Kirpilerin Savaşı /The Battle of Hedgehogs —M. Tayfur Aydinena—, Me Fjalë Tjera / In a Manner of Speaking —Val Jasharirena—, Sentimentos familiares / Familiar Feelings —Mónica Limarena— eta Prvi Tjedan u Kolovozu / The First Week of August —Filip Mojzesena— dira postprodukzio-fasean egonik Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko industria-jardueren esparruan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko diren lau film luze europarrak. Hautaturiko luzemetraiek, haietatik hiru lehen filmak izanik, WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria irabazteko aukera izango dute.
M. Tayfur Aydin zuzendari eta ekoizle turkiarrak Kirpilerin Savaşı /The Battle of Hedgehogs aurkeztuko du, bere laugarren film luzea, Anatoliako herri batean herentzia baten ondorioz piztutako gatazka familiarrei buruzkoa. Film laburren sortzaile gisa hasi ondoren, film luzeak zuzentzen hasi zen, eta bere azken ez-fikzioa —Far Away— Tallinn Black Nights jaialdian hautatua izan zen.
Me Fjalë Tjera / In A Manner of Speaking Val Jashari kosovarraren lehen lana da, AEBn erailketa leporatzen zaion eta hiru urte Pristinan ezkutatuta daramatzan gizon bat duena protagonista. The Evans Girlekin —bere graduazio-lanarekin— film eta zuzendari onenaren saria beretu zuen Jasharik UCLAren (University of California Los Angeles) zinema-eskolak antolatutako UCLA Spotlight Festival jaialdian.
Mónica Lima zuzendari portugesak ere bere lehen film luzea aurkeztuko du, Sentimentos familiares, arrakasta gutxiko aktore baten jaioterrira itzulera gorabeheratsua kontatzen duena. Film-ikasketetan graduatua (Pragako FAMU eta Berlingo DFFB ikastetxeetan), ibilbide arrakastatsua izan du film laburren sortzaile gisa; zehazki, nabarmentzekoa da Human Nature (2023), Ammodo Tiger Short Award sariaren irabazlea Rotterdamgo Jaialdian eta 2024/2025eko European Film Awards sariaren film labur onenari hautagaia.
Prvi Tjedan u Kolovozu / The First Week of August obrak osatuko du hautaketa, Filip Mojzes errealizadore kroaziarraren (masterra Sarajevoko Béla Tarr Film Factoryn) lehen lanak, hain justu. Hainbat film labur filmatu ondoren, gertakizun bortitz baten ondorioz itxuraz eredugarria zen familia batek —erdi-/goi-klasekoak— pairatutako beherakada kontatzen digu egileak.
Aurten, New Directors sailean lehian ariko dira, batetik, Tatjana Moutchniken Sieben Tage Februar / February, Seven Days (WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria 2025ean), eta bestetik, Massih Parsaeiren Lovers Sleep Alone. Halaber, Jurgis Matuleviciusen China Sea pelikulak film onenaren saria irabazi zuen, 2025ean, Tallin Black Nights jaialdiaren Critics Picks Competition sailean; horrez gainera, Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuten Seyhmus Altunen Aldığımız Nefes / As We Breathek eta Sarah Miro Fischerren Schwesterherz / The Good Sister filmak (Berlinale Panorama sailean estreinatua). María Trénorrek, Michael Fetter Nathanskyk, Arantza Santestebanek eta WIP Europan izandako beste hainbat zinemagilek nola Donostia Zinemaldian hala nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan estreinatu izan dituzte euren lanak. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.
WIP Europa Industria Saria, honako enpresa hauek emana: A Contracorriente Films, Deluxe Content Services Spain, Elamedia Estudios, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta Pecera Estudio. Hauetan datza: film baten postprodukzioa, DCP bat ingelesezko eta gaztelaniazko azpitituluekin, eta banaketa Espainian.






WIP Europa Sariaren bidez, 10.000 euro emango zaizkio WIP Europa Industria Sariaren film irabazleari.
wips@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481217
www.sansebastianfestival.com
Aita hil ondoren, zazpi anai-arreba etxera itzuliko dira bananduta hainbat urte eman ondoren. Zerinen anai-arrebek jabego familiarra banandu eta saldu nahi dute, baina emakumeak ez du inolaz ere hainbat urteko sakrifizioaren ondoren irabazitako herentzia entregatu nahi. Zerinen erresistentziak gatazka handia pizten du, eta gatazka horrek ezkutuko sekretuak, aldatzen diren leialtasunak eta belaunaldiz belaunaldi familia moldatu duten tradizioak azaleratzen ditu. Anatoliako hego-ekialdean kokatua, Kirpilerin Savaşi / The Battle of Hedgehogs drama intimo eta emozionalki sutsua da, justiziari, zerbaiten parte izateari eta oinordetzan jasotako arauei desafio egiteak dakarren ausardiari buruzkoa.
Zeka albaniar-estatubatuarrak Pristiman ezkutatuta eman ditu azken hiru urteak, taberna bat kudeatzen beste erbesteratu batzuekin batera. Ingelesez hitz egiten dute, New York idealizatuta dute eta atzean utzitako bizitzekiko ilusioari eusten diote. Ideal hori zapuztuko da, ordea, estradizio-itun batek polizia-sarekada bat eragiten duenean. Setiatuta, Zeka Vloraren balkoitik jauziko da, urruneko herri bateko emakume bat, bere arrazoi propioengatik desagertzen saiatzen dena. Toki estu batean elkarrekin giltzapetuta egonik eta elkar ezagutu gabe, erreprimitutako guztiari aurre egiten hasiko dira bi protagonistak, erredentziorako ezusteko bidaia bati hasiera emanik.
Prvi tjedan u kolovozu / The First Week of August drama familiarra erdi-klaseko bi senar-emazteren (Zoran eta Ivana) udako oporren ondoren gertatzen da. Ivana kazetaria da, eta trauma psikologiko bat pairatu ondoren, bere portaeraren kontrola galtzen hasi eta oldarkortasunez erasoko dio hamar urteko seme Davidi. Oporrek aurrera egin ahala, Zoran eta Ivanaren arteko harremanaren arazo sakonenak azaleratzen hasi eta gatazkak bizilagunekiko (lau kideko familia bat) elkarreraginera zabalduko dira azkenean.
Etorkizun handiko aktorea izandako Liak ezustean itzuli beharko du bere jaioterrira, lehorteak eragindako Portugalgo landa-eremu batera. Etxea hutsik egongo zela uste zuen, baina familia osoa zain duela ikusiko du. Ikaratuta, janaritegian ezkutatuko da Lia, eta iruzkin aztoragarriak entzungo ditu han. Azkenean ihes egingo du, konfrontazioa atzeratu nahian. Haurren alaitasunak etxea betetzen du. Helduen arteko tentsioak, ordea, hazi egingo dira, ez baitira gai euren zauri propioei aurre egiteko. Lehorteak eta dekadentziak markaturiko paisaia batean, Lia distantziaren eta zerbaiten parte izatearen artean ibiliko da, baina bilera labain batek behartu egingo ditu guztiak bete gabeko ametsei aurre egitera, baita heredaturiko zauriei eta konexiorako desio desesperatuari ere.
WIP Europa egitasmoa A Contracorriente Films, Deluxe Content Services Spain, Elamedia Estudios, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta Pecera Estudio enpresen lankidetzari esker egin ahal izan da.


