Emil, mamuetan sinesten ez duen agure bat, eta haren lagun mina, Titi, herrixka urrun batean bizi dira. Lurreko paradisua izan zitekeen, eta bertan ez da ohiz kanpoko ezer gertatzen. Emilen emaztea, Smaranda, hil eta 40 egunetara egingo duten mezan hasiko da guztia. Denborak aurrera egin ahala, Titiren itxura egunez egun okerragoa dela ikusiko du Emilek. Hura animatzen saiatuko da, baina ezerk ez du funtzionatuko. Izan ere, hil eta 40 egunetara, Titiri segika hasiko da Smaranda, bere maitalea zen eta. Adiskidetasunean eta maitasunean bestea onartzeko egin beharreko ahaleginari buruz hitz egiten digun istorio bat, umore beltzez eta suspensez betea.
Kosovo, 2019. Ustelkeriak eta langabeziak lana aurkitzea eragozten diote Shpëtimi. Ia-ia ez dago eskaintzarik eta 52 urte dituenez, zerbait aurkitzen duenean ere zaharregia dela iruditzen zaie. Haren bizitza are zailagoa bihurtuko da alaba umezurtz-etxetik botatzen dutenean, berekin bizitzera joan beharko duelako, eta etxea egoera txarrean du. Iruzurren eta ezezkoen biktima izateaz nekatuta, giltzurruna saltzea erabakiko du Shpëtimek, bizitza hobea bilatzeko Europara emigratu ahal izateko.
Uda-gau batean, Eric etxe batean sartuko da eta hil berria den Pol adiskidearen errautsak ostuko ditu. Gau horretan bertan, errautsak botatzeko auto-bidaiari ekingo dio Ericek, bere bi lagun onenekin, Ona-rekin eta Marcelekin. Ihesaldiak, ordea, errealitatetik aldenduko ditu, eta gero eta gehiago urrunduko ditu etxera itzultzetik eta hasierako helburutik. Hiru lagunek oso gertu sentitu dute heriotza, baina ez dira gai izan hura ulertzeko. Galera tarteko, konturatuko dira ezin dutela lehen bezala jarraitu, lagunaren heriotzak bizi artean markatuko dituelako. Opera prima.