Klasikoak sailak –zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituenak– hamabi lan bilduko ditu Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, hala nola Christian-Jaque, Jorge Fons, José Miguel (Jomí) García Ascot, Antonio Giménez-Rico, Stanley Kubrick, Yoshimitsu Morita eta Manoel de Oliveiraren lanak. Obra horiez gain, Urrezko Maskorra irabazi zuen Furtivos (José Luis Borau, 1975) ere emango da inaugurazio-film gisa (mende-erdia beteko du pelikulak aurten), baita 80ko hamarkadan José Julián Bakedanok, Xabier Elorriagak, Anjel Lertxundik eta Alfonso Ungríak zuzendutako euskarazko film ertainak ere.
Donostia Zinemaldiko eta Euskadiko Filmategiko arduradunek, José Luis Rebordinosek eta Joxean Fernándezek (hurrenez hurren), zaharberritutako lanen hautaketa ezagutarazi dute gaur Tabakalerako zinema-aretoan. Elkarrekin aurkeztu dituzte Klasikoak ekimena osatzen duten hiru programazioetako kartelak: Zinemaldiaren izen bereko saila, haren atzerabegirako klasikoa (edizio honetan Lillian Hellman gidoilariari eskainia) eta Euskadiko Filmategiarekin batera antolatutako hiru hilabeteko zikloa, urte honetatik aurrera urrian hasiko dena. Hiru hilabeteko zikloari dagokionez, Alfred Hitchcocken Notorious klasikoak (1946) inauguratuko du, eta Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen proiektatuko diren hamalau filmetako lehena izango da.
Horrela, guztira, Klasikoak sailean 42 film eskainiko dira irailetik abendura bitartean, klasiko nola zahar hala modernoen 124 emanalditan banatuta (film ospetsuak ez ezik, aurkikuntzak ere biltzen dira). Klasikoak, honenbestez, denboran eta espazioan hedatutako zinema klasikoko jaialdia da. Programa horrek, José Luis Rebordinosen hitzetan, “ez dio nostalgiari heltzen, oroitu eta memoria egin beharrari baizik”. Horren ildotik, hau azpimarratu du: “Kultur erakunde garen aldetik, zinema-jaialdiok eta filmategiok betebeharra dugu orainera ekartzeko iraganeko zinema, nola ikus-entzuleek ezagutzen dituzten klasikoak hala oraindik deskubritzeke dauden harribitxiak. Obra horiek berreskuratzeak berrinterpretazio berriak pizteko balio du, orainaldiarekin ez ezik, pelikula horiek etorkizunarekin ere lotzeko, zergatik ez”.
Louis Jouvetek antzeztutako gizon baten mendekua da Christian-Jaqueren (1904-1994) Un revenant (1946) filmaren abiapuntua. Zuzendari frantziarrak –Cannesen zuzendari onenaren saria eta Berlinen Zilarrezko Hartza irabazi zituenak Fanfan la Tulipe (1952) filmarekin– Singoallarekin (1953) ere parte hartu zuen Donostia Zinemaldiaren lehen edizioan, eta hiru urte geroago Donostiara itzuli zen Si tous les gars du monde... (1956) pelikularekin (izan ere, atzerriko film baten gidoi onenaren saria jaso zuen).
Salma Hayek, Bruno Bichir, Ernesto Gómez Cruz eta María Rojo dira El callejón de los milagros (1994) filmaren –Klasikoak sailari amaiera emango dionak– antzeztaldeko aktorerik nabarmengarrienak. Naguib Mahfuzen eleberriaren egokitzapen ezaguna da, Jorge Fonsek (1939-2022) zuzendua, aipamen berezia jaso zuena Berlinalen. Mexikoko zuzendari ospetsuak Epaimahaiaren Sari Berezia beretu zuen Donostian Rojo amanecer (1990) filmarekin, Zinemaldiko Sail Ofizialean Los cachorros (1975) pelikularekin parte hartu eta urte batzuk geroago.
Klasikoak sailak En el balcón vacío (1961) lana ere eskainiko du, José Miguel (Jomí) García Ascotek (1927-1986) zuzendutako erbesteratze espainiarraren obra garrantzitsua. Mexikotik Gerra Zibileko haur errefuxiatu gisako bere iraganari aurre egin beharko dion emakume bati buruzko filma Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) zaharberritu du, Nafarroako Gobernuaren laguntzari eta Mexikoko UNAM filmategiaren lankidetzari esker.
Antonio Giménez-Rico (1938-2021) da Vestida de azul (1983) ez-fikzioaren egilea; obra aitzindari horrek emakume transei ikusgarritasuna emateko balio izan zuen Espainiako trantsizioaren urteetan. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eman zion hasiera pelikulak bere ibilbideari, eta duela bi urte, estreinaldiaren 40. urteurrena ospatu zuen memoria eta aktibismo transari buruzko elkarrizketa batekin.
Barry Lyndon (1975) filmak –Stanley Kubricken (1928-1999) obra ospetsuenetako batek– anbizio handiko eta eskrupulurik gabeko gazte irlandar baten (Ryan O'Neal) gorabeherak kontatzen dizkigu. AEBetako zinemagilearen hamargarren lanak zuzendari onenaren BAFTA lortu zuen, lau Oscar sariz gainera zuzendaritza artistiko, argazki, soinu-banda eta jantzien diseinu onenen kategorietan.
Kazoku gemu / The Family Game (1983), Yoshimitsu Morita zinemagile japoniarrarena (1950-2011), komedia ziniko eta surrealista bat da, itxuraz normala den familia baten baitan ezkutatutako arazoei maisutasunez eta umorez heltzen diena. Filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian.
Azkenik, Manoel de Oliveiraren (1908-2015) –Portugalgo zinemaren patriarka izan zenaren– lehen lana ere erakutsiko du Klasikoak sailak. Filmak zuzentzen ia 80 urte eman zituen zinemagilaren lehen film luzea, Aniki Bóbó (1942), Duero ibaiaren ertzeko haurtzaroaren erretratua da, 40ko hamarkadako Portoko etxe, eskola eta kalexken artean.
Zaharberritutako klasikoen zerrenda horri beste film bat gehituko zaio datozen orduetan.
Duela gutxi iragarri zen bezala, 1935tik 1999ra bitartean estreinatutako 16 film luzez osatuta egongo da Lillian Hellman gidoigile estatubatuarrari eskainitako atzerabegirakoa. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatuta, Espainiako Filmategiarekin batera, zikloak Hellmanen lana errepasatuko du. Hollywood klasikoaren funtsezko figura izan zen Hellman, eta zinemagile ugarirekin egin zuen lan: William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle, George Roy Hill, etab.
Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak Klasikoak programazioarekin jarraituko dute urria eta abendua bitartean. Zikloa udazkenean izango da edizio honetatik aurrera (lehen udaberrian egiten zen), eta Notorious (Alfred Hitchcock, 1946) proiektatuko da. Protagonistak –Ingrid Bergman eta Cary Grant– dira edizio horretako kartelaren irudi. Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariaren hitzetan, "bi antzezleek modu ikonikoan irudikatzen dute zineman klasikotzat jotzen dugunaren irudia bera; gainera, Hitchcocken maisulanetako bat da Notorious, eta derrigorrezko erreferentzia espioitza eta suspensezko zinema erromantikoaren generoan, zikloa hasteko modu ezin hobean gainera".
Era berean, Fernándezek ekimen partekatu honen garrantzia azpimarratu du: "Donostia Zinemaldiarekin batera egindako lanak eta beste zinemateka batzuekiko elkarlanak gure sarea indartzen du nola Euskal Herrian hala nazioartean, zinemarik onena aurkitu edo berrikusteko aukera ematen du, eta kultura zinematografikoa transmititzeko gure ataza ukaezinarekin jarraitzeko aukera ematen du".
Egitarau osoa, hamalau pelikula eta saio bikoitz berezi bat izango dituena, irailaren amaieran iragarriko da. Emanaldiak Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohizunen izango dira. Lehenengo emanaldia urriaren 1ean izango da, Gasteizko Artium Museoan.
Klasikoak
Landa-ingurune zapaltzaile bateko giza harremanen sakontasun ilunak aztertzen dituen drama sutsua. Ángel da tramaren ardatz, bere ama posesibo eta autoritario Martinarekin ia erabateko isolamenduan bizi den isileko ehiztaria. Milena iheslari gaztearen iritsierak erabat aldatuko du bere oreka ezegonkorra. Ángel hartaz maitemintzen da, eta amaren gaixo-jeloskortasuna pizten da. Horrek, bortizkeria, manipulazioa eta tragediaren kiribila sortzen du.
Filma Naguib Mahfuzen eleberriaren egokitzapen garaikidea da Mexiko Hiriko Hirigune Historikoan, berrogeiko hamarkadako Kairon girotuta egonik. Mirarien Etxartean zentratzen da eta lau zatitan banatuta dago: lehenengo hirurak (Rutilo, Alma eta Susanita) elkarri lotutako istorioak dituzten hiru pertsonaiaren kontakizun independenteak dira, eta laugarren zatiak (El Regreso), berriz, bi urte geroago amaitzen ditu narratibak.
Carlito ameslari lotsatiak eta Eduardinho lider ausartak, Teresinha gorteatzen dute, taldeko neska bakarra. Maite duela erakusteko, Carlitok panpin bat lapurtu eta gau batean teilatuetan barrena joango da neskari emateko. Mutilen arteko tentsioa areagotu eta taldea Carlitoren aurka hasiko da.
Mendekurik onenak hotz zerbitzatzen dira. Jean-Jacques Lyongo bere jaioterrira itzuliko da. Han, 20 urte lehenago, bere lagunetako bat –arrebarekin ezkontzea nahi ez zuen burges bat– erailtzen saiatu zen. Jean-Jacquesek burges hori aurkitu eta Geneviève berriz liluratuko du, baina krudeltasunez abandonatuko du emakumea; gainera, bere lagunaren semea lehen dantzari ezegonkor baten besoetara bultzatuko du eta ia bere buruaz beste egingo du semeak.
William Thackeray idazle ingelesaren eleberri baten egokitzapena. Barry Lyndonek, anbizio handiko eta eskrupulurik gabeko gazte irlandar batek, emigratu egin beharko du duelu baten ondorioz. Ordutik aurrera bizimodu alderrai eta abenturaz betea darama. Alabaina, gizartean maila altua lortzea da bere ametsa. Ametsa egia bihurtuko zaio ezkontza probetxugarri bat egin eta XVIII. mendeko noblezia ingelesaren parte bihurtzean.
Agidanez klase sozial ertain-baxukoa den familia arrunt bateko gurasoek tutore bat kontratatu dute, bigarren hezkuntzako ikaslea den semeari nota txarrak hobetzen lagundu diezaion. Tutore misteriotsua aurreikusi ezinezko arma baten gisakoa izango da familian eta konbentzioak absurduaren mundura eramango ditu.
1983a da Madrilen, eta gaueko sei dama liluragarrik bisoizko berokiekin, mediekin eta apenas beste ezerekin egiten dute lan... harik eta argi keinukariaak dituzten polizia-auto batzuek kalea inguratu eta sei emakume transak eraman arte. "Luxuzko putak gara!". Bazkari lasai batean, kameraren aurrean hitz egiten dute artista eta prostituta gisa izandako esperientziez, marjinazioaz eta lege errepresiboez, gazte izateaz eta okerreko gorputzean harrapatuta zeudela deskubritzeaz.
Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasiera. Uda. Goizeko zortziak dira. Ion, ETAko militante bat, korrika doa, etsi-etsian, Donostiako Alde Zaharrean barrena; atzetik segika du polizia. Hiria esnatzen ari da, eta normaltasunez ekin dio egunari. Ihesi doan bitartean, Ionek bere bizitzaren historia ere aztertzen du. Eskolan bere nortasunari uko egiteko eskatzen zioten. Oroitzapen horiek aitaren begiradarekin eta Madeleineren gorpuzkerarekin txandakatzen dira.
1936ko goiz batean, gerra balkoitik agertuko zaio Gabriela neskatoari begien aurrean: iheslari bat eraikinaren barruko patioan ezkutatu eta biak isilik geratuko dira, baina auzokide batek oihu egin eta sekretua agerian utziko duenez, kolpistek gizona atxilotuko dute. Erbestetik, Gabrielak haurtzaroaren amaiera markatu zuten oroitzapenak berregiten ditu. Zauri kolektibo hura gogoratzeak min berezi eta zatiezina eragiten dio. Balkoi hutsa baino ez da geratzen, lehen agur haren irudia.
Apustuzale amorratua da Domingo. Apustu-artekaria da traineru-estropadetan, pilotalekuetan eta askotariko probak egiten dituzten plazetan. Baina obsesioa ere bada, eta arrisku asko hartzen ditu, beti Kornelio koldar eta zinikoa lagun duela. Domingoren emazte Martzelinaren bakardadeak jartzen du kontrapuntua istorio honetan, non ezbeharra edozein unetan lehertuko dela dirudien.
Arantxa Urretabizkaiaren eleberri izenkidean oinarrituta dago filma, eta seme bat duen hogeita hamar urteko emakume ezkondu baten bizimodua kontatzen du. Protagonistak hausnar egiten du: zergatik utziko zuen senarrak, Txemak, bakarrik semearekin? Barne-bakarrizketen bitartez, hainbat gai aztertzen ditu; besteak beste, amatasuna, bakardadea eta 70eko hamarkadaren amaierako euskal gizartean nagusitzen zen eguneroko bizitza.
Manuel lasai bizi da Ramón anaiarekin, baina prostituta bat agertzen da, eta dena aldatzen du. Estherrek tentsioak eta gatazkak sorrarazten ditu anaien artean, eta amaiera zoritxarrekoa da. Filmak landa-inguruneko familia-harremanak eta emozio erreprimituak aztertzen ditu.