Emil, mamuetan sinesten ez duen agure bat, eta haren lagun mina, Titi, herrixka urrun batean bizi dira. Lurreko paradisua izan zitekeen, eta bertan ez da ohiz kanpoko ezer gertatzen. Emilen emaztea, Smaranda, hil eta 40 egunetara egingo duten mezan hasiko da guztia. Denborak aurrera egin ahala, Titiren itxura egunez egun okerragoa dela ikusiko du Emilek. Hura animatzen saiatuko da, baina ezerk ez du funtzionatuko. Izan ere, hil eta 40 egunetara, Titiri segika hasiko da Smaranda, bere maitalea zen eta. Adiskidetasunean eta maitasunean bestea onartzeko egin beharreko ahaleginari buruz hitz egiten digun istorio bat, umore beltzez eta suspensez betea.
Andrei Gruzsniczki (Ploiești, Errumania, 1962) Lucian Pintilieren zuzendaritza-laguntzailea izan zen Terminus paradis (1998) eta Niki Ardelean, colonel în rezerva (2003) filmetan. Bere lehen film luzea, Cealalta Irina (The Other Irene, 2008), FIPRESCI sariaren irabazlea izan zen CinePécs Moveast zinema-jaialdian, eta Errumaniako film onenaren saria eraman zuen Transilvaniakoan. Quod Erat Demonstrandum (2013) filmak Erromako zinema-jaialdiko Epaimahiaren Sari Berezia eta Golden Taiga saria eskuratu zituen, eta Zavera-k (2019), berriz, TRT saria Sarajevoko zinema-jaialdiko Cinelink WIPen. Emil joan den udaberrian filmatu zen, eta MIA koprodukzio-merkatuan aurkeztu da. Gainera, film laburrak, telebistarako ekoizpenak eta dokumentalak idatzi eta ekoitzi ditu.