Ventana Surrek, Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Filmek eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Proyecta ekimenaren bederatzigarren edizioan, lehen edo bigarren filmetarako finantzaketa eta partner bila dabiltzan zinemagileen hamabi proiektu aurkeztuko dira. Ventana Sur Montevideon egingo da, azaroaren 30etik abenduaren 4ra.
Jarduerak dirauen bitartean, hautatutako proiektuen ordezkariek proiektuak ekoiztetxeei, nazioarteko salmenta-agentziei eta zinema-jaialdietako programazio-arduradunei ezagutarazteko aukera izango dute, Europaren eta Latinoamerikaren arteko koprodukzioak sustatzeko helburuarekin.
Proyecta ekimenean proiektuen ekoizleek aurrez aurreko pitching-saioak egingo dituzte, abenduaren 2an (asteazkenean), baita networking-eko beste ekitaldi profesional batzuk ere.
Aurten hautatutako proiektuek aniztasun handia erakusten dute, bai gaiari, bai jatorri geografikoari dagokionez: bederatzi Argentina, Txile, Kolonbia, Kuba, Peru eta Uruguaitik datoz; eta zazpik Espainiako, Frantziako edo Italiako produkzio nagusia edo koprodukzioa dute. Horien artean, Ignacio Acconcia González-en Cara Sucia / Dirty Face eta Giorgio Giampà-ren Isabel Hernández proiektuek aukera berri bat izango dute profesionalen aurrean aurkezteko, Donostia Zinemaldiaren 15. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu ondoren.
Aukeratutako proiektuek hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute: proiektu batek hurrengo urteko Sørfond Pitching Forum-ean parte hartu ahal izango du. Bertan, Norvegiako balizko koproduktoreei aurkezteko aukera izango du (baldintzak betetzen baditu, jakina) eta automatikoki Sørfond fondoaren laguntzetarako hautagai izateko aukera izango du, baldin eta proiektuak Norvegiako koprodukzioa lortzen badu. Horretaz gain, jardueran aukeratzen diren proiektuen bi produktore 2027ko Donostia Zinemaldira gonbidatuko dituzte. Proiektu guztiek Sideral Cinema Saria ere eskuratzeko aukera izango dute; sariak etorkizuneko filmetako baten nazioarteko eskubideak aldez aurretik erostea jasotzen du, gutxienez 10.000 euroko bermearekin. Sari horiek, networking-eko beste ekitaldi batzuekin batera, proiektuen nazioartekotzea bultzatzeko eta haien garapena bizkortzeko balioko dute, baita 6.000 euroko ArteKino International Award saria ere.
Hona hemen 2026an Proyecta ekimenean aukeratu diren hamabi proiektuak:
Proyecta ekimena Ventana Sur merkatuaren parte da, hau da, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen merkatu nagusiarena. Ventana Sur Festival de Cannes-Marché du Filmek, Argentinako Zinemaren eta Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Uruguaiko Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Agentziak (ACAU) antolatzen dute eta Creative Europe MEDIAren babesa dauka.
Informazio gehiago:
proyecta@ventana-sur.com


