Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > Claude Sauteti eskainitako atzerabegirakoan zinemagile frantsesak zuzendutako hamahiru film luze erakutsiko dira
Claude Sauteti eskainitako atzerabegirakoan zinemagile frantsesak zuzendutako hamahiru film luze erakutsiko dira
Zikloa ‘Conversaciones con Claude Sautet’ liburuarekin osatuko da, zinemagilearekin egindako elkarrizketen liburukiarekin
Asteartea, 2022(e)ko abuztuak 9

Donostia Zinemaldiko 70. edizioko atzerabegirakoan, Claude Sautet zinemagile frantziarrak 1956tik 1995ra zuzendutako hamahiru film luze erakutsiko dituzte. Zikloa Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean antolatzen da, eta Conversaciones con Claude Sautet liburuarekin osatuko da aurten, Michel Boujutek zuzendariarekin egindako elkarrizketen liburukiaren gaztelaniarako itzulpenarekin, hain justu.

Obra Institut Lumière / Actes Sud argitaletxeak argitaratu zuen 1994an jatorriz, eta 2014an, berriz, behin betiko argitaraldia plazaratu zuen. Liburuak Cannesko zinema-jaialdiaren eta Institut Lumière erakundearen zuzendari Thierry Fremauxen eta Daniel Auteuil aktorearen hitzaurreak ditu, eta epilogoak Bertrand Tavernier zinemagileak idatzi zuen. Quim Casas kritikari eta Donostia Zinemaldiko hautaketa-batzordeko kideak idatzitako testu bat ere gehitu da, Sauteten irudia nola Espainiako testuinguruan hala Zinemaldikoan ipintzen duena.

Atzerabegirakoaren kartela Claude Sauteti Garçon! (1983) filmaren errodaje-platoan ateratako argazki baten oinarrituta diseinatu du Dimensión taldeak.

ZINEMAGILE BAT BIDEGURUTZEAN

Romy Schneider, Michel Piccoli edo Emmanuelle Béart antzezleekin egindako kolaborazioengatik ezaguna da Claude Sautet, eta nolabaiteko bidegurutze batean kokatu zen zinema frantziarraren historian: ez zen gerraosteko errealizadoreen belaunaldikoa, ez eta Nouvelle Vaguekoa ere. Montrougen jaio zen 1924an eta Parisen hil, 2000n. 1950ean hasi zen zinemaren industrian, zuzendari-laguntzaile gisa, eta André Cerfek, Edouard Molinarok eta Richard Pottierrek egindako hamabi bat filmetan (komediak nahiz kontakizun kriminalak) lan egin zuen. Laguntzaile-lanetan egin zuen filmik garrantzitsuena zeregin horretan jardun zuen azkena izan zen, hots, Les yeux sans visage (1960). Georges Franjuren itzal handiko lan horretan gidoilari ere aritu zen.

Aurretik, bere lehen filma zuzendu zuen, Bonjour sourire! (1956), komedia musikal bat, geroago bere filmografiaren zati handienean egin zuenaren oso bestelakoa. Henri Salvador izan zen protagonista –horra hor film horren bitxikeria bat–, jazza, bossa nova, chansona eta rock and rolla landu zituen abeslari eta gitarrista garrantzitsua. Sautet zuzendariaren lehen interesak polar-erantz zuzendu ziren; genero horretakoa da Classe tous risques (1960), genero horretako aktore bereizgarrienetako bat protagonista duena, Lino Ventura. Literatura eta polizia-zinema frantziarraren beste ezinbesteko izen baten –José Giovanni– eleberri batean oinarrituta dago.

Urtebete lehenago, Sautet eta Ventura batera aritu ziren ere beste polar batean: Le Fauve est lâché (1959). Gidoia sinatu zuen eta, ematen duenez, zenbait sekuentzia filmatu zituen, filma Maurice Labroren izenean bakarrik akreditatuta badago ere. Nouvelle Vague-a jaio zen garai horietan eta, Sautet mugimenduko parte izan ez bazen ere, hor zegoen Jean-Paul Belmondo Classe tous risques filmean lapur baten rola egiten, Jean-Luc Godarden À bout de souffle (1960) filmean egin zuen bezala.

Sautetek zinema kriminalarekin lotuta jarraitu zuen, bai eta José Giovannirekin ere, Jacques Derayren Symphonie pour un massacre (1963) filmaren gidoian eta beste zenbait polizia-filmetan parte hartu baitzuen. Beste batzuentzako gidoilari-lana bere film propioen errealizazio eta idazketarekin txandakatu zuen, beti generoaren barruan. Esate baterako, Lino Venturarekin batera egin zuen L'Arme à gauche (1965) lanean, Charles Williams estatubatuarraren euskarri literarioarekin.

Eta mende-aldaketarekin Sautetek bere ibilbideko etapa oparo eta ospetsuena inauguratu zuen, Romy Schneiderren eta Michel Piccoliren bultzadari esker –1970eko hamarkadako lehen urteetako zinema frantziarreko bikote onenetako bat izan zen–. Beren kolaborazioak –interpretazio-tandema hutsezina izan zen– Les choses de la vie (1970) eta Max et les ferrailleurs (1971) izan ziren. Lehenengoan, amodio-triangelu bateko erpinak izan ziren biak, eta bigarrena bestelako polizia-film bat izan zen: Piccolik eta Schneiderrek polizia baten eta prostituta baten rolak jokatzen dituzte, elkar erakartzen eta arbuiatzen. Yves Montandek César et Rosalie (1972) filmaren ondoren –Schneiderrekin– eta yVincent, François, Paul et les autres... (1974) filmaren ondoren –Piccolirekin– egin zuen bat taldearekin.

Adin ertaineko askotariko pertsonaien krisialdi sentimental eta existentzialei buruzko nolabaiteko diptiko honen arrakastak beste tonu bat markatu zuen Sauteten obran. Drama ilundu egin zen Mado (1976) filmean, Piccolirekin egin zuen azkenekoan; Une histoire simple (1978), Schneiderrekin egin zuen azken kolaborazioan; eta Garçon! (1983) filmean, Montandekin egin zuen azkenekoan. Film guztiek dituzte ardatz amodio-desadostasunak eta -elkartzeak, azken aukerari heltzeko ideian.

Sautetek, gainera, drogazale baten emozio- eta familia-errehabilitazioa hizpide duen drama bat egin zuen; hots, Un mauvais fils (1980). Bai eta tragikomedia erromantiko oso bestelako bat ere, Sandrine Bonnaire eta Daniel Auteuil protagonista dituena: Quelques jours avec moi (1988). Gainera, Giovanniren Mon ami le traître filmaren gidoia idatzi zuen, hari faborea bueltatzeko.
Gero, Emmanuelle Béart aktorearekin lan egin zuen –Schneiderrekin bezain gustura sentitzen zen harekin–. Harekin egin zituen bere azken bi filmak: Un coeur en hiver (1992) eta Nelly et Mr. Arnaud (1995), amodio-triangeluei eta ezusteko erakarpenei buruzko drama delikatuak.

Bere azken lana Collectif de Cinéastes Pour les Sans-Papiersen barruan sartu zen. Kolektibo hori 200 zuzendari, ekoizle, erakusle eta banatzaile frantziarrek osatzen zuten –besteak beste Sautet, Bertrand Tavernier, Jacques Audiard, Sólveig Anspach, Catherine Corsini, Laurent Cantet, Philippe Garrel, Lola Doillon eta Alain Bergala–, eta film labur formako manifestu bat sinatu zuten Frantziako legez kanpoko etorkin guztiak babesteko: Nous, sans-papiers de France (1997).

 

© 1956 Production Pierre Tarcali / Collection René Chateau.
Claude Sautet (Frantzia)  1956
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Jimmy Gaillard, Annie Cordy, Henri Salvador, Christian Duvaleix, Jean Carmet

Monte-Marino printzerrian, Aline, tronuaren oinordekoa, bihozgabe dago, zeharo aspertuta. Lehen ministroa edozer egiteko prest dago Alinek berriz egin dezan irribarre, hura seduzitu, harekin ezkondu eta errege izan nahi baitu egunen batean... Hala, umorista batzuk Monte-Marinora gonbidatzea bururatuko zaio. Claude Sautetek beti ukatu zuen film honen egiletza, Classe tous risques jotzen baitzuen bere lehen filmtzat.


© Topanga Canyon Films S.L.
Claude Sautet (Frantzia)  1965
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia, Espainia, Italia
Antzezleak: Lino Ventura, Sylva Koscina, Leo Gordon, Alberto de Mendoza, Antonio Martín

Jacques Cournot itsasgizon frantziarra lehorrean dago aldi baterako, eta egunak lasai ematen ditu Karibean. Egun batean, Hendrix delako bat Cournotekin harremanetan jarri eta yate bat –Dragoon izenekoa– tasatzeko eskatzen dio. Biharamunean, Hendrix desagertu egin da eta norbaitek itsasontzia lapurtu du.


© Photographer: Claude Mathieu
Claude Sautet (Frantzia)  1970
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia, Italia
Antzezleak: Michel Piccoli, Romy Schneider, Lea Massari, Gérard Lartigau, Jean Bouise

Pierre arkitektoak trafiko-istripu bat izan du. Ziztu bizian irten da ibilgailutik, eta, ia konorterik gabe eta errepidearen ondoan dagoela, iraganean bizitakoa gogoratzen du: Hélène –utzi nahi zuen neska gazte bat–, Catherine –emazte ohia– eta bere semea.


© Photographer: Claude Mathieu
Claude Sautet (Frantzia)  1971
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia, Italia
Antzezleak: Michel Piccoli, Romy Schneider, Bernard Fresson, François Périer, Georges Wilson

Max polizia-inspektorea erabakita dago gaizkile amateur batzuk atxilotzera, eta, hori lortu nahian, tranpa bat ipiniko die delitu gori batean harrapatzeko.


© Colección STUDIOCANAL
Claude Sautet (Frantzia)  1972
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia - Italia - Alemaniako Errepublika Federala
Antzezleak: Yves Montand, Romy Schneider, Sami Frey, Umberto Orsini, Bernard Le Coq

Elkatruke hutsalak, adiskidetasunak eta amodiozko triangelu bat Rosalieren, haren lagun berri Césarren eta haren kide berri Daviden artean.


© Coleccion STUDIOCANAL
Claude Sautet (Frantzia)  1974
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia, Italia
Antzezleak: Yves Montand, Michel Piccoli, Serge Reggiani, Gérard Depardieu

Vincent, François, Paul eta Armand, berrogeita hamarretik gora urteko gizonak, haur zirenetik dira lagunak, eta mendian elkartzen dira igandero euren familiekin, bazkaltzeko, paseatzeko eta eztabaida animatuetan aritzeko.


© Topanga Canyon Films S.L.
Claude Sautet (Frantzia)  1976
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia, Alemaniako Errepublika Federala, Italia
Antzezleak: Michel Piccoli, Ottavia Piccolo, Jacques Dutronc, Romy Schneider

Simon Léotard higiezin-sustatzailea sosik gabe geratu da Lepidon izeneko lehiakide ustel baten erruz. Lepidonen hitzetan, bere buruaz beste egin berri duen bazkideak dirua zor zion, eta ordainketa Léotardi erreklamatzen dio. Mado prostituta gazteari esker, Simonek mendekua hartuko dio Lepidoni.


© 1978 - PATHE RENN PRODUCTION
Claude Sautet (Frantzia)  1978
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia, Alemaniako Errepublika Federala
Antzezleak: Romy Schneider, Bruno Cremer, Claude Brasseur, Arlette Bonnard, Roger Pigaut

Marie 40 urteko emakume dibortziatua da eta seme nerabe bat du. Bere bikotekide berriak haurdun utzi duela konturatzean, gizona utzi eta abortatzea erabakiko du. Behin batean, lagun baten senarra lanik gabe geratu eta Mariek hari laguntzeko eskatuko dio senar ohiari.


© Colección STUDIOCANAL
Claude Sautet (Frantzia)  1980
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Patrick Dewaere, Yves Robert, Brigitte Fossey, Jacques Dufilho, Claire Maurier

Estatu Batuetako kartzela batean droga-trafiko eta -kontsumoagatik bost urte igaro ondoren, Bruno Frantziara itzuli da, aitaren etxera. Egoera jasanezin bihurtuko da berehala, aitak leporatu egiten baitio amaren heriotza, Bruno atxilotu zutenean jazoa.


© 1988 - PATHE RENN PRODUCTION - SARA FILMS
Claude Sautet (Frantzia)  1983
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Yves Montand, Nicole Garcia, Jacques Villeret, Marie Dubois, Rosy Varte

Alex, 60 urte inguruko gizona, Parisko brasserie handi baten arduraduna da. Jatetxetik sukaldeetara eta lagun eta bezeroen artean egiten dituen joan-etorri etengabeetan, Alexek esna egiten du amets. Egun batean 17 urte lehenago ezagutu zuen Clairerekin egingo du topo.


© Coleccion STUDIOCANAL
Claude Sautet (Frantzia)  1988
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Daniel Auteuil, Sandrine Bonnaire, Jean-Pierre Marielle, Dominique Lavanant, Vincent Lindon

Familia aberatseko Martial ez dago gustura bere buruarekin. Supermerkatu-kate bateko zuzendari nagusia, aukera profesional bat aprobetxatuko du erritmoa jaisteko. Limogesera joango da bizitzera eta bertako burgesiaren bizitza eta neska baten (Francine) bihotza aztoratuko ditu, berekin egun batzuk igarotzea proposatuko baitio.


© Photographer: Benoit Barbier | © Film par film
Claude Sautet (Frantzia)  1992
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Daniel Auteuil, Emmanuelle Béart, André Dussollier, ,

Maxime eta Stéphane adiskideek elkarrekin egiten dute lan hari-instrumentuen fabrikazio-tailer lasai batean. Maxime biolin-jotzaile batekin maiteminduko da, Camillerekin. Stéphaneren nortasunak harritu eta amorratu egiten du Camille, gizonak ez baitu inolako sentimendurik erakusten. Harreman konplexua ezarriko da hiruren artean.


© Photographer: David Koskas
Claude Sautet (Frantzia)  1995
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia, Italia, Alemania
Antzezleak: Michel Serrault, Emmanuelle Béart, Jean-Hugues Anglade, Claire Nadeau, Michael Lonsdale

Nelly gazteak, dibortziatzen eta sosik gabe, topo egingo du Pierre Arnaudekin, adineko gizon aberats eta erretiratu batekin. Pierre bere memoriak idazten ari da eta Nellyri horiek transkribatzeko proposatuko dio.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones