Nest sailak —Donostia Zinemaldiaren zinema-ikasleen film laburren lehiazko saila— astelehenean, ekainak 2, irekiko du izena emateko epea. Topaketaren hogeita laugarren edizioa irailaren 22tik 26ra bitartean egingo da, eta haren helburua izango da mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea. Hirurogeitik gora ikasle bilduko dira Donostian, eta aukera izango dute film laburren emanaldietan eta Hizketaldiak saileko saioetan parte hartzeko. Zinemari buruzko elkarrizketa sustatzeko sortu zen Zinemaldiko atala, hain zuzen, prestakuntzaren, sormenaren eta industriaren ikuspegitik.
Iazko edizioan hamahiru film labur lehiatu ziren Nest sailean. Munduko 48 herrialdetako 200 eskolatako 428 lan aurkeztu ziren guztira.
Zinema-eskola bakoitzak gehienez ere hiru film labur aurkez ditzake, Zinemaldia egin aurreko 12 hilabeteetan eginak izan behar dira aurkeztutako filmak, eta horietatik hamabost inguru hautatuko dira Nest lehiaketan parte hartzeko.
Aukeratutako lan guztien artetik saria emango duen epaimahaia hautatutako eskoletako ikasleek osatuko dute, zinemako profesional bat buru dutela. Bada, Nest The Mediapro Studio saria 10.000 eurokoa izango da, eta irabazitako film laburraren zuzendariarentzat izango da. Hirugarren urtea da Studiok Nest-ekin duen lankidetza berritzen duela, nazioarteko talentu sortzaile berriari laguntzeko.
Edizio honetako berrikuntza gisa, bi sari gehiago emango dira lehiaketan: film laburrik onenarentzat Movistar Plus+ saria —alegia, Espainian plataformaren bidez emateko eskubideak erostea—, eta Tabakalera saria, zeinak 2026. urteko hiru asteko egonaldia emango baitu hautatutako zuzendariak hurrengo proiektua gara dezan.
Film laburrak online inskribatzeko aukera egongo da astelehenetik aurrera (ekainaren 2a). Araudia eta Nest sailari buruzko bestelako informazioak ikusgai daude Zinemaldiaren webgune ofizialean. Film laburrak jasotzeko epea uztailaren 2an amaituko da.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: UZTAILAK 2
Nest sailaren 2024ko edizioaren making of-a, Mònica Cambra Domínguez eta Jan Baeta Salvany Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek egina.
Nest Donostia Zinemaldiko sailik garrantzitsuenetako bat da talentu berriak bultzatzeko estrategiaren barruan. 2002an sortu zenetik, barne hartu ditu 1.000 gazte zinemagile baino gehiago, baita industriako profesionalekin egindako 90 eskola magistral eta elkarrizketatik gora ere (besteak beste, Céline Sciamma, Albertina Carri, Christian Petzold, Alexander Payne, Lila Avilés eta Ruth Beckermann zinemagileekin). Guztia hasten den tokitzat hartuta, Nest sailak zinemagile askoren lanak erakutsi ditu, hala nola Diego Céspedes-enak, zeinak Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard saria eskuratu berri baitu La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo filmarekin, bai eta zinemagile hauenak ere: Raven Jackson, Leonardo van Dijl, Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev. Zinemagileok beren ondorengo lanak estreinatu dituzte bai Donostia Zinemaldian, bai nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan, hala nola Cannes, Sundance eta Venezian.