava, 1949) azken filma Cannesko zinema-jaialdiko lehiaketa ofizialean estreinatu zen, eta bi istorio txandakatzen ditu: bata, 2004koa, publizista batena; bestea, 2026koa, sormen-prozesu betean den gidoigile batena. Zinemagileak —Bi Oscar sariren irabazleak— Donostia Saria jaso zuen 2024an, Donostia Zinemaldiarekin oso estuki lotutako ibilbide zinematografikoa izateagatik. Almodóvarren lehen agerraldian Zinemaldian Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón (Errealizadore Berriak, 1980) eta Laberinto de pasiones (Sail Ofiziala, 1982) izan ziren, eta hauek aurkeztu zituen geroago Donostian: La flor de mi secreto (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 1995), Todo sobre mi madre (Made in Spain, 1999), Hable con ella (Made in Spain, 2002), La piel que habito (Made in Spain, 2011), Volver (Made in Spain, FIPRESCI Sari Nagusia, 2006) eta Dolor y gloria (Made in Spain, 2019).
Kotodama, el camino del espejo / Kotodama, The Way of the Mirror, bestalde, Eugenio Tardónen (Madril, 1979) eta Carla Cañellasen (Valentzia, 1982) lehen lana da zinemagile gisa; protagonistaren bidaia kontatzen digu istorioak: Done Jakue Bidearen eta Shikoku Henro bidearen artean, kotodama delakoa —hitzen espiritua— bilatzen du emakumeak, kaligrafia japoniarraren medioz. Tardónek argazkigintzako zuzendari gisa egin du lan luzaroan, nola fikziozko zineman hala ez-fikzioko lanetan. Bertan, Geometría del esplendor, Hijas de Cynisca eta Maquis, el silencio (coda) lanak dira azpimarratzekoak, besteak beste. Cañellas, bestalde, artista plastiko eta bisuala da, ekialdeko kaligrafiak interes handia pizten diona, eta Japoniari buruzko bere proiektuek eragina handia izan dute azken lan honetan, mundu-estreinaldi gisa ikusiko dena. Filmaz gainera, sortzaileek Kokoro no Michi: el sueño de Inari Kuko erakusketa aurkeztuko dute Chillida Leku Museoan, filmaren sorkuntza-prozesu beretik sortua izanik nortasun propioko obra gisa pentsatutako proposamen artistikoa. Donostia Zinemaldian bisitatu ahalko da erakusketa, irailaren 18tik 26ra. Zehazki, erromesaldia, paisaia, oroimena eta kotodama arakatzen dituzten bideoarte-, argazki- eta marrazketa-piezak biltzen ditu erakusketak, Eduardo Chillidaren obrarekin eta hark eskuaren gainean (pentsamendurako, keinurako eta munduaren ezagutzarako tresna gisa) egindako ikerkuntzarekin elkarrizketa bat ezarrita.

Cannesko Semaine de la critique ataletik igaro eta Révélationeko Prix Fondation Louis Roederer saria irabazi ondoren, Aina Clotet (Bartzelona, 1982) antzezle, zuzendari, gidoigile eta ekoizle kataluniarrak Viva / Alive erakutsiko digu Donostian, bere lehen film luzea zuzendari gisa. Bular-minbizia gainditu berri duen emakume baten istorioa kontatzen digu filmak; bete-betean bizitzeko premia larria sentitzen du protagonistak, heriotzari aurre ez egiteko. Clotetek zuzendutako lehen telesailean, Això no és Suècia izenekoan, protagonista ere bazen; Canneseriesen aintzatespena lortu zuen Clotetek, baita komediazko telesail onenaren Ondas saria ere.
Isabel Coixetek (Sant Adrià de Besòs, 1960) Tre ciotole / Three Goodbyes aurkeztuko du, Torontoko zinema-jaialdian estreinatu ondoren 2025ean; filmak zera kontatzen digu, bikote baten arteko eztabaida batek —itxuraz kaltegabeak— harremana nola ahultzen duen eta bikotekideen bizitzak nola iraultzen dituen. Coixetek —2020an Espainiako Zinematografia Saria jaso zuenak— sei Goya sari ditu. Beteranoa da Zinemaldian; Demasiado viejo para morir joven (New Directors, 1989) bere lehen filma aurkeztu zuenez geroztik, hainbatetan izan da Zinemaldian: Ayer no termina nunca (Made in Spain, 2013), The Bookshop (Made in Spain, 2018), Spain in a Day (TVE Emanaldiak, 2016), El sostre groc / El techo amarillo (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2022) eta Un amor (Sail Ofiziala, 2023).
Pioneras. Solo querían jugar / Another League, bestalde, Marta Díaz de Lope Díazen (Ronda, 1988) hirugarren film luzea da. Filmak —Málagako zinema-jaialdian Publikoaren Saria jaso zuenak— emakume talde baten eta kirol-sustatzaile ameslari baten istorioa erakusten digu; zehazki, frankismo-garaian indarrak batu eta gaur egunean Espainian emakumeek jokatutako futbola denaren funtsak ezarri zituzten. Málagako zinemagilea Zinemaldira itzuliko da, Mi querida cofradía (2018) aurkeztu ondoren, hura ere Made in Spain sailean.
Cristina Dizek (Bartzelona, 1983) eta Stefan Butzmühlen alemaniarrak (Pegnitz, 1982) Die gäste / The Guests aurkeztuko digute; Filmfest München jaialdiko CineCoPro atalean lehiatu ondoren, Espainian estreinatuko da bi zinemagileek elkarrekin zuzendutako bigarren film luzea. Bikote gazte baten drama kontatzen digute zinemagileek 70eko hamarkadan kokatutako road movie honetan; Koloniatik Galiziara bidaiatu beharko dute Greta Fernández eta Jan Bülow aktoreek antzeztutako bi protagonistek. Bikote espainol-alemaniarrak Berlinalen estreinatu zuen Sleepless Knights (2012), elkarrekin zuzendutako lehen lana.

Málagako zinema-jaialdian lehiatu ondoren, Bàrbara Farrék (Bartzelona, 1994) Mala bèstia / Bad Beast aurkeztuko du Zinemaldian, bere lehen pelikula; filmean, barnetegia utzi eta bikote batekin harrera-erregimenean bizitzera joatean, neskato batek beldurra sentituko du. Gidoigile, zuzendari eta ekoizleak —bideoklipen eta publizitateko errealizadore gisa maiz lan egin duenak— hainbat sari irabazi zituen karrera-amaierako proiektu gisa zuzendutako film laburragatik: La última virgen (2017).
Laura García Alonsok (Madril, 1990) —bere film labur Alex (2014) Nesten aurkeztu eta Pedro Almodóvarren eta Ridley Scotten ekoizpenetan zuzendari laguntzaile gisa lan egiten hasi zenak— bere lehen film luze Corredora / Runner aurkeztuko digu. Lehen lan onenaren ASECAN saria beretu ondoren Málagako zinema-jaialdian, Donostia Zinemaldian proiektatuko da agerraldi psikotiko bat izan ondoren goi-mailako lehiaketatik aldendu beharko duen eliteko korrikalari baten istorioa.
Málagan estreinatua, Marian Álvarez, Israel Elejalde eta Juan Diego Botto ditu protagonista Altas capacidades / Better Class filmak, eta semea eliteko eskola batean matrikulatzen duen bikote batek klase sozialez aldatzeko duen asmoa islatzen du. Víctor García Leónek (Madril, 1976) —Made in Spainen bere lehen film Más pena que gloria (2001) erakutsi zuenak—, Zilarrezko Maskorra beretu zuen Vete de mí (Sail Ofiziala, 2006) filmarekin, gizonezko aktore onenaren Goya sariaz gain Juan Diegorentzat. Halaber, Made in Spainen aurkeztu izan ditu hainbat aldiz bere lanak, hala nola Hay motivo (2004) eta Selfie (2017).
Hamabi sari eta Goya sarietarako hautagaitza bat beretu ondoren bere lehen film labur Marujarekin, Berta García Lachtek (Bartzelona, 1993) Donostian aurkeztuko du bere lehen film luzea, Málagan estreinatua. La vida és Verdi / Life is Verdi obrak Verdi zinema-aretoen mendeurrena aprobetxatzen du Bartzelonako zinema-aretoen artean aktibo segitzen duen zaharrenari omenaldia egiteko.

Ciao Bambina (2024) film laburra —Goya sari baterako izendatua— zuzendu ondoren, Afioco Gnecco zuzendari txiletarra (Valparaíso, 1979) eta Carolina Yuste (Badajoz, 1991) —bi Goya sari dituen zuzendari eta aktorea— berriz elkartu dira euren lehen film luzea aurkezteko. Este cuerpo mío / This Body of Mine, Valladolideko zinema-jaialdian aurkeztutako ez-fikzioa, bi gazteren istorioari buruzkoa da: Rafaelek babesleku bat aurkituko du Carolinarekiko adiskidetasunean bere genero-trantsizioko lehen urteetan.
Yo no moriré de amor Marta Matuteren (Madril, 1988) lehen film luzea dugu; bertan, neskato nerabe batek ama gaixotzen zaionean izango duen dolua ikusiko dugu, ez baitu jakingo nola lortu oreka familia-betebeharraren eta gaztaroa bete-betean bizitzeko irrikaren artean. Zinemagile madrildarraren lehen lana Málagako zinema-jaialdian estreinatu zen, eta film espainiar onenaren Urrezko Biznaga irabazi zuen bertan, bai eta emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Biznagak ere Júlia Mascort eta Tomás del Estal aktoreentzat, hurrenez hurren.
Judit Martín eta Berto Romero dira Pizza Movies filmeko protagonistak; Carlo Padialen (Bartzelona, 1977) komedia honetan —Málagako lehiaketan estreinatuan—, kazetari kultural batek, duen lanarekin nazkatuta dagoenez, senarra konbentzituko du zinemarekin lotutako pizzeria bat irekitzeko. Kataluniako errealizadore, gidoigile eta idazleak zuzenduak dira Mi loco Erasmus (2012), Algo muy gordo (2017) eta Vosotros sois mi película (2019), hainbat telesail, podcast eta bideoklipez gainera.
Film onenaren Grand Prix-a, emakumezko aktore onenaren saria (Kiara Arancibia) eta Publikoaren saria beretu ondoren Tallinn Black Nights Film Festival jaialdian, Málagako zinema-jaialdian erakutsi zuen La buena hija / The Good Daugther filma Júlia de Pazek (Sant Cugat del Vallès, 1995); egilearen beraren film labur Hartan (2021) funtsatuta dago. Emakume gazte baten istorioa kontatzen digu filmak: gurasoak dibortziatu ondoren, ama eta amonarekin bizitzera joango da protagonista. Zinemagile kataluniarrak Made in Spain sailean aurkeztu zituen Ama (2021) film luzea eta La filla d'algú (2018) film kolektiboa, Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako Querer (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2024) telesailaren sortzaileetako bat izateaz gainera.

Aída telesaileko gidoigile Jorge A. Larak (Zaragoza, 1974) eta Fer Pérezek (Sevilla, 1983) fikziozko euren lehen film luzea aurkeztuko dute, Los justos / The Righteous, hain justu ere. Filma Málagako zinema-jaialdian estreinatu zen, lehiaz kanpo; zinpeko epaimahaikideak dira protagonistak, eta diruz igurtziak izango dira, euren botoa aldatzeko, ustelkeria-kasu baten epaiketan. Carmen Machi, Vito Sanz eta Ane Gabarain daude aktore-zerrendan. Larak parte hartu zuen, orobat, Los hombres de Paco telesailaren eta Zipi y Zape y el club de la canica (2013) filmaren eta haren sekuela Zipi y Zape y la isla del capitánen (2016) gidoian. Pérezek, bestalde, Kiki, el amor se hace (2016) edo Arde Madrid (2018) filmen gidoia idatzi zuen (Paco Leónek zuzenduak dira bi pelikulak).
Málagako zinema-jaialdian Zilarrezko bi Biznaga lortu ondoren Zonazine atalean (pelikula espainiar onena eta gizonezko aktore onena), Joan Porcelen (Palma, 1994) La carn Donostian erakutsiko da. Filmeko protagonista gizon gazte bat da, plataforma batean performance bat sortzen duen dantzaria, baina horrenbeste lausotuko da online bizitza eta benetakoa bereizten dituen lerroa, ezen arrasto ezabaezina utziko baitio. Zuzendari mallorcarrak, gainera, Samantha Hudson: una historia de fe, sexo y electro-queer (2018) eta Sempre Dijous (2020) ez-fikziozko film luzeak ere zuzendu ditu.
Chema Rodríguezek (Sevilla, 1967) gor-itsutasunaren sakonerako bidaia sentsorial bat planteatzen digu El abrazo de los peces (15 años después) obrarekin; hala, Espainiako zentro espezializatu bakarraren hainbat erabiltzailerengan ipintzen du arreta; besarkadak ezinbestekoak dira pertsona horientzat. Filma Málagan estreinatu ostean, zinemagile andaluziarra Made in Spain sailera itzuliko da, Estrellas en La Línea (2006), El abrazo de los peces (2011) eta Orgullo vieja (2024) erakutsi ondoren.
Berlinalen Teddy Saria lortu eta Málagan Epaimahaiaren Sari Berezia, gidoi onenaren Zilarrezko Biznaga eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia (Silver Chicón aktorearentzat) irabazi ondoren, Ian de la Rosak (Almería, 1988) Ivan & Hadoum —bere lehen lana— erakutsiko du Donostia Zinemaldian. Bikote baten istorioa kontatzen digu filmak; protagonistek berotegi batean egiten dute lan, baina batek desiratutako lanpostu-igoerak oztopatu egingo du harremana. Zuzendari andaluziarrak aintzatespena jaso zuen Cannesen Victor XX (2015) film laburragatik, Gaudí saria irabazi zuen eta Goya sarietarako izendatua izan zen Farrucas (2021) filmarekin; Javier Ambrossi eta Javier Calvoren Veneno (2020) sailaren gidoia idazteaz gain, halaber, haren spin-offa ere zuzendu du, Vestidas de azul (2024).

Zuzendari onenaren sariaren irabazle Gijóngo zinema-jaialdian, Así chegou a noite / And So the Night Fell, Ángel Santos Touzaren (Marín, 1976) fikziozko hirugarren film luzea da; hainbat film labur eta ez-fikziozko film bat ere zuzendu ditu Santos Touzak. Zuzendari galiziarra lehiaketa donostiarrean estreinatuko da, Galiziako kostaldeko urruneko eremu batean isolatuta bizi den eskultore bati buruzko film honekin. Protagonistak han du instalatuta bere tailerra, baina egun batean iragana ate joka itzuliko zaio.
Guillem Moralesen Los ojos de Julia (2010) eta J. A. Bayonaren A Monster Calls / Un monstruo viene a verme (Sail Ofiziala lehiaz kanpo, 2016) filmetan zuzendari laguntzaile gisa lan egin ondoren, Fernando Trullolsek (Bartzelona, 1977) bere lehen lana erakutsiko du Donostian. Balandrau, vent salvatge / Balandrau, Where the Fierce Wind Blew filma 2020ko abenduan dago kokatuta; lagun talde bat Balandrau mendi-tontorra igotzeko asmotan da baina haize basati batek Pirinioetako historiako ekaitzik basatiena sortuko du. Kataluniako zuzendari eta gidoigileak, orobat, fikziozko film labur onenaren Goya saria irabazi zuen El barco pirata (2012) lanarekin.
La patria de los heladeros / Homeland of the Ice-Cream Sellers Maite Vitoria Danerisen (Madril, 1978) bigarren film luzea da, ez-fikzio bat, kontatzen diguna nola Valles Pasiegos eskualdeko herritarrek irauli zuten, Frantzian, izozkien mundua, Kantabrian hasitako ibilbide bat marraztuz. Zinemagile eta ekoizle madrildarrak hainbat sari lortu zituen El lugar de las fresas (2013) bere lehen lanarekin, hala nola bi golardo Turingo zinema-jaialdian (2013), Grand Prix saria Italiar Zinemaren Annecyko jaialdiaren dokumentalen sailean eta Caracola saria film luze dokumental onenari Cadizko Alcances jaialdian (2016). 2017an, filma lau hizkuntzatara itzuli zen eta 23 herrialdetatik igaro zen Instituto Cervantes erakundearen eskutik.
Juan Zavala (Tolosa, 1964), kazetaria, gidoilaria eta zuzendaria eta Javier Morales (Madril, 1973), zuzendari sortzaile eta errealizadoreak dira El otro Chiquito filmaren gidoilari eta zuzendariak. Diego San José (Irun, 1978) gidoilari eta sortzailearen jatorrizko ideia batean oinarritutako lana mundu mailako estreinaldia izango du; 90eko hamarkadako umorearen ikono Chiquito de la Calzadari egiten dio omenaldia. Chiquitok Lucas Grijander pertsonaiaren agerpenari egin behar izan zion aurre; Florentino Fernández umoregileak antzeztutako pertsonaia hura kezkagarriro antzekoa zen. Zavalak eta Moralesek El Crítico (Made in Spain, 2022) zuzendu zuten, eta ekoizle edo gidoilari gisa elkarlanean aritu dira, besteak beste, Regreso a Viridiana (2011) lanean —2012an dokumental labur onenaren Goya saria jaso zuen—, El último adiós de Bette Davis (Zabaltegi, 2014) eta Nostromo: el sueño imposible de David Lean (2019) ekoizpenetan.

24 obra horiekin eta hurrengo asteetan beharbada gehituko diren beste batzuekin, osatuta geratuko da lehiaz kanpoko saila, urte barruan Espainian egindako zinemaren isla diren filmen aukeraketa bat eskaintzen duena. Espainian estreinaturiko zein estreinatu gabeko lanak izan daitezke, eta Zinemaldiak nazioartean hedatzeko plataforma bat eskaintzen die film horiei. Aurtendik aurrera, halaber, Europcar Made in Spain saileko babesle izango da. 130 herrialdetan baino gehiagotan presentzia duen ibilgailu-alokairuko enpresak % 10eko deskontua emango die Donostia Zinemaldira bertaratutako pertsonei mundu osoko erreserbetan, beste zenbait abantailaz gainera, hala nola online check-ina eta 48 ordu lehenago erreserbak doan baliogabetzeko aukera.
Ingrid Cavenek bere bizitzako hamasei une errepasatuko ditu Parisko Théâtre des Bouffes du Nord antzokian emandako kontzertu bikain bateko abestien bidez.
Kaseteetan bere ahotsa grabatuz eta zinema frankistako galai gisa hartuta zuen konpromisoa gorabehera super8 formatuan grabatutako bere bidaien, filmaketen eta zinema-jaialdien bideoen medioz, Paco Rabalek (gizonezko aktore onenaren saria lehen Zinemaldian, 1953an, eta Donostia Saria 2001ean) bere bizitza, nahiak eta kontraesanak berrikusten ditu. Filmografia harrigarri bat, gogorarazten duena Bordelen hil zeneko unea, Goyaren antzera (hainbat aldiz antzeztu zuen artistaren rola). Donostian arrakasta handia izan zuen Rafael Gil, Lucas Demare, León Klimovsky, Pedro Olea eta Jaime de Armiñán zinemagileen lanekin.
Aliciak eta Gonzalok —erdi-klaseko bikote batek— Fer semea eliteko ikastetxe sekular batean matrikulatzeko aukera izango dute. Gurasoentzat, goi-klasean hanka sartzea esan nahi du horrek: adiskide berriak, diru gehiago, abantaila ugari. Semearengatik egiten dutela esaten dute. Izuen eta printzipio moralen arteko kontraesan zoragarri honetan, senar-emazteen asmo handiek agerian utziko dute noraino iristeko prest dauden klase sozialez aldatzeko.
Amarga Navidadek bi pertsonaiaren istorioak txandakatzen ditu: batetik, Elsa publizitate-zuzendaria, 2004ko abenduko Konstituzioaren zubi luzean zehar; bestetik, Raúl, 2026an gidoi ba idazten ari dena (laster jakingo dugu Elsari buruzkoa dela gidoia). Filmak errealitatearen eta fikzioaren arteko erlazio estua kontatzen du, inspirazioaren eta bizitzaren artekoa, autofikzioaren mugen arazoa mahaigaineratzen duela.
Pablo eskultorea da. Pabloren obra material zeramikoekin piezak garatzean datza. Ilusioa galduta eta norabide-aldaketa baten bila, landa-eremu batean instalatu du tailerra, Galiziako kostaldean. Apurka, ia inkontzienteki, aurreko bizitzatik aldenduz joan, isolatu eta lagun eta senideekin zuen harremana etengo du. Haatik, teila-lantegi zaharren tximiniek eta denboralditik kanpoko kanpinek zipriztindutako padura-paisaia penintsular horrek erakarpen boteretsua du artistarengan.
2000ko abenduaren 30ean, lagun talde bat Balandrau mendi-tontorrera igotzeko asmotan da. Eguzkiak lagun egiten die mendizaleei, baina minutu gutxi batzuk geroago dena aldatu egingo da ezustean. Torb izenez ezagutzen den haize basati batek Pirinioetako historiako ekaitzik latzena eragingo du.
Crisek —eliteko korrikalari batek— goi-mailako lehiaketatik urrundu behar izan du agerraldi psikotiko bat izan duelako. Inguruko guztiek ez dute jakingo nola lagundu, baina Natalia, Crisen ahizpa, haren babeslekua izango da, haren egoera onartzeko eta bizi-erritmoa birdefinitzeko lagungarria.
Bikote gazte bati buruzko drama: gizonezko ikasle alemaniar bat eta emakumezko langile gonbidatu espainiar bat, hiltzen ari zaion ama Koloniatik Galiziara eraman behar duena. Autoz egindako road movie bat, 1973ko sistemetan zehar, garai hartako testuinguru politikoaren aurrean, eta aldi berean, road movie eta bikote-drama bat, oinak lurrean dituena. Istorio honetan, Kolonia langilearen testuinguru familiarrak topo egingo du 70eko hamarkadako Galizia mistiko apenas aipatuarekin.
Arrain baten ikas al dezake besarkatzen? Zergatik dira zoriontsu gor-mutuak urpean? El abrazo de los Peces gor-mututasunaren sakonerako bidaia sentsorial bat da. Santa Ángela de la Cruz da Espainian existitzen den egoitza-zentro bakarra gor-mutuentzat, eta munduko urrietako bat. Han, burbuila-planeta horretan, nolakotasun berezi bat duten pertsonak bizi dira, hala nola Juande, Victoria, Cristian, Clara, Jose Luis: gor-mutuak dira denak.
1995ean, Chiquito de la Calzada idolo eztabaidaezina zen. Gizonaren hizkerak eta umoreak Espainiako gizartea hartu eta belaunaldi oso bat irauli zuten. Gau batean, telebista-saio ikusienak Lucas Grijalder aurkeztuko zuen, pertsonaia aztoragarriki antzeko bat. Hala hasiko zen Gregorio Estebanen amesgaiztoa: nortasuna lapurtu ziotelakoan, auzi harrigarri bat hasiko zen, Chiquito versus Lucas Grijander. Fenomeno kultural bat bereganatzeko eta gizon baten biziraupena lortzeko gerra bat.
Adiskidetasun suntsiezin batek lotzen dituela, Rafael eta Carolinak bidaia emozional eta geografiko bati ekingo diote adiskidetzearen eta onarpenaren bila. Bidean zehar, genero-trantsizioaren bere lehen urteetan lagun egingo diogu Rafaeli: prozesu intimo bat, horrenbeste irrikatzen duen bake apur hartara hurbilduko duten erronkaz, deskubrimenduz eta garaipen txikiz betea. Istorio argitsua, non adiskidetasuna babesleku bilakatzen baita eta alor pertsonala unibertsal bihurtzeraino zabaltzen baita.
Iván Hadoumekin maitemindu da; Iván eta Hadoum lankideak dira Almeríako berotegi batean. Alabaina, Ivánen lanpostu-igoera desiratuak oztopatu egingo du harremana eta zer-nolako pertsona izan nahi duen erabaki beharko du protagonistak.
lnarik bidaia bati ekingo dio, Kotodama delakoaren bila, kaligrafia japoniarraren artean barneratuz, Done Jakue bidea (Espainian) eta Shikoku Henro bidea (Japonian) egin bitartean. Ibilbidean zehar, ibiltzea eta trazu kaligrafikoa ideia beraren adierazpenak direla deskubrituko du: bidea prozesu gisa. Erromesak, fraideak, artisauak eta kaligrafoak historia unibertsal baten ahots bihurtzen dira, iraganaren eta orainaren, Ekialdearen eta Mendebaldearen arteko zubi.
Gurasoak banandu ondoren, Carmela amonaren etxera joan da bizitzera amarekin. Egoera berrira egokitzen saiatu bitartean, Carmelak denbora gehiago eman nahi du aitaren —artista plastiko baten— etxean, miretsi egiten baitu. Familiako emakumeak —hiru belaunalditakoak— merezi duten etorkizuna aukeratzera eramango ditu aitaren itzalak.
Lluís Garau dantzari gazteak performance bat sortu du, ezezagunak bideo-deien medioz ausaz konektatzen dituen plataforma batean funtsatuta. Haatik, online bizitza eta benetako bizitza elkar lotzen hasten direnean, birtualaren eta ukigarriaren arteko mugak lausotu egingo dira, eta atzera bueltarik gabeko aztarna utziko Lluísen azken obran: La carn.
"Ezustean ezagutu nuen Xavier, partekatutako bidaia batean. Topaketa horrek Europako oroimen ia ahaztu baterako atea ireki zuen: Valles Pasiegos eskualdeko herritarren epopeia. Izan ere, Frantziako izozkiaren munduan eragin handienetako komunitate bihurtu zen komunitatea. Kantabriako Valles Pasiegos eskualdean behiak eta esnea erdigune zirela bizi ziren milaka emakume eta gizonek bidaia bati ekin zioten etorkizun lauso baten bila, ausaren menpe. Batzuek inperio handiak eratu zituzten, Tour de France lasterketaren babesle bihurtzeraino; beste batzuek, berriz, ondare ezin baliotsuagoa utzi zieten seme-alabei, eta bizitza hobea izan zuten haiek horri esker. Xavierren bitartez, eta aita hiltzear duela, bidaia bati ekingo diot familia haien oroimenaren bila. Ehunka pertsona arbasoen lurrera itzultzen direnean amaituko da bidaia hura, eta lehenengoz ehun urtetik gorako denbora-tartean, izozkigileen ahaideak ohiz kanpoko jazokizun baten parte izango dira, partekatutako aberri baten bila". (Maite Vitoria Daneris)
2026an Verdi zinema-aretoen mendeurrena ospatzen da; Bartzelonako zinema-aretoen artean aktibo segitzen duen zaharren aretoa izanik. Umorez eta bi neskatoren begiradak zeharkatuta, aretoaren eta hari bizitza eman dioten pertsonaien istorioa aztertzen da. Horrela marrazten da Gràcia, Bartzelona hiria eta hainbat zinemazale-belaunaldi zeharkatzen dituen zinema-areto baten erretratua. Verdi, nola gaur eta hala atzo, topalekua eta zinemarekiko pasioa da.
Zinpeko bederatzi epaimahaikide isolatuta ari dira eztabaidatzen ustelkeria-kasu polemiko bat. Frogak ukaezinak dira, publikoak jada eman du bere iritzia, badirudi inork ez duela zalantzarik... Alabaina, isilpeko eskaintza bat jasoko dute egun batean: kide bakoitzak milioi bat euro irabaziko du bere botoa errudunetik errugabera aldatzen badu, baina jokoan sartu nahi badute, aho batez eman beharko dute botoa, eta horrek argitara aterako ditu epaimahaikide bakoitzak argitzeke dituen benetako kausak.
Atenea barnetegi batean bizi da, eta ez du inolaz ere hazi nahi. Bikote batek Atenea hartzeko erabakia hartzean, galdu nahiko ez duen etxe baten aukera izango du aurrean. Haatik, ordezkatua izateko izuak gauza pentsaezin bat egitera bultzatuko duen instintu bat piztuko du Atenearengan.
70eko hamarkadaren hasierako Espainian, eta frankismoak sakon errotuta jarraitzen zuela, inork serio hartzen ez zituzten emakumezko futbol-jeinu gazte-gaztez eta kirol-sustatzaile ameslari batek indarrak batu zituzten hesiak hausteko eta Espainiako emakumezkoen futbolaren historia izango zenari ekiteko.
Bere lanarekin nazkatuta, Thais kazetari kulturala krisi profesional eta pertsonalean da; senarra (Alan) konbentzitu egingo du dena utzi eta negozio bati ekiteko. Baina ez edozein negozio. Thaisek pizzeria tematiko bat sortu nahi du, Hollywoodeko zinemaren —bere pasio handiaren— ingurukoa. Kontzeptua erraza da: Pizza eta filmak. Pizzerian eskainitako pizza bakoitzak film klasiko bat edota zinemako izar bat omentzea da ideia.
Garrantzirik gabeko eztabaida bat zirudien denak, baina Marta eta Antonio banadu egin dira. Gizona, etorkizun handiko chef bat, sutegietan babesten da; emakumea, bere isiltasunean, tristura baino zerbait gehiago nabaritzen hasi da: gosea galdu du... eta ez bakarrik desamodioagatik. Osasun-arazo bat duela jakingo du Martak, eta denak ustekabeko bira emango du: janariak zapore hobea du, musika inoiz ez bezala iristen zaio eta desioak beldurrik gabe bizitzeko gogoa piztu dio.
Bular-minbizia gainditu ondoren, Nora ekintzara itzuliko da beheak eta goiak irensteko grina sutsuz, eta bere gaitasunaz haraindiko erronka profesionalei heltzean, bere betiko bikotekide Tomekin zuen familia-proiektuak lur joko du; Nora Maxekin hasiko da harremanak izaten, bera baino askoz ere gazte eta askeagoa den eta pasio bizia pizten dion gizon bat. Max atzerrira joatean, Norak lasterketa ero bati ekingo dio gehien beldurtzen duen hori saihesteko: bakarrik geratu eta hiltzeko beldurrari aurre egitea, bizi-grinak benetan ezkutatzen duena horixe izanik.
18 urterekin, Claudiak ez du familiako heroia izan nahi. Amaren gaixotasuna ezustean sartuko da etxean, ekaitz isil baten antzera. Alabaina, Claudiak bere adineko beste edonork bezala nahi du bizi. Familia-betekizuna eta gaztetasuna ustiatzeko irrika tartean direla, Claudiak ikasi egin beharko du bere burua alde batera utzi gabe nola maitatu.