tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 65. Edizioa 2017  > Berriak > Glocal in Progress, Zinemaldiko industria-jarduera berria, eslovenieraz, euskaraz eta errumanieraz egindako hiru filmekin estreinatuko da
Glocal in Progress, Zinemaldiko industria-jarduera berria, eslovenieraz, euskaraz eta errumanieraz egindako hiru filmekin estreinatuko da
Irailaren 25, 26 eta 27an egingo da, Zinema Eraikitzen 32 saileko eta Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren egun beretan
Osteguna, 2017(e)ko abuztuaren 10

Dantza (Espainia), Telmo Esnalena, Izbrisana / Erased (Eslovenia - Kroazia - Serbia), Miha Mazzini-rena, eta Un om la locul lui / A Decent Man (Errumania), Hadrian Marcu-rena, izan dira Glocal in Progress sailaren lehen ediziorako hautatutako filmak.

Aukeratutako hiru film luzeak postprodukzio-fasean daude, eta, beste profesional batzuen artean, ekoizle, banatzaile, salmenta-agente eta programatzailez osatutako audientzia bati aurkeztuko zaizkio, horiek amaitzen eta nazioartean banatzen lagundu dezaten.

Dantza filmarekin, Telmo Esnal euskal zuzendariak bosgarren aldiz parte hartuko du Donostia Zinemaldian, aurrez obra hauek aurkeztu ondoren: 2005ean Aupa Etxebeste!, Asier Altunarekin batera idatzia eta zuzendua, Zuzendari Berriak sailean; 2009an Amona putz! film laburra, Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama sailean; 2011n Urte berri on, amona!, Zabaltegi - Zuzendari Berriak sailean; eta, azkenik, Kalebegiak talde-filmeko Septiembre film laburra, Asier Altunarekin batera zuzendua, Belodromoan aurkeztu zen 64. edizioan.

Miha Mazzini esloveniarrak eta Hadrian Marcu errumaniarrak beraien lehen filmak aurkeztuko dituzte Glocal in Progressen: Izbrisana / Erased Eslovenia, Kroazia eta Serbiaren arteko koprodukzioa eta Un om la locul lui / A Decent Man Errumaniako produkzioa, hurrenez hurren.

Industriaren jarduera honen helburua da hizkuntza ez-hegemonikoetan dauden Europako produkzioei ikusgaitasun handiagoa ematea (hau da, alemanez, espainieraz, frantsesez, ingelesez, italieraz edo errusieraz filmatu ez diren filmei). 2016an soilik, Zinemaldiko hainbat sailetan parte hartu zuten osorik edo hein batean hizkuntza horietan zeuden 21 filmek; Jätten / The Giant-ek (suediera) Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen, eta Park-ek (greziera), aldiz, Kutxabank - Zuzendari Berriak saria.

Glocal in Progressek Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Glocal Cinema sorturik, 2014an abiarazitako lana osatzen du; hain zuzen, hizkuntza ez-hegemonikoetan ekoizten duten zinematografien arteko sareak sustatzea du xede ekimen horrek.


 

DANTZA
Telmo Esnal  (Espainia)

Euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta, sormenezko pelikula libre bat da Dantza, bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren eboluzioa erakusten duen fikziozko film musikal bat. Film honetan, dantzen bitartez gai unibertsal asko jorratzen dira; besteak beste, bizirautea, sinesmena, festa, maitasuna eta heriotzaren kontrako etengabeko borroka. Aldi berean, abestiez, keinuez eta erritmoaz lagunduta narrazio sinple baina argia osatzen da.


IZBRISANA / ERASED
Miha Mazzini  (Eslovenia - Kroazia - Serbia)

Ana (36) bere hiriko ospitale batean erdituko da, konplikaziorik gabe. Arazo burokratiko txiki bat besterik ez dago: Ana ez dago datu-base informatizatuan. Garrantzirik gabeko arazo tekniko bat da, ziurrenik. Handik egun batzuetara, ordea, armiarma-sare erabat kafkatarrean harrapatuta dago Ana: ordenagailuan agertzen ez denez, ez du gizarte-segurantzarik, ezta bizileku finkorik ere. Bat-batean, Ana atzerritarra da, bizitza osoa Eslovenian eman badu ere. Legalki ez da existitzen; beraz, haren semea umezurtza da. Eta umezurtzak adopzioan ematen dira.
*1992ko otsailaren 26an, Esloveniako Errepublikako Barne Ministerioak bertako 25.671 hiritar ezabatu zituen artxiboetatik. Gehienek ez dute legezko estatusik oraindik.


© Andrei Dascalescu
UN OM LA LOCUL LUI / A DECENT MAN
Hadrian Marcu  (Errumania)

Petru, petrolio-industriako langile-komunitate batean bizi den ingeniari bat, estutasunean dago. Alde batetik, Laurarekin ezkontzear dago, haurdun dagoen bere neska-lagunarekin; bestaldetik, harreman bat du bere lankideetako baten emazte Soniarekin, eta hark lan-istripu bat izango du. Petru bizitza berri bat hastear dela dirudienean, Soniak berea amaituta dagoela sentituko du. Petru harekin zorretan sentitzen da, baina jaiotzear dagoen haurraren arduradun, baita ere. Laurak Soniarekin harremana duela jakingo du, eta horrek hainbat gertakari jarriko ditu martxan. Petruk eta Soniak elkarren besoetan aurkituko dute kontsolamendua. Kalte konponezina bientzat, bizirauteko saio desesperatu batean.

SARIAK

Glocal in Progress Industria Saria enpresa hauek ematen dute: Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido. Film baten postprodukzioan datza -ingelesez eta gaztelaniaz azpititulaturiko DCP kopia egin arte-; horrez gain, litekeena da filma Espainian banatzea.

Glocal in Progress Saria; hau da, 10.000 euro Glocal in Progress Industria Sariaren film irabazlearen produktore gehiengodunarentzat.

Ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Europa Creativa MEDIAren laguntzari esker da posible, baita honako hauen lankidetzari esker ere: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido.


 

  

The Industry Club ondorengoaren babesarekin
Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea