Pen-Ek Ratanaruang zuzendari thailandiar sarituaren thriller batek, New Yorken jatetxe vietnamdar bat irekitzeko ametsa duen Texasko sukaldari bati buruzko ekoizpen frantziar batek eta Joan Roca, Javier Urondo eta Tetsuro Maeda chefen inguruko fikzio banak osatzen dute Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Culinary Zinema saileko menua. Bost filmak Culinary Zinema saria eskuratzeko lehiatuko dira, film irabazlearentzako 10.000 eurotan datzana.
Culinary Zinema saila, emanaldiekin lotutako lau afari tematiko ere hartuko dituena barne, gaur goizean aurkeztu dute Tabakaleran LABe Digital Gastronomy LABe laborategian Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek.
Pen-Ek Ratanaruangek (Bangkok, 1962), Cannesko, Berlingo eta Veneziako zinema-jaialdietan ohikoa denak, Ploy aurkeztu zuen Perlak sailean 2007an, Quinzaine des Cinéastes atalean hautatua izan ondoren. Aurten Donostian izango dugu berriz ere Morte cucinarekin, sailari hasiera emango dion thriller gastronomiko batekin, hain zuzen; protagonistak sukaldean duen maisutasuna erabiliko du mendekua gauzatzeko.
Euren jatetxeetan 70 Michelin izar dituzten hogei sukaldari biltzen dira Uno de los nuestros. El legado de Joan Roca visto por 70 estrellas Michelin lanean, El Celler de Can Roca jatetxeko sukaldaria omenduz. Jorge Fernández Mayoralek (Logroño, 1982) eta Virginia Jönas Urigüenek (Bilbo, 1975) zuzendu dute Culinary Zinemari amaiera emango dion filma.
Tetsu, Txispa, Hoshi Tetsuro Maeda sukaldari japoniarrari eta haren jatetxeari –Atxondoko ibarrean kokatutakoari (Anboto mendiaren magalean, Bizkaian)– buruzko dokumentala da. Jon Arregui Larrazabalek (Portugalete, 1970) bigarren aldiz parte hartuko du sailean, 2013an Francisco Javier Gutiérrez Peredarekin batera zuzendutako Euskadi, cocina en la cumbre aurkeztu eta gero.
Nan Feix zuzendari frantziarrak (Boulogne-Billancourt, 1974) ere bere lehen film luzea aurkeztuko digu, Culinary Zineman parte hartuko baitu Mamekin, bidaia batean Vietnamgo gastronomiaz maitemindu eta New Yorken bere jatetxe propioa irekitzeko anbizioa duen Texasko sukaldari baten inguruko fikziozko film batekin, hain justu ere.
Mariana Erijimovichek (Buenos Aires, 1975), zuzendari gisa egin duen debutean, Jota Urondo, un cocinero impertinente / Jota Urondo, An Impertinent Chef aurkeztu ditu, Juan Villegas zuzendari eta ekoizle argentinarrarekin batera (Buenos Aires, 1971). Villegasek New Directors-en aurkeztu zuen bere bigarren filma, Los suicidas (2005). Sukaldari argentinarraren eta hark Buenos Airesko bazter batean sortutako erresistentziagunearen erretratua egiten du ez-fikzioak.
Kataluniako Generalitateko Turismo Agentzia Katalanak Culinary Zinema atala babesten du, ‘Katalunia, Gastronomiaren Munduko Lurraldea 2025’ sariari ikusgarritasuna emanez eta sukaldaritza katalanaren bikaintasuna mundu mailan aurkezten duen kanpaina sustatuz.
Saileko bost filmetako laurekin batera afari tematikoak egingo dira irailaren 23tik 26ra Basque Culinary Centerren. Culinary Zinema ohiko formatuan egingo da: hamar jankide mahai bakoitzeko, esperientzia aberasteko elkarrizketak sustatzeko. Basque Culinary Centerreko irakasleek eta ikasleek afari guztietan parte hartuko dute, nola sukaldean hala aretoan lagunduz. Baterako sarrerak (emanaldiak eta afariak) datorren ostiralean −abuztuaren 29an− jarriko dira salgai, 10:00etan sansebastianfestival.janto.es eta tickets.kutxabank.es webguneen bidez. 85 euro balioko dute emanaldi eta afari tematikorako sarrerek.
Culinary Zinemaren afari tematikoak irailaren 23an hasiko dira Morte cucina film thailandiarraren emanaldiaren ondoren. Alex Zurdo, Txitxo Fernández eta Gabryella Ismeriak (kale-janari asiarra zigilu personal gisa duen Madrilgo proiektu Kitchen 154) diseinatutako menu bat izango du lagun. 2014an sortu zuten sukaldari horiek proiektua, eta hiria konkistatu dute, zaporea formaren aurretik jartzen duten eta pikanteak, espeziek eta benetakotasunak agintzen duten lokal zirraragarriekin. Filosofia argia dute: “Ez gastrorik, ez postureorik", Bangkokeko, Hanoiko edo Luang Prabangeko merkatuak gogorarazten dituzten plater biziak besterik ez. Horiekin, esperientzia gastronomikoa filma bezain biribil eta bizia izango da.
Tetsu, Txispa, Hoshi dokumentalak Tetsuro Maeda sukaldari japoniarraren eta Txispa jatetxearen sormen-unibertsoari irekitzen dizkio ateak. Aparteko kasu honetan, Maedak berak diseinatuko du hilaren 24an menu esklusibo bat, sukaldaritza ulertzeko duen modu berezia partekatuz: intimoa, harrigarria eta produktuaren garbitasunarekin eta txingarraren suarekin (Japoniako kultura gastronomikoaren sinboloa izanik) oso lotuta dagoena. Proposamenak Japoniako esentzia gogora ekartzen duten zaporezko bidaia batera gonbidatuko ditu –hartzigarriak, mazerazioak, kontserbak–, osagai lokalekin berrinterpretatuak, freskoak eta sasoikoak, eta euskal ukitu nahastezinarekin nabarmenduak. Esperientzia paregabea, tradizioa eta lurraldea uztartuko dituena ñabarduraz betetako sukaldaritza-elkarrizketa batean.
Jota Urondo, un cocinero impertinente pelikulak Javier Urondo sukaldari argentinarra eta Buenos Airesko izkina batean hark sortu zuen erresistentzia kultural eta gastronomikorako lekua erretratatzen ditu: Urondo Bar. Urondoren sukaldaritza, memoriaz eta izaeraz betea, nortasun- eta topaketa-ekintza bihurtzen da. Afari honetan, 25ean, Urondok berak, bere taldearekin batera, afaria prestatuko du zuzenean, Argentinatik bidaiatu ondoren. Zaporea, istorioa eta errebeldia uztartuko dituen proposamen bat, filmaren espirituarekiko sintoniari eutsiz.
Uno de los nuestros dokumentalak Joan Rocaren –El Celler de Can Rocako sukaldariaren– legatua omentzen du 70 Michelin izarren begiradaren bidez. Emanaldi honek emango dio amaiera Culinary Zinemaren edizio honi, eta azken afariak nazioarteko gastronomiako bi erreferente nagusi bilduko ditu ostiral 26an: Joan Roca eta Dani García, lau eskuzko menu batean. Amaiera bikaina, pelikulan erakutsitako omenaldia gogora ekarriko diena parte-hartzaileei, esperientzia gastronomiko bilakatuta betiere.
Mam pelikulak ez du afaririk izango eta, horrenbestez, sarrerak irailaren 16an jarriko dira salgai 8,75 euroren truke, saileko gainerako filmak ikusteko sarreren (afaririk gabe) prezio berean.
Saok zerbitzari gisa egiten du lan Bangkokeko jatetxe batean. Talentu handiko sukaldaria, iragan tragikoak markatuta dago. Bizimodu lasaia darama, baina nola fisikoki hala emozionalki sakon zauritu zuen gizona topatuko du halabeharrez. Saok mendekatzea eta bere erasotzailea harrapatzea erabakiko du, sukaldaritza thailandiarrari buruz duen jakinduriaren medioz.
20 sukaldari eta 70 Michelin izar –Dani Garcíak zuzenduak– biltzen dira erronka bat gainditzeko: Juan Rocaren legatua berrikusiko duen afari ahaztezin bat gauzatzea. Bidaia bat Espainiako sukalde itzaltsuenetan zehar, El Cellerren influentzia eta irakaskuntzen bila, Joanen erretratu errepikaezina egite aldera.
Egun batean, Tetsuro Maeda ”Tetsu” bere etxetik irten (Anboto mendiaren magalean), Atxondoko ibarreko basoak zeharkatu eta bere jatetxe Txispara iristen da. Lanean ari dela, bere bizitza gogoratzen du, duela 40 urte Tokion jaio zenetik, gaur arte, bere jatetxeak Michelin izar bat duela. Euskaldunentzat mitikoa den Anboto mendiko usain eta zaporeez inguratua, Tetsuk bere platerak gogoratu eta forma eta kolorea ematen die, gailurretik ikusten den paisaia liluragarria dasta dezaten jankideek.
Vietnamgo gastronomiarekin maitemindu ondoren bizitza aldatu zion atzerrirako bidaia batean, Jerald –Texaseko herri txiki bateko sukaldari autodidakta– New Yorkera iritsi da xede bakar batekin: bere jatetxe propioa irekitzea. Aldi baterako lanak egin bitartean, errezetak perfekzionatzen ditu, ezkutuan, soto bateko sukaldean, baina denbora eta dirua agortzen ari zaizkio. Nhung ezagutuko du, eta bien arteko aliantza gertagaitzak bidaia gastronomiko ausart bat abiaraziko du. Kale-salmenta inprobisatuetatik taberna ezkutu klandestino bateraino, Jerarden ametsa egia bihurtzeko borroka egingo dute.
Javier Urondoren erretratua, jaten emateko arteari buruzko begirada deseroso, zuhur eta probokatzaile bat erakusten diguna. Javierren aita, Paco Urondo, poeta eta militante politiko gailena izan zen, 1976ko diktadura militarrak eraildakoa. Javierren historia da film hau: Buenos Aires hiriko aldirietan kokatutako bere jatetxea –Urondo Bar izenekoa– nola mantentzen duen, bere legatuari eta partaide izateari zentzu berri bat eman eta erresistentzia-ekintza bihurtuz. Janaria kultura- eta familia-gordailu gisa.