Edward Berger, Claire Denis, Dolores Fonzi, Joachim Lafosse, Olmo Omerzu, Xiaoyu Qin eta James Vanderbilt zuzendarien film luze berriek bat egingo dute Urrezko Maskorraren lehiaketarekin Sail Ofizialean, eta Juliette Binoche aktorearen lehen filma zuzendari gisa eta Junji Sakamotoren lan berria ere bilduko ditu sailak, lehiaz kanpo, Emanaldi Berezi gisa.
Iaz Urrezko Maskorrerako hautagai izan ondoren Conclave (2024) filmarekin (besteak beste, egokitutako gidoi onenaren Oscar saria eta film onenaren BAFTA saria irabazi zituen), Edward Berger (Wolfsburg, 1970) lehiara itzuli da Ballad of a Small Player filmarekin. Erresuma Batuaren ekoizpen honen protagonista Colin Farrell da, Macaun egonik iragana eta zorrak benetan eragiten hasiko zaizkion jokalari amorratu baten rolean. Fala Chen, Tilda Swinton eta Alex Jennings aktoreek ere parte hartu dute filmean. Bergerrek nazioarteko film onenaren Oscar saria lortu zuen Im Westen nichts Neues filmarekin (2022), argazki onenaren, soinu-banda onenaren eta ekoizpen-diseinu onenaren sariez gainera.
Claire Denis (Paris, 1946), High Life (2018) filmarekin Donostian FIPRESCI Saria irabazi zuena, bigarrengoz lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko Le Cri des Gardes / The Fence filmarekin. Mendebaldeko Afrikako obra bateko barrakoietan girotutako filma da, Bernard-Marie Koltèsen Combat de nègre et de chiens antzezlanean oinarrituta eta Isaach de Bankolé, Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth protagonista dituena. Nénette et Boni (Urrezko Lehoinabarra Locarnon, 1996), Beau travail (1999), Trouble Every Day (Kontrauhina: Frantziako zinema berriena atzerabegirakoa, 2001) eta White Material (2010) lan ospetsuen eta bestelakoen idazle, Denisek punta-puntako hainbat jaialditan lehiatu (Cannes, Berlin, etab.) eta sariak jaso ditu horietan; izan ere, Berlinalen Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso zuen Stars at Noon lanarekin (2022), baita Zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza ere Avec amour et acharnement filmarekin (2022) ere. Azken hori Donostia Saria Emanaldia izan zen, Juliette Binoche aktoreari emandako ohorezko saria zela-eta. 2023an Donostia Zinemaldiko epaimahai ofizialaren epaimahaiburua izan zen.
Dolores Fonzi (Buenos Aires, 1978) aktore, gidoigile eta zinemagile argentinarraren lehen zuzendaritza-lana Blondi (2023) izan zen, BAFICIn estreinatu ondoren Horizontes Latinosen aurkeztua; oraingoan Sail Ofizialean lehiatuko da bere bigarren zuzendaritza-lanarekin. Fonzik berak protagonista-rol bat du Belén filmean, Camila Plaate eta Laura Paredesekin batera. Benetako istorio bat birsortzen duen film honetan, Fonzik Tucumángo abokatu bat haragitzen du, nahita abortatzea leporatuta kartzelatutako emakume gazte baten askatasunaren aldeko borrokaren buru dena. Ibilbide luzeko antzezle gisa, Fonzik askotan hartu izan du parte Donostia Zinemaldian; adibidez, Sail Ofizialean El aura (Fabian Bielinsky, 2005), Truman (Cesc Gay, 2015) eta Distancia de rescate (Claudia Llosa, 2021) lanekin izan da. 2017an Donostia Zinemaldiko epaimahai ofizialeko kide izan zen.
Six jours ce printemps-là / Six Days in Spring da Joachim Lafosseren (Uccle, 1975) film luze berriaren izena; Belgika, Frantzia eta Luxdemburgoren arteko koprodukzioa honetan, Eye Haïdarak ama etsi baten rola egiten du, aitaginarreba ohiek Kosta Urdinean duten etxea maileguan hartzen duena, seme-alabekin opor-egun batzuk igarotzeko hor. Belgikako zuzendariak hirugarrenez hartuko du parte Zinemaldiko Sail Ofizialean: lehen aldian, Les chevaliers blancs / The White Knights (2015) lanarekin Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen; bigarrengoz Un silence / A Silence (2023) filmarekin itzuli zen. Lafossek Cannesko Un certain regard atalean parte hartu zuen À perdre la raison / Our Children (2012) filmarekin, eta Nue propriété / Private Property (2006) filmarekin Venezian lehiatu zen, baita Elève libre / Private Lessons (2008) filmarekin ere Quinzaine des Cinéastes atalean. Gainera, Continuer (2018) aurkeztu zuen Veneziako Giornate degli Autori sailean, eta Les intranquilles / The Restless (Perlak, 2021) Cannesko zinema-jaialdian.
Eslovenia, Polonia, Eslovakia, Kroazia eta Frantziarekin batera ekoitzitako Txekiar Errepublikaren produkzioa da Ungrateful Beings, eta bertan, agidanez lasaia den oporraldi batez gozatzen ari dira, kanpin batean, aita dibortziatu berri bat eta haren bi seme-alaba nerabeak. Olmo Omerzu esloveniarrak (Ljubljana, 1984) lehendabizikoz hartuko du parte Sail Ofizialean, baina ez da izango, ordea, bere lehen parte-hartzea Zinemaldian, New Directorsen izan baitzen Rodinny Film / Family Film (2015) bere bigarren film luzearekin. Bere lehen film A Night Too Youngekin (2012), Berlinaleko Forumerako hautatua izan zen, hirugarrenarekin –Winter Flies (2018) izenekoarekin–, zuzendari onenaren saria irabazi zuen Karlovy Varyn, eta jaialdi horretan estreinatu zuen bere hurrengo lan Bird Atlas (2021)
Xiaoyu Qin (Hohhot, 1974) zinemagile txinatarrak fikziozko bere lehen film luzea aurkeztuko du, Jianyu Laide Mama / Her Heart Beats in Its Cage, bere protagonista originalekin emakume baten benetako istorioa birsortzen duena; protagonista, senarra hiltzeagatik espetxean hamarkada bat eman ondoren, hamar urteko semearekin elkartuko da. Zuzendariak ez-fikziozko bi lan idatzi ditu: Wo de shi pian / The Verse of Us (2015), Shanghaiko jaialdian dokumental onenaren saria irabazi eta Amsterdamgo IDFA Festival jaialdian lehiatu zena, eta One More Day (2021).
Robert Redford eta Cate Blanchett protagonista zituen Truth (2015) filmarekin debuta egin ondoren, James Vanderbiltek (Connecticut, 1975) Nuremberg filmarekin parte hartuko du Sail Ofizialean. Bertan, Rami Malekek Douglas Kelleyren benetako pertsonaia hezurmamituko du; Nurembergeko epaiketen bezperan 22 nazi aztertu zituen psikiatra estatubatuarra izan zen Kelley, tartean Hitlerren eskuineko esku Hermann Göring, Russell Crowe aktoreak gorpuztua. Jack El-Hai kazetari eta idazlearen The Nazi and the Psychiatrist liburua egokitu du Vanderbillek, eta, orobat, ekoizlea ere bada eta Zodiac (David Fincher, 2007), The Amazing Spider-Man (Marc Webb, 2012) eta Scream (Neve Matt Bettinelli-Olpin eta Tyler Gillett, 2022) filmen gidoiak ere idatzi ditu, besteak beste.
Arestian aipatutako filmez gainera, jada iragarritako hauek ere parte hartuko dute: Arnaud Desplechinen Deux pianos / Two Pianos; Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas; José Luis Guerinen Historias del buen valle / Good Valley Stories; Agnieszka Hollanden Franz; Milagros Mumenthalerren Las corrientes / The Currents; Alberto Rodríguezen Los tigres; Alauda Ruiz de Azúaren Los domingos / Sundays; Yutaro Seki eta Kentaro Hiraseren SAI / SAI: Disaster; eta Alice Winocourren Couture.
Emanaldi Berezien atalean, Juliette Binochek (Paris, 1964) zuzendutako lehen film luzea emango da, IN-I In Motion, In-In –aktoreak 2007an Akram Khan dantzari eta koreografoarekin batera egindako dantza- eta antzerki-ikuskizun hibridoan– izandako esperientzia berrikusten duen ez-fikziozko filma. 40 urtetik gorako ibilbidean, Binochek goi-mailako zinemagileen 70 bat filmetan parte hartu eta sari igari jaso ditu, hala nola antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren Oscar saria The English Patient (1996) filmean egindako lanagatik, eta beste hainbat interpretazio-sari munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenetan (Cannes, Berlin, Venezia, etab.), ahaztu gabe 2022an Donostia Saria eman zitzaiola bere ibilbide osoagatik.
Lehiaz kanpo, Teppen no mukou ni anata ga iru / Climbing for Life ere emango da, Junko Tabei alpinista japoniar handiaren benetako istorioan funtsatutako pelikula; Everest mendiaren gailurrera iritsi zen lehen emakumea izan zen Tabei. Zuzendaria, Junji Sakamoto (Osaka, 1958) hainbat filmen egilea da: Kao / Face (2000), Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu eta Gazteriaren Saria irabazi ondoren Japoniako Akademiako zuzendari onenaren Saria irabazi zuena; Yami no kodomo-tachi / Children of the Dark (2008); Kita no kanaria-tachi / A Chorus of Angels (2012); Fuyu Soubi / A Winter Rose (2022); eta Sekai no Okiku / Okiku and the World (2023), besteak beste.
SAIL OFIZIALA - Lehiaketan
Iragana eta zorrak benetan hasten zaizkionean eragiten, Macaun babestutako jokalari amorratu batek arima biki bat aurkituko du; baliteke gizonaren salbaziorako gakoa izatea.
Mendebaldeko Afrikako herri-lanen proiektu handia. Horn obraburuak eta Cal ingeniari gazteak ostatua partekatzen dute euren instalazioetako ate bikoitzaren atzean. Leone –Hornen emazte berria– bi gizonekin elkartzera datorren gau berean, gizon bat agertuko da hesiaren ondoan. Alboury du izena. Iluntasunean agertutako mamuen antzera, egun horretan bertan obran hildako anaiaren gorputza erreklamatzen du. Gau osoan jazarriko ditu bi gizonak, hildakoa entregatu arte, Leonek begien aurrean ikusten duen bitartean hondamena nola hazten den.
Tucumán, Argentina, 2014; emakume gazte bat ospitalera joan da sabeleko min gogorrak jota, haurdun dagoela jakin gabe. Esnatzean, ohatilara bilurtuta eta poliziaz inguratuta dago. Apropos abortatu izana leporatzen diote, eta bi urteko behin-behineko espetxealdiaren ondoren, zortzi urteko espetxe-zigorra ezarriko diote giza hilketagatik, loturaren larrigarriarekin. Tucumángo abokatu batek haren askatasunaren alde borrokatuko du, milaka emakume eta erakunderen laguntzarekin, eta denek egingo dute bat historiaren norabidea aldatzeko.
Zoritxarra gorabehera, Sanak bere bikiek udaberriko oporrak izan ditzatela nahi du, baina asmo guztiek porrot egingo dute. Elkarrekin, Rivierako luxuzko etxe batean –Sanaren aitaginarreba-amaginarreba ohien jabetzan– geratzea erabakiko dute, inori ezer esan gabe. Sei egun eguzkitsu, inozentziaren amaiera markatuko dutenak.
Davidek Adriatikora eraman ditu, oporretara, bere bi seme-alabak, familia elebidun banandua lotuta mantentzeko itxaropenez. 17 urteko alaba, Klára, elikadura-nahasmendu baten aurka borrokatzen ari dena, hango mutil batekin maiteminduko da, Denisekin. Hilketa leporatzen diotenean, Davidek berehala itzuliko ditu haurrak etxera. Kláraren gaitza larriagotu eta ospitaleratu egingo dute gaztea. Gurasoak batzen dituen gauza bakarra Klára salbatu beharra da, eta etsi-etsizko garaietan etsi-etsizko neurriak hartu behar dira.
Hongek 10 urte eman ditu kartzelan senarra hiltzeagatik. Kartzelako arte-tailerrari egindako ekarpenari esker, zigorra murrizteko ustekabeko aukera izango du. Bere seme Lele amonak hazi du eta ez da inoiz amarekin bizitzeko prest egon. Berriro elkartu ondoren, Lelek hotz tratatzen du ama beti. Amona pertsona bakartia da eta Lele itzultzea nahi du; gainera, gizarteak ez ditu preso ohiak ondo tratatzen; hori horrela izanik, gai izango ote da Hong bere espetxe ikusezinetik ihes egin eta zoriona berreskuratzeko?
Nurembergek bete-betean kokatzen gaitu duela 80 urte Aliatuek erregimen naziaren porrotaren ondoren egindako epaiketetan. Douglas Kelley psikiatra estatubatuarra izendatu dute preso nazien osasun mentala ebaluatzeko eta gerra-krimenengatik epaitu ote daitezkeen erabakitzeko. Gauetik goizera, Kelley buruargitasun-borroka korapilatsu batean murgilduko da Hitlerren eskuineko eskuaren eta gizadiaren historiako gizonik beldurgarrienetako baten aurka: Hermann Göring.
SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak
2007an, Juliette Binochek eta Akram Khanek etenaldi bat egin eta elkarrekin sortu zuten In-I, mundu osoan zehar biratutako performance original bat. Gaur, Juliette Binochek bidaia bizigarri hura berrikusiko du. Irudi ezezagunen bidez, sorkuntzari, haren erronkei eta horrek dakarren eraldaketa pertsonalari buruzko gogoeta egiten du zinemagile gisa.
1975ean, emakume bat Everest mendiaren gailurrera iritsi zen: Junko, munduko gailurrik altuenera heldutako lehen emakumea historian. Junkoren balentria ahaztezinak mundua txunditu zuen, fokua jarriz baina itzal handi bat proiektatuz bere lagun eta senideengan. Azken urteetan gaixotasun terminal bat diagnostikatu zioten arren, Junkok mendiei desafio egiten jarraitu zuen. Zer izan ote zen gailurretatik haratago ikusi zuen azken gauza?