Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora.
Koldo Almandozek hainbat film labur, dokumental eta lan esperimental egin ditu, besteak beste Belarra (2002), Columba Palumbus (2007) eta Hubert Le Blonen azken hegaldia (2014). Zuzendariaren lehen film luzea, Sipo phantasma (2016), Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean proiektatu zen. Urte berean, Narcisso segmentuarekin parte hartu zuen Kalebegiak talde-filmean, eta Zinemaldian proiektatu zen, Velodromoan. 2017an, Zabaltegi-Tabakalera sailera itzuli zen Plágan film laburrarekin. 2008an, Altadis-Zuzendari Berriak sariaren epaimahaikide izan zen Donostian. Oreina da bere bigarren film luzea.