Minnesota, 1990. urtean. Bruce Kenner detektibea Angelaren kasua ikertzen ari da. Angelak krimen aitorrezin bat egitea leporatu dio bere aita John Gray-ri. Johnek, ustekabean eta gertatutako ezer gogoratu gabe, bere errua aitortzen duenean, Raines psikologo ospetsua kasuan sartuko da, Johni gogoratzen laguntzeko. Haiek aurkitutakoak konspirazio gaizto bat aterako du argitara.
National Theatre antzokiko izen bereko musikal arrakastatsuaren moldaketa bat da filma, eta benetako gertakari bat kontatzen du; hain zuzen, 2006an Suffolk-eko konderriko biztanleak astindu zituena: Ipswich hiriko lasaitasuna guztiz urratuta geratu zen bost emakumeren gorpuak aurkitu zituztenean. Komunitate hori zoritxarreko gertakarion epizentro nola bihurtu zen deskribatzen du filmak.
Jean-Marie eta Arnaud Larrieu zuzendari frantziarrek emakume baten istorioa kontatuko dute beren film berrian. Carolinek oporraldia etengo du bere ama Isabellen hileta antolatzeko, bat-batean hil baitzaio Pirinioetako etxean. Ama zaintzen duen emakumearekin, Pattie andrearekin, adiskide egingo da, baina hileta prestatzeko lanak erabat aldatuko dira, halako batean amaren hilotza modu misteriotsuan desagertzen denean.
Asier Altuna zinemagile euskaldunaren film berria. Gatazkari buruzko familiarteko istorio bat. Hiriaren eta landa-gunearen, iraganaren eta orainaren, gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkena, hain zuzen. Bizitza ulertzeko bi modu kontrajarri, eta mundua isiltasun elokuenteenetik begiratzen duen amona bat. Iraia Elias, Amparo Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Kandido Uranga eta Klara Badiola dira film honetako protagonistak.
Xiao Ai-ri gaixotasun terminal bat diagnostikatu diote. Ez da luze biziko, eta hiltzean bere gurasoak «familia galdu» bihurtzeak kezkatzen du. Izan ere, ez da haiek zaintzeko inor egongo. Horregatik, beste haur bat izan dezaten konbentzitu nahi ditu. Liu Hao Donostia Zinemaldian lehiatu zen 2010ean, Addicted to Love filmarekin; bere azken filma da hau.
Mamoru Hosoda animearen maisuak egindako azken filma, Donostia Zinemaldiako historian Sail Ofizialean lehiatzen den lehen animazio-filma da. Kyuta haur bakartia da, eta Tokion bizi da. Kumatetsu, berriz, alegiazko mundu batean isolatutako izakia da, naturaz gaindikoa. Egun batean, Kyutak alegiazko mundu aldera jauzi egingo du, eta Kumatetsu ezagutuko du bertan: bere lagun eta gida espiritual bilakatuko da. Topaketa horrek hamaika abentura eskainiko dizkie.
Federico Veiroj zuzendariaren hirugarren film luzeak bere gurasoengandik jasotako fedetik aldendu nahi duen gazte baten bizitza kontatuko digu. Horretarako, gazte horren historiaz, orbainez, erruaren markez eta desioaz hitz egingo digu. Álvaro Ogalla, Bárbara Lennie, Marta Larralde, Juan Calot, Kaiet Rodríguez, Joaquín Climent eta Vicky Peña aktoreak ditu interprete nagusi.
Agustí Villarongak Pedro Juan Gutiérrezen izen bereko eleberria egokitu du. Zentzategi batetik alde egin ostean, Habanako kaleetan bizirauten saiatuko da Reinaldo, Kubako gizartearen hamarkada txarrenetako batean; 90ekoan. Noragabeko ibilaldi horretan, itxaropenak, desengainuak, rona, umore ona eta, batez ere, gosea izango ditu bidelagun, harik eta, bera bezala, bizirauten saiatzen ari diren Magda eta Yunisleidy ezagutzen dituen arte. Bataren eta bestearen besoetan, inguruko miseria material eta moralaz ahazten saiatuko da, amodioa, pasioa, samurtasuna eta sexurik lotsagabeena muturrera eramanda.
Eva Perón hil da. Gehien maitatu eta gorrotatutako pertsona da Argentinan. Espezialista handi bat arduratuko da baltsamatzeaz. Hilabetetan lanean egon ondoren, emaitza ezin hobea lortuko du. Baina hainbat estatu-kolpe izango dira Argentinan eta diktadore batzuek Evitaren ondarea ezabatu nahi izango dute herritarren oroimenetik. Horrenbestez, 25 urte iraungo duen liskarraren erdigune bilakatuko da haren gorpua. Bizirik dauden politikariak baino boteretsuagoa izango da Evita 25 urte horietan. Gael García Bernal, Denis Lavant eta Imanol Arias dira protagonistak.
Innocence filmarekin Zuzendari Berrien 2014ko saria eskuratu ostean, Lucile Hadzihalilovic Donostian izango da berriro ere bere azken lanarekin. Emakumeak eta nerabeak baino bizi ez diren uharte urrun batean, Nicolas eta beste mutil batzuei tratamendu mediko misteriotsu eta makurrak egingo dizkiete.
Julianne Moore, Ellen Page, Michael Shannon, Steve Carell eta Josh Charles dira film labur dokumentalaren Oscar saria irabazitako eta Philadelphia-ko gidoilariak egokitutako film honen protagonistak. Laurel Hester-en eta Stacie André-ren arteko amodio-istorioa eta justizia lortzeko borroka. New Jerseyko polizia-kide ohoratu bati, Laureli, minbizia diagnostikatu diote, eta bere izatezko bikote Stacieri utzi nahi dio urtetan irabazitako pentsioa. Baina konderriko legegileek ez dute begi onez ikusten bikote homosexuala, eta haiei aurka egiteko konspiratuko dute. Dane Wells detektibeak eta Steven Goldstein aktibistak bikotearekin bat egin, eta hala polizia-kideak nola herritar arruntak bilduko dituzte berdintasunaren aldeko borrokan.
Ben Wheatley zuzendari britainiarraren azken lana, J.G. Ballard idazlearen izen bereko eleberrian oinarritua. Robert Lang doktorea bere apartamentu berrira joango da bizitzera, anonimotasun bila. Baina ikusiko du gainerako bizilagunek ez diotela bake onik emango. Bere posizioa ezartzen saiatuko bada ere, Langen edukazio ona eta osasun mentala eraikinarekin batera hondatuko dira.
Joachim Lafossek pantaila handira darama Zoeren Arkari buruzko polemika, 2007an egunkarietako tituluak bete zituena. Esku hartzeko eskubideari buruzko istorio bat da. Sud Secours GKEaren presidente Jacques Arnaultek eragin handiko operazio bat prestatuko du: taldekideekin batera, Txadetik atera nahi ditu gerra zibilaren biktima izandako 300 umezurtz, adopzio-eskaerak egin dituzten frantsesei emateko. Françoise Dubois kazetaria gonbidatuko dute, hedabideentzat informazioa biltzeko. Gerra betean dagoen herrialde baten errealitate bortitzean murgilduta, GKEko kideak beren usteak galtzen hasiko dira, eta esku-sartze humanitarioaren mugei aurre egin beharko diete.
Montrealen gazteak bahitzen ari dira azkenaldian. Bien bitartean, Félixek, hamar urteko mutil batek, eskola bukatu du Old Longueuil-en, itxura baketsuko bizitegi-auzo batean. Irudikorra eta sentibera da Félix, eta, beste haur asko bezalaxe, guztiaren beldur da. Apurka-apurka, gaztaroko irudimenean izaten diren demonioak errealitate asaldatzaileko demonioekin nahasiko dira.
Kostaldeko hiri batean bizi den familia bati buruzko kontakizun dramatikoa. Espetxetik irten ostean, Mamuka bere sendia pobreziatik ateratzen saiatuko da. Amak atzerrian lan egiten du, aita gurpil-aulkian dauka eta anaia, berriz, lanik gabe dago, gaizkilez inguraturik. Mailegu batekin, arrantza-ontzi txiki bat erosiko du. Baina patua itsua eta gupidagabea da.
Ari izeneko 16 urteko nerabearen iniziazio-kontakizuna. Ama eta biak Reykjaviken bizi ostean, mendebaldeko fiordo urrunetara joan beharko du bueltan, bere aita Gunar-ekin bizi izatera. Hartu-eman uzkurra izango du han aitarekin, eta txikitako lagunak ere aldatuta ikusiko ditu. Giro etsigarri horretan, Arik bere bidea egiten saiatuko beharko du.
Gerra Handiaren garaian girotutako kontakizun epiko eta intimista, itxaropenari, tragediari eta maitasunari buruzkoa. Lewis Grassic Gibbon idazle eskoziarraren eleberritik egokitua eta Terence Davies britainiarrak zuzendua.
Cesc Gay zuzendariaren film berriak Ricardo Darín eta Javier Cámara ditu protagonista, eta gai nagusia bi lagunen arteko harremana izango da: Juliánek Kanadan bizi den lagun Tomásen ustekabeko bisita jasoko du. Bi lagunek, Juliánen txakur leial Trumanekin batera, une hunkigarriak eta harrigarriak biziko dituzte elkarrekin, Juliánek bizi duen egoera zaila dela-eta.
Marc Rechak film berria aurkeztuko digu, protagonista bere seme Roc eta Sergi López dituena. Paraje bakarti batean, haur batek aitak eginiko kometa jarriko du hegan. Haize asko dabil, eta haurrak heldu baten laguntza beharko du landareen artean korapilatutako kometak airean iraun dezan. Naturaren erdi-erdian, ipuin berezi bat azalduko digute.
Langabezian dagoen Jose, Urte Zaharretako programa berezi batean figurante gisa lan egitera bidaliko du aldi baterako laneko enpresak. Abuztua da. Josek bezalaxe, ehunka pertsonak aste eta erdi daramate gau eta egun ezin aretotik atera, barrezka ari diren itxurak egiten, urte berriaren gezurretako etorrera inozoen moduan ospatzen. Egongo da maitasunarentzako lekurik kontrola ezin daitekeen kaos horren erdian? Álex de la Iglesiaren komedia koral bat, Raphael abeslari ezaguna protagonista izango duena, aktore-zerrenda bikainarekin batera: Carlos Areces, Carolina Bang, Luis Callejo, Mario Casas, Carmen Machi, Pepón Nieto, Terele Pávez, Ana Polvorosa, Carmen Ruiz, Hugo Silva, Santiago Segura, Blanca Suárez, Antonio Velázquez eta Enrique Villén.
Imanol Uribek iraganeko izugarrikeriei aurre egin beharrean dauden pertsonaien drama aurkeztuko digu bere azken filmean. Santi kartzelatik aterako da eta hegoaldera bidaiatuko du, Emilio ikusteko. Kartzelako kide izandako lagunak gaixotasun terminal bat du. Ustekabean Marinarekin egingo du topo; lagunaz arduratzen den medikua da. Santik topaketa izugarria izan zuen harekin hainbat urte lehenago, eta horrek bien bizitza markatu du ordutik. Berriz topatzean, iraganeko izugarrikeriak berpiztuko zaizkie. Elena Anaya eta Eduard Fernández dira protagonistak.
Bakardadetik edo jendetzatik, auzotik edo unibertsitate bateko gela batetik, Espainiako hirietako biztanleen bizitza astinduko duten pertsonaiez osaturiko istorio korala.