La plaga sin fin / The Neverending Plague, Joaquín Cociña eta Cristóbal Leónena; Moscas / Flies, Fernando Eimbckerena, A la hora de poner la mesa ya no éramos cinco / We Were No Longer Five, Esteban Hoyos eta Juan Miguel Gelacio egileena; and Chicas tristes / Sad Girls, Fernanda Tovarrena dira Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan postprodukzio-fasean egonik profesional talde baten aurrean aurkeztuko diren lau film luze latinoamerikarrak. Denak izango dira WIP Latam Industriaren Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak.
Esteban Hoyos eta Juan Miguel Gelacio kolonbiarrek elkarlanean filmatu dute euren A la hora de poner la mesa ya no éramos cinco bigarren film luzea, gatazka armatuan desagertutako seme-alaben bila dabiltzan emakume kolonbiarren talde baten istorioa. Biek batera zuzendu zuten euren lehen film luze Selva / Jungle, eta WIP Latamen 2023ko edizioan aurkeztu eta Cartagena de Indiaseko zinema-jaialdiaren iazko edizioan estreinatu zuten.
Chicas tristes Fernanda Tovar mexikarraren lehen lana dugu, eta Ventana Sur azokako Proyecta ekimenean aurkeztu zen 2022an. Zinemagileak Mi edad, la tuya y la edad del mundo (2022) film laburrarekin parte hartu zuen Cannesko Semaine de la Critique atalean. Filmak lagun-minak diren bi igerilariren arteko adiskidetasuna nola hausten den kontatzen du. Haietako bati eragiten dion egoera latz bati aurre egiteko moduarekin ados ez daudelako.
La plaga sin fin León & Cociñak zuzendu du, Joaquín Cociña eta Cristóbal León artista bisual txiletarrez osatutako bikoteak, hain zuzen. Zuzendariek –Berlinalen estreinatu zutenek La casa lobo (2018)– ipuin-erreinu bateko Diana printzesaren istorio magikoa kontatzen digute filmean, nola bidaiatzen duen denboran zehar egungo Santiagoraino (Txile).
Azkenik, Fernando Eimbcke mexikarra Donostiara itzuliko da Moscas lanarekin, bere apartamentuan gela bat alokatu behar duen emakume batek bere maizterraren semearekin sortuko dituen lotura emozionalei buruzko kontakizunarekin, hain zuzen. Zinemagileak Donostian aurkeztu ditu, batetik, Lake Tahoe (2008), Zabaltegi-Perlak sailean eta 4 + 1: Mexikoko zinema garaikidea atzerabegirakoan, non Revolución obra kolektiboko bere film laburra ere eman baitzen, eta, bestetik, Club Sandwich (2013), Sail Ofizialean. Gainera, No todo es permanente bere film laburra Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketan hautatu zuten 2008an. Bere azken film luzea, Olmo, aurtengo Berlinaleko Panoraman estreinatu zen.
WIP Latamen aurkeztu berri diren film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean. Iaz hautatutako filmetatik, Kim Torresen Si no ardemos, cómo iluminar la noche / If We Don 't Burn, How Do We Light Up The Night, New Directors-en izango du mundu-estreinaldia; Daniel Hendlerren Un cabo suelto / A Loose End, Venezia Spotlight ekimenean parte hartuko du; eta Iván Fundek Epaimahaiaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlinaleren aurreko edizioan, El mensaje / The Message filmarekin. Ekimen honetako parte-hartzaileen arrakasta-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.
WIP Latam Industria Saria. A Contracorriente Films, Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresek postprodukziorako laguntzak emango dituzte. Saria aurkeztutako film baten postprodukzioan datza, barnean hartuta ingelesez azpititulatutako DCPa sortzea eta Espainian banatzea.
WIP Latam onenaren EGEDA PLATINO INDUSTRIA Saria. Guztira, 30.000 euro gordin emango zaizkio film irabazlearen ekoizle nagusiari.
WIP Latam egitasmoa A Contracorriente Films, Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, EGEDA - Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundea, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresen lankidetzari esker egin ahal izan da.
Marthak (45) semea galdu zuen gatazka batean; egun batean, albiste bat jasoko du: parte hartu zuen deshobiratzean aurkitutako hezurrak ez dira semearenak. Erakunde-bideekin nekatuta, emakume bilatzaileen talde batera jo, Sandra ezagutu eta zera esango dio emakumeak: ''ordokiko herri urrun batean, hildako bati fabore bat eskatu ahal zaio''. Sandrak eta biok bidaia bati ekingo diote erantzunen bila, bizien eta hildakoen muga lausotzeraino. Seme-alabak aurkitu nahi dituzten amak eta amen bila dabiltzan seme-alabak: zigor beraren bi parteak elkartu egingo dira bake bila.
Maisua eta Paula ekipoko igerilari onenak dira, baita lagunik onenak ere, harik eta festa batean gorabehera batek dena aldatzen duen arte. Maisuak, sutsua eta geldiezina izanik, lagunari zerbait gertatu zaiola sumatuko du: orain goibel dago. Egia argitara ateratzen denean, bi adiskideek erabaki ezinezko bati aurre egin beharko diote: Paulak isilik geratu nahi du; maisuak, ordea, justizia nahi du. Lehen suntsiezina zen adiskidetasuna inoiz baino gehiago egongo da kolokan.
Diana antzinako erresuma bateko printzesa da. Ama Dianaz erditzean hil zen, eta aitak –Arthur erregeak– maitasuna debekatu zuen erresuman. Handitzean, Lalo izeneko gazte alderrai batekin maiteminduko da Diana, eta besoko magiko bat oparituko dio, maite duela erakusteko. Egun batean, erregeak harremana deskubritu eta Lalo erbesteratuko du. Diana desesperatuak besokoa erabiliko du mundu ezezagun batera joateko, eta zoriontsua da hor Lalorekin; alabaina, aitak istripu bat izan eta bikoteak ezingo du harremana formalizatu. Diana bestelako unibertsoetara salto egiten hasiko da, maitearen bila, baina amesgaizto bihurtuko da bidaia. Aitak Dianaren erabakiak manipulatzen dituela ohartzean, bere beldurrei aurre egin eta bere patua aldatu beharko du.
Galera handi bat pairatu zuenetik, Olgak (55) bakardadeari eusten dio, baina oineko behatz lodian ebakuntza kirurgiko bat egiteko dirurik ez duenez, bere apartamentuko gela bat Tuliori errentatu beste erremediorik ez du izango; Olga bizi den solairu anitzeko eraikin erraldoiaren aurreko Zentro Medikoan ospitaleratutako paziente baten senarra da Tulio. Alabaina, gizonak egun batzuetarako alde egin beharko du eta bere seme Cristian (9) Olgaren apartamentuan geratuko da, Olgak ahal duen guztia egingo du tartean ez sartzeko, baina Cristianen kalteberatasuna ikusirik, gehien beldurtzen donari aurre egin beharko dio: lotura emozionalari.
Industria Saila ondorengoen babesarekin