tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Berriak > Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko Donostia sarietako batek Judi Dench antzezle mitikoaren ibilbidea sarituko du
Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko Donostia sarietako batek Judi Dench antzezle mitikoaren ibilbidea sarituko du
Asteartea, 2018(e)ko abuztuaren 28

Judi Dench (York, Erresuma Batua, 1934) britainiar antzezleak Donostia sarietako bat jasoko du 66. Donostia Zinemaldian. Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsuena irailaren 25ean banatuko zaio, Red Joan (Trevor Nunn) filmaren emanaldiaren aurretik. Lan horretan, bizimodu lasaia duen emakume bat hezurmamitu du Denchek; Erresuma Batuko inteligentzia-zerbitzuak Errusia komunistari informazioa ematea leporatzen dionean, bat-batean zeharo aldatuko da haren bizitza.

Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso dituen antzezle hau Donostiara datorren lehen aldia izango da. Duela 20 urte antzeztaldeko aktore onenaren estatuatxoa lortu zuen Shakespeare in Love filmean Elisabet I.a hezurmamitzean egindako lanagatik. Oscar sariak, halaber, aitorpen handia egin zien Denchi eta haren lan-ibilbideari, bereziki Shakespeareren lan garrantzitsuenekin duen lotura kontuan harturik. Denchek oholtzaren gainean hasi zen antzezten, Londreseko Old Vic eta The National antzoki prestigio handikoetan; ondoren, Shakespeareren dama handiak hezurmamitu zituen Stratford-upon-Avoneko Royal Shakespeare Company antzerki-taldean.

Denchek kritikak txalotutako film askotan parte hartu du 1964. urtean zineman debuta egin zuenetik, eta zinemagile interesgarrienetako batzuekin aritu da; besteak beste, Stephen Frears, James Ivory, Kenneth Branagh, Franco Zeffirelli, Sally Potter, Clint Eastwood eta Sam Mendes zuzendarien esanetara. Horrez gain, dozenaka sari bildu ditu bere ibilbidean bete dituen rolengatik: Viktoria erregina izan zen Mrs Brown (1997) filmean; Armande Voizin xelebrea Chocolat-en (2000); Iris Murdoch nobelagilea Iris-en (2001); antzerki-enpresaria Mrs Henderson Presents-en (2005); irakasle gatazkatia Notes on a Scandal-en (2006); lapurtu dioten semearen bila ari den ama Philomena-n (2013); berriz ere Viktoria erregina Victoria & Abdul filmean (2017); eta M, Britainia Handiko inteligentzia-zerbitzuaren arduraduna, James Bond sagako filmetatik zazpitan.

Trevor Nunn antzerki-zuzendari emankorrak behin baino gehiagotan zuzendu du Dench Britainia Handiko eszenatokietan, eta orain zinemagintzara itzuli berri da Red Joan filmarekin. Aurrez zuzendu dituen lanen artean, Lady Jane (1996) eta Twelfth Night or What You Will (1996) daude. Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu ziren biak.

Datorren urtean Kenneth Branaghen azken lana, Artemis Fowl, eta Andy Goddarden Six Minutes to Midnight protagonizatuko ditu Denchek.

GALARAKO SARREREN AURRESALMENTA

Judi Denchi Donostia saria emateko ekitaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude Zinemaldiaren webgunean, eta 45 euro balio dute.

Trevor Nunnen Red Joan filmaren proiekzioaren aurretik emango zaio saria, irailaren 25ean (asteartea), 19:30ean.

2018ko Donostia Sariekin elkarrizketak Tabakaleran

Joan den urtean, Tabakalera Kultura Garaikideen Nazioarteko Zentrotik Zinemaldiari hitzaurre bat egin zitzaion The Room (Tommy Wiseau, 2003) pelikularen proiekzioarekin, Sail Ofizialean The Disaster Artist (James Franco, 2016) hautatzearekin lotuta. Gero, The Disaster Artist filmak Urrezko Maskorra lortu zuen.

Aurten, Tabakalerako zinema aretoak proposamen berri bat dauka irailerako: Donostia Sariekin elkarrizketa bat. Omenduei omenaldia egin nahi die beraien ibilbidetan garrantzitsuak izan diren filmak proiektatuz eta herritarrei berriro ere -edo lehen aldiz- pantaila handian ikusteko aukera emanez.

  • Irailak 8 larunbata, 20:00: Oscar sarirako lehen izendapena
    Mrs. Brown, John Madden, Erresuma Batua, 1997, 103'
  • Irailak 14 ostirala, 20:00: Kore-edaren lehenengo luzemetraia.
    Maboroshi no hikari , Hirokazu Koreeda, Japonia, 1995, 110'
  • Irailak 15 larunbata: pop bikotea
    20:00 Twins, Ivan Reitman, AEB, 1988, 105'
    22:00 Batman Returns, Tim Burton, AEB, 1992, 130'
 

Red Joan
Trevor Nunn  (Erresuma Batua)
Antzezleak: Judi Dench, Sophie Cookson

2000. urtea da, eta milurtekoaren aldaketan, Joan Stanley erretiroaz gozatzen ari da bizitegi-auzo batean. Haren bizitza lasaia bat-batean aldrebestuko da MI5ek atxilotu egiten duenean, Errusia komunistari informazioa ematea leporatuta. 1938. urtera goaz; Joan Cambridgeko fisika-ikasle bat da, eta Leo Galich komunista gaztearekin maiteminduko da. Haren bitartez, mundua bestela ikusten hasiko da. Bigarren Mundu Gerran, ikerketa nuklearrerako sekretu handiko instalazio batzuetan lanean ari dela, mundua suntsitua izateko zorian dagoela ondorioztatuko du Joanek. Ezinezko galdera bati aurre egitean –zer prezio ordainduko zenuke bakearengatik?–, Joanek aukeratu egin beharko du: bere herrialdea eta maite duen jendea traizionatu edo salbatu.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea