71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Zabaltegi Tabakalera
Zabaltegi Tabakalera
Terence Davies
Erresuma Batua - Belgika  
126 min.
Nor izan zen Emily Dickinson? Nor ezkutatzen da bere bizitza gehiena Amherst-en, Massachusetts-en, bere gurasoen etxean igaro zuen poeta horren atzean? Bizileku izan zuen etxea atze-oihal gisa erabiliz, bizimodu ia ezezaguna izan zuen emakume guztiz ezohiko baten erretratua egiten du zuzendariak. 1803an jaioa, talentu handiko neskatila izan zen, baina trauma emozional batek ikasketak uztera bultzatu zuen. Handik aurrera, gizartetik baztertu eta poemak idazteari ekin zion. Bere bizitza bakartia gorabehera, idazlearen obrak munduan zeharreko bidaia ezin erakargarriago batera darama irakurlea.
Inaugurazioa
Bertrand Tavernier
Frantzia 
190 min.
Bertrand Tavernier-ek zinema maite du. A Personal Journey with Martin Scorsese Through American Movies haren ildotik, Tavernier-ek zinema frantsesaren inguruko hurbilketa zorrotz eta pertsonal bat aurkezten digu; bere bizitzan zehar gehien gustatu zaizkion film, zuzendari, konpositore eta dialogoen ingurukoa. Jean Renoir-etik hasi eta Claude Sautet-era, Henri Decoin-etik Jacques Becker-era, eta tartean François Truffaut, Jean-Luc Godard, Louis Malle eta beste hainbat zinemagile famatu gogoan hartuz, Bertrand Tavernier-ek zinemaren harribitxiak berraurkezten dizkigu.
Hayoun KWON
© Hayoun KWON
Hayoun Kwon
Frantzia 
12 min. Film laburra
Animazio-filma. Film labur hau Oberhausen-eko Nazioarteko 62. Zinema Jaialdian saritu zuten. 489 Years lanak Hego Koreako soldadu baten lekukotza darabil: Kim-ena. Haren bitartez bi Koreen arteko eremu desmilitarizaturako sarbidea ematen digu, eta soldaduaren oroimen pertsonalaren muinean barneratzen gaitu. Esplorazio-misio batean bizi izan zuen esperientziaren berri ematen digu Kim-ek, baita minaz betetako soro batean egin zuen deskubrimendu harrigarriarena ere (Hego Koreak jarritakoak ziren minak, zer-non zegoen jarrita erregistratu gabe). Pertsonak debekatuta dauden leku batez mintzo zaigu, naturak bere jabegoa guztiz berreskuratu duen leku batez...
Bianca Aun
© Bianca Aun
Marilia Rocha
Brasil - Portugal 
99 min.
Brasilen bizi den Francisca portugaldar gazteak bere etxean hartuko du Teresa, aspaldiko ezagun bat, zeinarekin harremana galduta baitzuen. Teresa non finkatu nahi den aurkitzen ari da; Francisca, aldiz, Lisboan zeukan bizitzara itzultzeko irrikitan da.
Mikel Rueda
Espainia 
14 min. Film laburra
Errepide bat ezerezaren erdian. Auto bat. Bizikleta bat. Bi pertsonaia bakarti, gauza beraren bila. Eta topo egingo dute. Mundu mailako estreinaldia.
Thorsten Schüte
Frantzia - Alemania 
93 min.
Musikari eta musikagile ikonoklastarekin topaketa intimoa. Argitaratu gabeko irudien bitartez, XX. mendeko jenio baten probokazioan parte hartuko du ikusleak; haren mundu-ikuskerak gaur egungoa izaten jarraitzen du oraindik.
Paz Encina
Argentina - Paraguai - Frantzia - Alemania - Qatar 
70 min.
Paraguaik Latinoamerikako diktadura luzeenetakoa jasan zuen 1954tik 1989ra bitartean. Agustín Goiburú izan zen Stroessner-en erregimenaren aurkari garrantzitsuena. Dokumental hau Goiburúren hiru seme-alaben oroitzapenen bitartez barneratzen da testuinguru politiko horretan.
Pablo Álvarez
Txile 
25 min. Film laburra
Hein batean irudi-sinfonia, hein batean saiakera-filma, hein batean dokumental faltsua. Irudi multzo batek Santiagoko hirigunea deskribatuko du, gauez, bertan ez den pertsonaia anonimo baten bidean atzera eginez. Atzealdean, zenbait ahotsek pertsona hori deskribatzeko saioak egingo dituzte, loturarik gabeko eta, zatika, kontraesankorrak diren kontakizunen bitartez. Gizon baten berreraikitze lausoa da emaitza. Txileko gizartearen sakonenean errotutako klasegabetze eta goranahia hezurmamitzen duen arrotz bat. Besteen gain boterea eragiteko nahi bizia, indarkeria forma desberdinetan ageri dena.
José Luis Torres Leiva
Txile 
103 min.
Ignacio Agüero dokumentalista txiletarra fikziozko bere lehen film luzea prestatzen ari da, sekula bukatzea lortu ez duen antzinako dokumental-proiektu batean oinarrituta. 80ko hamarkadaren hasieran, Chiloé eskualdeko Meulín uhartean, bikote gazte bat inguruko basoetan desagertuko da, aztarnarik utzi gabe. Maitasun tragikoko istorio misteriotsu horren inguruan, mito oso bat eraiki zen. Ignacio Agüero gertakarien lekura joango da, filmerako kokalekuen eta aktore ez-profesionalen bila, eta han, pixkanaka-pixkanaka, bere filmaren bilakaera ezagutuko du.
Jim Jarmusch
AEB 
108 min.
1960ko hamarkadaren amaieran, The Stooges-en rock'n'roll indartsu eta bortitza agertu zen Ann Arbor-en (Michigan), iraultza kontrakulturalaren garaian: bonba batek eztanda egitea bezalakoxea izan zen hura orduko musika-paisaian. Rock, blues, R&B eta free jazzaren arteko nahasketari esker, Iggy Pop ezagutarazi zuen taldeak aurrerago rock alternatibo deituko den horren zutabeak ezarri zituen. Gimme Danger filmak The Stooges-en epopeia kontatzen du, eta historiako rock talde garrantzitsuenetako baten testuingurua aurkezten digu: haien bilakaera musikala, kulturala, politikoa eta historikoa, haien abenturen, pozen eta nahigabeen bitartez eta haien inspirazio-iturriak eta lehen erronka komertzialen arrazoiak gogora ekarriz.
María Elorza (Las chicas de Pasaik), Maider Fernandez Iriarte (Las chicas de Pasaik)
Espainia 
15 min. Film laburra
Etxeko Andreen auzoa. Lo Ezinak Jotakoen distritua. Ama Ezezagunaren kioskoa. Emakume Bakartien lurpeko bidea. Gure hormek gure maiteak omentzen dituzte. 
Lav Diaz
Filipinak 
480 min.
1896-1897 bitartean Espainiako gobernu kolonialaren aurkako Filipinetako Iraultzari buruzko hainbat narrazio-harik, elkarri lotuek, osatzen dute Hele Sa Hiwagang Hapis filma: Jocelynang Baliwag abestiaren historia, zeina iraultzaren ereserkia bihurtu baitzen; Gregoria de Jesúsek Filipinetako iraultzaren aitaren (Andrés Bonifacio) gorpua aurkitzeko egiten duen bilaketa etsia; Simon eta Isagani heroi nazionalen bidaia (fikziozko pertsonaia literarioak); eta Bernardo Carpiok, Filipinetako erresistentziako heroi mitikoak, eta erdi zaldia erdi gizakia den Tikbalang / Engkantok filipinar ariman jokatu zuten rola.  Film hau historia, literatura eta mitologiaren arteko bat-egite bat da.
Chema García Ibarra
Turkia 
12 min. Film laburra
Apirileko larunbat bat. Eguraldi ona. Ilunabarra sartu ahala, handituz doa mendiaren itzala. Bost gazte gaua prestatzen ari dira: alkohola, musika eta autoa dituzte. Berdin dio diskotekak urteak eramatea itxita.
Jean-François Laguionie
Frantzia - Kanada 
75 min.
Udako azken egunean, Louise, adineko emakume bat, azken trena galdu duela konturatzen da. Itsasertzeko hiri txiki bateko hotelgune batean dago, denek abandonaturik. Eguraldiak okerrera egiten du bizkor. Louise ahula eta irtirina da, inondik ere ez Robinson Crusoe bat izateko behar bezain gaitua; ez dirudi negua atzean uzteko gai izango denik. Alabaina, Louisek erronkatzat hartzen du bere babesgabetasuna. Biziraun egingo du, bai elementuei bai oroitzapenei aurre eginez... aukera ezin hobea topatu baitute oroitzapenek abentura honetara biltzeko.
Jeff Nichols
AEB 
111 min.
Erlijio-estremistengandik eta Poliziarengandik ihes egiteko lasterketa baten moduan hasiko dena, laster bihurtuko da nazio mailako jazarpen bat, non gobernu federalaren maila gorenenak egongo baitira nahastuta. Roy aita da eta guztia arriskatuko du, etsi-etsian, bere zortzi urteko semea, Alton, babesteko eta mundua betirako alda lezakeen patu bat betearazten laguntzeko. Film honek desafio egiten die genero zinematografikoei, eta aldi berean da gizakiaz gaindikoa eta barru-barrukoa.
Lehiaketatik kanpo
João Pedro Rodrigues
Portugal - Frantzia - Brasil 
118 min.
Fernando ornitologo bakartia galzoriko zikoina beltzen bila ari dela, Portugal iparraldeko ibai urrun batean, ur-lasterrek eramango dute. Txinar erromes pare batek salbatuko du, Santiago de Compostelarako bidean doazela. Bere bidea berriz aurkitu nahian, baso ilun eta kezkagarri batean sartuko da Fernando. Baina aurkitu, oztopo harrigarri eta ustekabekoak aurkituko ditu, baita bera neurtuko eta mugara eramango duen jendea ere. Arian-arian, bestelako gizon bat bihurtuko da: inspiratua, polifazetikoa eta, azkenik, goiargiduna.
Felipe Guerrero
Kolonbia - Argentina - Herbehereak - Alemania - Grezia 
107 min.
Oscuro animal filmak oihanetik hirirako bidaia baten istorioa kontatzen du. Hiru emakumek Kolonbiako landa-eremuetako gerraren jazarpenetik ihes egin behar dute; nork bere aldetik, baretasuna bilatzeko bidaiari ekingo diote. Behin Bogotára iritsitakoan, arnasaldi bat hartuko dute beren bizitza desbideratuen norabide berriari aurre egiteko.
Bertrand Bonello
Frantzia 
24 min. Film laburra
Existitzen ez den opera-ballet bat. Bastillako Operan jotzen eta Garnier Operan dantzatzen den pieza fantasmagorikoa. Bi eszenen arteko lotura ia mistikoa. Musikari bat soinu-probetan dabil Bastillako zulogunean. Abesbatzak bere lekua hartuko du entseguetarako estudioan. Bi aldeotan, ahal bezain beste doituko dute opera ballet baten aribideko lana: Sarah Winchester, haren atsekabea, eromena, etxea eta mamuak.
Koldo Almandoz
Espainia 
69 min.
Ordubeteko itsas-bidaia bat, zinemagile banpiro baten saiakera metafilmikoa, film fantasma bat. Aurkitu eta berriz bilatzera daramaten bilaketen istorio bat. F.W. Murnau eta haren Nosferatu filma; Bram Stoker-en, Florence Balcombe-ren eta haren mutil-lagun Oscar Wilderen arteko maitasun-hirukotea. Naufragio ezagunak, itsasontzi batean emandako oporrak. Hilobi batetik lapurtutako bustoa, historiari eta zinemari buruzko gogoetak. Fikzio gotikoa, errealismo dokumentala eta bideo-saiakera ezkutatzen duten errusiar panpinen historia. Kontakizun baten collagea: liburu-zatiak, eskutitzak, txostenak, iragarkiak, telegramak, prentsako artikuluak, film-zatiak, txotxongiloak. Ispilu-jolas bat, benetako eta fikziozko banpiroak biltzen dituena: bakardadea, gizagabetzea eta gizarte-kontrola. Eta erdigunean, Drakula nobela; haren protagonista, haren egitura, haren funtsa. Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatua.
Jia Zhang-ke
Txina 
26 min. Film laburra
Shanxiko ikatz-meatzari batzuei buruzko drama liluragarria: langabe daude, eta lan bila.
Deborah Stratman
AEB 
60 min.
Dokumental esperimentala. Hamaika parabolaren bitartez, Illinois estatuaren historiako zenbait gertakari kontatzen dira: eskualde bateko fedeari, indarrari, teknologiari eta exodoari buruzko binetak. Txerokiei beren lurra indarrez utzarazi zietenetik hasi, eta frantses ikariarren komunitate utopikoa ezarri, erreaktore nuklearra asmatu eta Pantera Beltzen liderra (Fred Hampton) hil zuten arte, filmak kokatze, kanporatze, aurrerapen teknologiko, indarkeria, mesianismo eta erresistentziari buruzko istorioak helarazten dizkigu. Illinois tranpa egoki eta egituratu bat da hemen; haren istorioak alegoria bihurtzen dira, eta alegoria horien bitartez sinesmenek eta ideologiek gizarteak nola eratzen dituzten aztertzen da.
Aaron Brookner
Erresuma Batua 
96 min.
Howard Brookneren lehen filmak (Burroughs: The Movie) 80ko hamarkadan New Yorkeko hirigunean izandako iraultza kulturala irudikatu zuen. Orain, haren iloba Aaronek bidaia pertsonal bati ekingo dio, Howarden ondare zinematografikoa eta hura izan zen guztiaren oroitzapena argitara ateratzeko.
Todd Solondz
AEB 
89 min.
Wiener-Dog filmak kontatzen dituen istorioetan, saltxitxa-txakur batek hainbat pertsonaiaren bizitzak inspiratu eta aldaraziko ditu. Izan ere, txakurrak kontsolamendu eta poztasun halako bat sorrarazten du bere inguruan. Gizakiaren lagunik onenak bizitzari buruzko ikasgai bihurritsu zenbait emango dizkio, lehenik, mutiko bati. Ondoren, Dawn Wiener izeneko albaitari errukitsu baten eskuetara iritsiko da. Dawn iraganeko norbaitekin elkartuko da berriro; errepidea hartuta, bidaia bati ekingo dio eta bidean mariatxi deprimitu batzuk hartuko ditu autoan. Wiener-Dog-ek noraezean dabilen zinema-zuzendari batekin egingo du topo orduan, baita atso mingostu batekin eta haren iloba mainatiarekin ere. Den-denak zerbaiten beharrean dira.
Ivan I. Tverdovsky
Errusia - Frantzia - Alemania 
87 min.
Natasha adin ertaineko emakume bat da, zoo bateko langilea, eta amarekin bizi da oraindik kostaldeko herrixka batean. Trabatuta dago eta badirudi bizitzak ez duela sorpresarik gordeta harentzat, harik eta egun batean... buztana haziko eta bizitza errotik aldatuko zaion arte.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: