Leonorrek etxetik joan nahi du, baina ez da ausartzen amari esaten. Estrellak ez du hura etxetik joaterik nahi, baina ez da gai hura alboan mantentzeko. Bai amak bai alabak aurre egin beharko diote elkarrekiko mundua kolokan duen bizitza-aro berriari.
Celia Rico Clavellinok gidoilari eta zuzendari gisa ekin zion bere karrerari, 2012an, sari ugari eman dizkion eta, besteak beste, Venezia, Seminci, Málaga eta Gijóngo zinema-jaialdietan hautatua izan den Luisa no está en casa film laburrarekin. Horrez gain, Canneseko zinema-jaialdiko Short Film Corner lehiaketan izan zen, film labur onenaren Gaudí saria irabazi zuen eta Col·legi de Directors de Catalunya eskolaren saria eskuratu zuen. Era berean, Claudia Llosa zuzendariaren laguntzaile izan da, eta haren No llores, vuela (2014) filmaren bigarren unitatea zuzendu zuen. Viaje al cuarto de una madre da zuzendariaren lehen film luzea.