Luca Guadagnino zinemagile italiarra izango da Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialeko epaimahaiburua. We Are Who We Are telesailaren mundu-estreinaldia lehiaketatik kanpo aurkeztuko du zuzendariak, eta epaimahaian izango dira, baita ere, Marisa Fernández Armenteros ekoizle espainiarra, Michel Franco zinemagile mexikarra eta Lena Mossum jantzi-zuzendari suediarra. Zinemaldiak aurki jakinaraziko du nor izango den Sail Ofizialeko bosgarren epaimahaikidea.
Luca Guadagnino (Palermo, Italia. 1971) zuzendari, gidoilari, ekoizle eta arte-ekintzailea da. 1999an zuzendu zuen bere lehen lana, The Protagonists (1999), Veneziako Mostran aurkeztua. Hauek ere zuzendu ditu: Melissa P (2005); Io sono l'amore (I Am Love, 2009), Jantzirik Onenen Oscarrerako eta Atzerriko Film Onenaren Golden Globe eta BAFTArako izendatua; eta A Bigger Splash (2015), zeinarekin Venezian lehiatu zen. 2017an bere arrakastarik handiena lortu zuen Call Me by Your Namerekin, zeinak Gidoi Egokitu Onenaren Oscarra irabazi zuen eta Film Onenaren Oscarrerako izendatu zuten. 2018an Dario Argentoren Suspiria filmaren remakea zuzendu zuen. We Are Who We Are bere lehen telesaila da, zortzi kapitulukoa, HBO-SKY plataformarako.
Gainerako sailen epaimahai batzuetan ere badaude oraindik baieztatu gabeko kideak.
Epaimahaia Ofiziala |
Kutxabank-New Directors Epaimahaia |
Horizontes Sariaren Epaimahaia |
Zabaltegi-Tabakalera Sariaren Epaimahaia |
Euskal Zinemaren Irizar Sariaren Epaimahaia |
Nest Epaimahaia |
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Epaimahaia |
PERLAK |
‘The World to Come’ eta ‘Nomadland’
Gainera, Veneziako Mostratik datozen bi lanekin –Nomadland eta The World to Come filmekin– osatu da nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan txalotutako eta/edo saritutako obrak biltzen dituen Perlak sailaren zerrenda. Dagokigun kasuan, ikus-entzuleak izango dira epaimahaikideak Donostia Hiria Publikoaren Sarirako hamar hautagaien artetik euren film luze gogokoena bozkatuko baitute; sari hori bi golardoz osatuta dago: film onena (50.000 euro) eta Europako film onena (20.000 euro).
Nomadland Chloe Zhao (Zhao Ting, 1982) zuzendari eta gidoilari txinatarraren sorkuntza da, zeinak Songs My Brothers Taught Me (2015) eta The Rider (2017) –Quinzaine des Réalisateurs irabazi zuena– filmak ere sortu zituen. Zhaoren hirugarren lana Jessica Bruder kazetariaren izen bereko liburuaren egokitzapena da; Estatu Batuetan lan bila nomada gisa bidaiatzen duten pertsonen fenomenoa ikertu zuen Bruderrek lan horretan. Frances McDormand aktorea da filmeko protagonista eta ekoizlea.
Bestalde, Mona Fastvold (Oslo, 1981), New Yorken bizi den zuzendari norvegiarra –The Sleepwalker (2014) filmarekin debutatu zuena– izango da Perlak Saila itxiko duena lehiaketaz kanpo aurkeztuko den bere bigarren film luzearekin; The World to Come Veneziako Urrezko Lehoia irabazteko ere lehiatuko da eta Katherine Waterston, Vanessa Kirby, Christopher Abbott eta Casey Affleck aktoreek hartu dute parte bertan. XIX. mendean Estatu Batuetako ekialdeko kostaldeko mugan gertatzen den drama horretan, elkarren aldamenean bizi diren bi bikote ingurune eder baina gogor bateko ezbeharren eta isolamenduaren aurka borrokatuko dira.
Perlak Sailerako iragarritako beste bederatzi lanak hauek dira: Wife of a Spy, Kiyoshi Kurosawaren inaugurazio-filma; Maïwennen ADN; Maite Alberdiren El agente topo / The Mole Agent; Phyllida Lloyden Herself; Susanna Nicchiarelliren Miss Marx; Yoon Dan-biren Nam-mae wui Yeo-reum-bam / Moving On; Eliza Hittmanen Never Rarely Sometimes Always; Michel Francoren Nuevo orden; de Michel Franco; y The Father, de Florian Zeller.
1850eko hamarkadan, Abigail bere senar Dyerrekin bizi da New York estatu iparraldeko landetxe batean. Urte berri bat hasten ari da, eta Abigailek bere egunkarian idatziz horri buruz hausnartzen duela, bere jokabide estoiko eta gogoetatsuaren eta bere emozio korapilatsuen artean kontraste nabarmena dagoela sentituko dugu, nahiz eta apurka argituz doazen emozio horiek. Udaberria heldu da eta Abigailek Tallie ezagutuko du, bere emozioekin zintzoa den emakume iritsi berri bat, edertasun liluragarrikoa, zeinak ondoko etxalde bat alokatzen duen bere senar Finneyrekin. Bi emakumeen artean oso argia ez den harreman bat sortuko da, baina existitzen zela ez zekiten hutsune bat beteko dute horrela.
Nevadako landa-eremuko hiri batek pairatutako kolapso ekonomikoaren ondoren, Fernek bere kamioneta prestatu eta gizarte konbentzionaletik kanpo nomada moderno gisa bizitzeari ekingo dio. Filmean Linda May, Swankie eta Bob Wells benetako nomadak ageri dira, zeinak Fernen aholkulari eta adiskideak izango diren Mendebaldeko Estatu Batuetako paisaia zabalean zeharreko esplorazio horretan.