73SSIFF - 2025eko irailak 19/27
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
New Directors
New Directors
Filmak
Filmak
Irekiera
Jonatan Etzler
Erresuma Batua 
99 min.
Bad Apples suspense-ukituak dituen satira garratza da, Saoirse Ronan izanik protagonista nagusia. Maria lehen hezkuntzako irakaslea da, 11 urteko haurren ikasgela bat motibatzeko ahal duen guztia egiten duena, baina ikasle bereziki errebelde eta kaotiko batek oztopatu egingo ditu bere helburuak. Bere karrera zalantzan egonik, umearen portaerak okerrera egingo du eta, ikasgela kontroletik kanpo egonik, Mariak erabaki txar batzuk hartuko ditu; hala, sagar ustela bere etxean giltzapetuko du, azkenik, ustekabean.
Itxiera filma
Yukari Sakamoto
Japonia 
110 min.
Neskentzako barnetegi kristau batean, Anna beti sentitzen da arrotz, fantasmak ikusteko gaitasuna baitu. Annaren gelakide Rika, berriz, guztiz kontrakoa da: ikasle popularra (saiatu gabeko), argi-argia eta denek maite eta miresten dutena. Alabaina, Rikaren buru-hilketak astinduta utziko du eskola osoa, bereziki, Rikaren lagun min Shiori, eta galerari zentzua ematen saiatuko da gaztea. Rikaren egunerokoa aurkituko du Annak, eta horren ondoren, Rikaren espiritua agertzen hasiko zaio, apurka bere gorputzean iragaziz...
Seyhmus Altun
Turkia - Danimarka 
95 min.
Anatoliako herri txiki batean, 2000ko hamarkadaren hasieran, hamar urteko Esmaren mundua isilpean amiltzen ari da, fabrika batean izandako leherketa batek sute errukigabea eragin eta gero. Keak lurra pozoitzen duen eta bere familia bizirik irauteko borrokan ari den bitartean, Esmak bere haurtzarotik geratzen denari heltzen dio. As We Breathe hondamendi ikusezinen aurreko erresilientziaren erretratu samurra da, goizegi hazteari, esperantzari eusteari eta desagertzeari uko egiteari buruzko istorioa.
WIP Europa 2024
Irati Gorostidi Agirretxe
Espainia 
110 min.
Ur-kontagailuen fabrika bateko langileak batzartu egin dira azkenean aurrera egingo ez duen greba bat eztabaidatzeko. Desengainatuta, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratuko dituzte errotiko transformaziorako dituzten nahiak. Batzuek fabrika utzi eta mendietako komunitate isolatu batean integratuko dira, non dozenaka gaztek bilaketa bizia egingo duten esperientzia katartiko partekatuen medioz.
Ikusmira Berriak 2022
Tribeny Rai
India - Hego Korea 
114 min.
Lanari uko egin ondoren, Bishnu Himalaiako bere herrixkara itzuliko da, eta familia-presioei eta espektatiba sozial hazkorrei aurre egin beharko die han. Tentsioak areagotu egingo dira haurdun dagoen ahizpa iristean eta bere komunitateko haur "egoki" batekin harremana hastean; Bishnuk aukeratu egin beharko du: tradiziora egokitu ala, aitzitik, bere independentzia erreklamatu.
Anton Yarush, Sergey Borovkov
Errusia 
89 min.
Anton hogeita hamar urte inguruko zuzendari errusiar arrakastatsua da; alabaina, ibilbidea, harremanak eta lagunak gorabehera, hutsik sentitzen da. Bere pelikularik pertsonalerako aktore perfektua topatzearekin obsesionatuta, atzerrira ihes egingo du, errutina nekagarri eta gupidagabe batean harrapatuta. Asteak igaro ahala, ekoiztetxeak Anton kontuan hartu gabe hartuko ditu erabakiak. Bakarrik eta obsesionatuta, Antonek areago suntsitzen du bere burua, harik eta ustekabeko eta hitzik gabeko konexio batek salbazio-itxaropen arin bat eskaintzen dion arte.
José Alayón
Espainia - Kolonbia 
92 min.
Fuerteventura uharte idorrean, Miguel eta Mariana aita-alabak aurrera jarraitzen saiatzen ari dira Miguelen emaztea hil eta familia noraezean geratu ondoren. Kanariar borroka da haien babesleku, munduan haien lekua topatzeko modua. Baina Miguelen gorputza huts egiten hasten denean, amorruak arauak desafiatzera bultzatuko du Mariana. Txapelketako finala gertu dutela, aita-alabek elkar berriz topatzeko bidea aurkitu beharko dute berandu izan baino lehen.
Tsao Shih-Han
Taiwan 
114 min.
Chou independentzia irrikatzen duen nerabe sentibera da, eta zailtasunak biziko ditu Taiwango itsasarteko krisialdiak –1996koak– familiaren ekonomia astintzen eta etxeko tentsioak okertzen dituenean. Ezkutuan egiten du lan billar-gela batean, eta Buttonekin –banda bateko liderrarekin– adiskidetu egingo da, baina hainbat ezustekori –hala nola Buttonen izen-emateari eta lankideekiko gatazkei– aurre egin beharko die. Aitak harrapatu eta aita-semeen harremanak okerrera egingo du. Eskolan, Min –gustatzen zaion neska– handik joango da gerrari dion beldurrak bultzatuta, eta irakasle batek eragiten dion presioa dela-eta, mutikoaren ziurgabetasuna sakondu egingo da.
Zhang Zhongchen
Txina 
92 min.
Song dinastiako harrizko estatuak, duela 800 urtekoak, Maozhuang herrixkako gari-soroetan daude. Qing-ek zortzi urte ditu, eta herrixka hartan bizi dira ama (Hongmei) eta biok, aitak etxetik kanpo lan egiten baitu urte osoan. Eskolara bidean, desagertutako bere amaren bila etorri den fantasma-itxurako haur zuri batekin egingo du topo. Hura iristean, Qing xuxurlaka hasiko da harrizko estatuen azpian, eta amaren ezkutuko iragana agertzen hasiko da.
Kim Torres
Costa Rica - Mexiko - Frantzia 
88 min.
Hamahiru urteko Laura bere familia berrian harrapatuta sentitzen da. Baso zabalen eta palmondo-sailen artean duen bizitza onartzen hasten denean, herriak Lauraren emakume maiteenak arriskuan jartzen dituen sekretu ilun bat ezkutatzen duela jakingo du.
WIP Latam 2024
Stroma Cairns
Erresuma Batua 
102 min.
Jonahk eta haren adiskide Leek Eskoziako ipar-ekialdeko kostaldean zeharreko bidaia bati ekin diote, Londresen daramaten bizitza dohakabetik ihes egin nahian Charlie –gortasun sakona duen eta anaia bikia bisitatzen ari den gizon bat– ezagutuko dute. Kostalde basati hartako iluntasunean zehar, adiskide minak egingo dira, eta horri esker, zaurgarria izatea deskubritzeak adorea daramala ikasiko du Jonahk, eta galera pairatuta ere poztasuna bizi dezakegula.
Emilie Thalund
Danimarka 
97 min.
Lea, hamabost urteko neska bat, basoz eta hondartzaz inguratutako kanpamentu batean ari da ematen uda. Argaltzeko erabaki irmoarekin, kanpamentuko bere gelakide berri eta lagun Sasha bezalakoa izan nahi du: dibertigarria, alaia eta munduan bere lekua hartzeko beldurrik gabea. Sashak bertako mutilen arreta erakarri nahi du; Leiaren bihotza, ordea, Runerentzat da, kanpamenduko irakasle xarmantarentzat. Runek bere interesari erantzuten dionean, zerbait piztuko da Leiaren barnean; desio ezezagun baina zirraragarria.
John Skoog
Suedia - Danimarka - Herbehereak - Polonia - Finlandia - Erresuma Batua - Suitza 
85 min.
Gerra hotzaren une gorenean, Karl-Göran Persson baserritarra bere etxea gotortzen hasi da. Txatarra bildu eta hormetan jartzen du bizilagun guztiak babestuko dituen gotorlekua eraikitzeko. Haren ahaleginak ezbaian jartzen dituzte guztiek, haurrek izan ezik. Eraikuntzak aurrera egin ahala, herriko jendearekin ere gatazka sortzen da.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: