Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileen film luze berriak lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Sail Ofizialean, irailaren 19tik 27ra bitartean.
Arnaud Desplechin (Roubaix, 1960) lehen aldiz izango da Sail Ofizialean, Deux pianos / Two Pianos lanarekin. Film horretan, aspaldiko partez bere sorleku Lyonera bueltatzen den pianista bertutetsu bat da protagonista, zeinak ezinezko maitasun-istorio bat biziko baitu. Antzezleen artean ageri dira François Civil, Nadia Tereszkiewicz, Charlotte Rampling eta Hippolyte Girardot. La Sentinelle / The Sentinel (1992) filmarekin debuta egin ondotik, zinemagile frantziarra behin baino gehiagotan lehiatu da Cannesen eta beste nazioarteko zinema-jaialdi batzuetan. 2009an Donostia Zinemaldiak Rois et reine / Kings and Queen (2004) filma programatu zuen Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena atzerabegirakoan; Perlak sailean, berriz, Trois souvenirs de ma jeunesse / My Golden Days (2015) lana berreskuratu zen, Quinzaine des Cinéastes-etik igaro ondotik; Spectateurs! / Filmlovers (2024) lana, azkenik, Zabaltegi-Tabakaleran eman zen, aurretik Cannesen lehiaketaz kanpo programatuta egon eta gero.
Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) eta Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) zinemagile bikoteak —aurretik Miyamatsu to Yamashita / Roleless (New Directors, 2022) zuzendu zuten Masahiko Satorekin batera— bigarren film luzearekin parte hartuko du Sail Ofizialean: Japonian ekoitzitako SAI / SAI: disaster pelikularekin, hain zuzen. Teruyuki Kagawa aktorea izango da beste behin ere protagonista kontakizun ilun honetan, zeinean gizon misteriotsu bat tragikoki agertuko baita zenbait pertsonaren bizitzan, nortasun bat baino gehiagorekin.
Agnieszka Holland (Varsovia, 1948) hirugarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean Franz (Franz Kafka) filmarekin. Txekiar Errepublika, Alemania eta Poloniaren arteko koprodukzio horrek Franz Kafka idazlearen bizitza kontatzen du, jaio zenetik heriotzara arte. Holland aurretik ere lehiatua da Urrezko Maskorra lortzeko Total Eclipse (1995) eta Copying Beethoven (2006) lanekin, eta Donostia Zinemaldian egin zituen lehenbiziko urratsak; hain zuzen ere, Sortzaile Berriak sailean parte hartu zuen Zdjecia próbne / Screen Tests (1978) film kolektiboarekin. Zuzendariaren filmik aintzatetsienen artean daude, orobat, Bittere Ernte / Angry Harvest (1986) eta Europa Europa (Zabaltegi, 1990), Atzerriko film onenaren Oscar eta Gidoi egokitu onenaren Oscar sarietarako hautatuak, hurrenez hurren. Horretaz gainera, bereak dira Olivier, Olivier (1992), The Secret Garden (1993) edo Green Border (2023), zeinak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu baitzuen Venezian.
Milagros Mumenthaler zinemagile argentinarra (Córdoba, 1977) lehenbizikoz izango da Donostian bere hirugarren lanarekin: Las corrientes / The Currents. Suitzaren eta Argentinaren arteko koprodukzio horrek Isabel Aimé González Sola du protagonista, zeina ustez atzean utzita zeukan iraganarekin borrokatuko baita. Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zituen bere lehenbiziko bi filmak: Abrir puertas y ventanas / Back to Stay (2011), Urrezko Leopardoa eskuratu zuena, eta La idea de un lago / The Idea of a Lake (2016), zeinak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu baitzuen 2013an. Biek parte hartu zuten Horizontes Latinos saileko programazioan.
Alice Winocour (Paris, 1976) zinemagilea berriz izango da Sail Ofizialean bere Couture bosgarren filmarekin —aurretik, Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Donostian Proxima (2019) lanarekin—. Frantzia eta AEBren arteko koprodukzio hori modaren munduan dago girotuta, eta Angelina Jolie eta Louis Garrel ditu protagonista. Zuzendari frantziarrak Augustine (2012) lanarekin egin zuen debuta Cannesko Semaine de la Critique atalean. Jaialdi berera bueltatu zen Maryland / Disorder (2015) filmarekin, zeinak Un Certain Regard sailean parte hartu baitzuen, eta, ondoren Revoir Paris / Paris Memories (2022) lanarekin, Quinzaine des Cinéastes-en.
Film horietaz gainera, aurretik jakinarazitako Espainiako lau produkzio ere lehiatuko dira sail Ofizialean: Maspalomas, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariena; Historias del buen valle / Good Valley Stories, José Luis Guerin zinemagilearena; Los Tigres, Alberto Rodríguez zuzendariarena, eta Los domingos / Sundays, Alauda Ruiz de Azúak zuzendua. Datozen asteetan jakinaraziko ditugu Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako
Aspaldiko partez Frantziara bueltatu ondotik, Mathias Vogler piano-jotzailea berriro jarriko da harremanetan bere mentore Elenarekin, kontzertu bat prestatzeko. Parke batean, bere berdin-berdina den haur batekin topo egingo du, eta Claudengana eramango du, garai batean maite izan zuen emakumearengana, alegia.
Lau pertsonak bizimodu arruntak dituzte toki banatan, eta haien bideak ez dira inoiz elkarrekin gurutzatzen. Gizon misteriotsu bat agertuko da istorio bakoitzean, beti beste norbaiten itxuran: une batean haurtzaindegi bateko irakaslea, hurrengoan kamioi-gidaria, bizargina jarraian... Etengabe aldatzen da haren nortasuna. Eta, orduan, heriotza ailegatuko da. Detektibe bat egiaren bila hasi eta errebelazio batera gerturatuko da...
Agnieszka Holland zuzendari itzaltsuak orain arteko proiekturik anbiziotsuenari heldu dio, eta Franz Kafka XX. mendeko idazle txekiar enblematikoaren biopic bat aurkeztu du. Filma mosaiko kaleidoskopiko gisa sortua da, eta Kafkak munduan utziriko urratsari jarraitzen dio, hasi XIX. mendeko Pragatik, harik eta Vienan hil zen arte, I. Mundu Gerra eta gero. Franz filmak bestelako begirada bat eskainiko dio publikoari, literaturako jeinuaren atzean zegoen gizonaren bizimoduari buruz.
Lina, 34 urteko estilista argentinarra, bere karreraren gailurrean dago, eta, bat-batean, inpultso batek gain hartuko dio Suitzan sari-banaketa baten ondotik. Buenos Airesa iritsitakoan, ez du ezer esango, baina zerbait aldatuta dago jada: isilik eta ikusezin, zerbaitek ustez atzean utzita zeukan iragana ekarriko dio atzera.
Modaren Parisko Astearen zalaparta betean, hiru emakumeren bizitzak gurutzatuko dira. Hirurak ere borrokan ari dira munduko tragediekin eta beren bizitzako kontuekin: Maxime zinema-zuzendari estatubatuarrari minbizia diagnostikatu diote; Ada modelo hegosudandar gazteak, markaturiko etorkizun batetik ihes egin, eta ingurune fribolo batean amaituko du; Angèle makillatzaile frantziarrak, azkenik, desfileen atzealdean lan egiten du eta beste bizimodu bat izan nahiko luke.