1960tik 2001era estreinatutako 20 film luzez osatuta egongo da José Giovanni zinemagile, gidoigile eta eleberrigileari (polizia-zinema frantziarraren aro handiaren irudi eztabaidaezina berau) buruzko atzerabegirakoa. Zinemaldiaren 74. edizioak Giovannik zuzendutako ia film guztiak berreskuratuko ditu, bai eta hark beste errealizadore batzuentzat (hala nola Jacques Becker, Jean-Pierre Melville, Jacques Deray, Claude Sautet, Henri Verneuil eta Robert Enrico) idatzitako zortzi film ere.
Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak Espainiako Zinematekaren lankidetzarekin antolatua, zikloak liburu baten argitalpena ere barne hartuko du: José Giovanni. No hay vida plena sin piedad, Felipe Cabrerizok idatzia eta Quim Casas kritikari eta Donostia Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak editatua. Giovannik eleberrigile, gidoigile eta zuzendari gisa ekoitzitako obra guztia errepasatzen du azterlanak, frantziarraren bizitzako zenbait alderdi polemikoz gainera: alemaniarren okupazioan izandako eginkizuna, kartzelatik ihes egiten saiatu zenekoa, etab.
Liburua, gaztelaniaz eta ingelesez editatua, Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bultzatutako bildumaren bosgarrena da, Claude Sauteti, Hiroshi Teshigaharari, polizia-zinema italiarrari eta Lillian Hellman gidoigileari eskainitakoen ondoren.
Obra honen kasuan, Claude Sautet izan zen Giovanniren beste eleberri bat pantaila handira egokitu zuena. Lino Ventura Abel Davos da, polizia-inguraketa saihestu eta familiarekin Italiara ihes egitea lortuko duen kriminal bat. Haatik, mugan liskar bat izan ondoren, protagonista bakarrik geratuko da bere seme-alabekin. Izena apur bat aldatuta izanik ere, okupazio-garaian Gestapo frantsesarekin lankidetzan aritu zen gangster baten istorioan funtsatutako filma.
Bere hil osteko pelikulan, Giovannik La Santé espetxetik irteten saiatu zenekoari buruz idatzitako eleberria egokitu zuen Jacques Beckerrek. Idazleak, azkenean, aktiboki hartu zuen parte nola gidoian hala filmari errealismo izugarria ematen dioten elementu horiekin guztiekin. Lau protagonistak ziega berean daude. Ihestear daudela, bosgarren preso bat —ezegonkortzailea— esleituko diete toki estu berean.
Bizitza kriminala utzi ondoren, Robert La Rocca landa-eremura erretiratuko da, baina bere lagun onenaren Xavierren —hainbat urteko kartzela-zigorra duenaren— askatasuna lortu nahi du. Hainbat jazokizunen ondoren, presondegi berean amaituko dute biek. Geroago, kondena arintzeko aukera eskainiko diete, baldin eta gerraren ondoren hondartzetan geratutako minak desaktibatzen laguntzen badute. Giovanniren L'Excommunié eleberriaren lehen egokitzapena.
Egoera ekonomiko onean diren lau gizonek diru-sarrerak handitu nahi dituzte drogaren negozioan parte hartuz. Bosgarren gizasemeak —Giovannik berak antzeztuak— Marseillatik ekarri behar du kontrabandoko droga, baina planak okertu eta protagonistak buru emango diote elkarri. Giovanniren eta Jacques Derayen arteko kolaborazio emankorretako lehena, Claude Sautet egonik gidoian.
Giovanni eta Derayren murgilketa espioitza-kontakizunean. Lino Ventura Paul Fabre da, Frantziako zerbitzu sekretuetako ofizial bat, Vienara bidalia, Inteligentzia frantsesak Austriako hirian duen arduraduna egiatan agente bikoitza ote den argitzeko. Fabre bere esperientzia eta instintuagatik bidali dute misiora, baita susmagarriaren lagunik onenetakoa delako ere.
Kartzelatik ihes egin ondoren, Gustave Minda izeneko kriminal arriskutsu batek (Lino Ventura) bere gizonak berraktibatu nahi ditu, baina banda lehiakideen arteko masakre batean sartuko da. Polizia-inspektore bat Minda harrapatzen saiatuko da eta Minda, berriz, azken lapurreta gauzatu eta herrialdetik ihes egiten. Giovanni —nobelaren egilea eta gidoigileetako bat— eta Jean-Pierre Melville polizia-zinema frantziarraren bi arkitekto handien arteko kolaborazio bakarra.
Giovannik bere nobeletako baten egokitzapenean gidoigile gisa parte hartu ez zueneko kasu bakarrenetako bat. Jean-Paul Belmondok automobil-lasterkari baten rola egiten du. Adiskide bat istripu batean hil ondoren lasterketak utzi ditu eta orain gidari gisa egiten du lan lapurreta txikiak egiten dituen gaizkileen talde batentzat. Apurka, bakarkako lapurreta bat bilbatuko du.
Giovannik zuzendutako bigarren film luzea, John Carrick idazle eskoziarraren The Vulture eleberrian funtsatua; sikario bat (Lino Ventura) da protagonista, eta talde matxinatu batek presidente latinoamerikar bat erailtzeko enkargatuko dio. Inolako idealik gabe, eraile ziniko eta gogorrak —Le Rapace goitizenez ezaguna— estatu-kolpe horretan parte hatuko du jakin gabe zenbaterainokoak izango diren berehalako ondorioak.
Erailketagatik espetxeratutako gizon bat askatu egin dute gangster siziliar agurgarri baten klaneko kideek. Elkarrekin, harribitxi preziatuak daramatzan New Yorkerako hegazkin batean lapurtzeko plana dute, baina polizia bat atzean daukate. André Le Bretonen eleberri baten egokitzapena, nazioarteko ekoizpen handi gisa pentsatua, polarraren hiru aktore nagusiak biltzen dituena: Delon, Gabin eta Ventura.
Lino Venturak polizia-inspektore mokortu baten rola egiten du; itzal handiko abokatu baten seme alkoholizatu bat atxilotu ondoren, zuen lanpostutik aterako dute protagonista eta bere habitat berria auzo-komisaria bat izango da; sexu-gaizkileak atxilotzeko ataza emango diote hasieran, baina lankide hasiberri bat (Marlène Jobert, Eva Greenen ama) esleitzen diotenean, lekuko babestu bat bilatu beharko dute elkarrekin, duten datu bakarra haren azken bizitokia izanik.
Kamerako polizia-thriller bat, Gallimard argitaletxeak Série Noire bilduman argitaratutako eleberri estatubatuar batean oinarritua. Pertsonaia nagusiak porrot egin berri du banku baten lapurretan, eta duela gutxiko bere iraganeko zenbait alderdi konpondu beharko ditu, egin ez duen krimen bat leporatzen baitiote. Istorioa jada pantailaratu zuen Robert Siodmak Cry of the City (1948) film noirean.
Normalki komediarekin identifikatzen den aktore bat —Rufus— da protagonista (Rufusek jada egin zuen lan Giovannirekin, Un aller simple filmean parte hartu baitzuen). Kutsu politiko nabarmeneko pelikula honetan, preso politikoak askatzeko borrokatzen den erakunde bakezale batean egiten du lan protagonistak; alabaina, deskubrituz joango da betitik bere pentsamoldearen parte izandako ez-indarkeriak jada ez duela funtzionatzen, eta beste aldera igaroko da: borroka armatura.
L’Excommunié bere eleberriarekin Jean Beckerrek egindako bertsioarekin (Un nommé La Rocca) ez zegoenez oso pozik, Giovannik pertsonalki egokitu zuen, oraingoan koloretan, baina aktore berarekin: Jean-Paul Belmondo. Pelikula berriak hobeki xehatzen du 30eko hamarkadan Marseillan zegoen delinkuentzia antolatuaren bizitza, pertsonaiak kartzelan amaitu eta zenbait gorabeheraren ondoren bizitza zibilera itzuli aurretik.
Heriotza-zigorraren aurkako alegatu gisa planteatua, kartzelatik irten ondoren gizarteratzea erdiesten duen delinkuente baten istorioa kontatzen digu filmak. Hezitzaile baten laguntzari esker lortu du gizarteratzea, baina zenbait gorabeheraren eraginez, eta bere historiaren berri duen polizia-inspektore baten presioak direla-eta, bizitza kriminalera itzuliko da. Alain Delonek ekoitzia, Delon bera da protagonista, Jean Gabinekin batera.
GIovannirekin aktore eta ekoizle gisa egindako bigarren kolaborazioan, Alain Delonek Hugo Sennart hezurmamitzen du, ijito frantses bat, poliziak hainbat delitugatik bilatua. Hugok bere azken kolpea izan litekeena prestatzen du, baina bere ibilbidea bitxi-lapur batenarekin nahasiko da; Hugoren bila dabilen inspektore berak hesitu du bitxi-lapur hori. Fikziozko kontakizun bat izanik, pelikulak begirada dokumental bat zuzentzen dio ijito-kanpamentuei eta ijitoen bizimoduari.
Albert Spaggiariren eleberri autobiografikoaren egokitzapena; ordura arteko banku-lapurreta handienaren buru izan zen Spaggiari. 1976ko uztaileko egun batean, Spaggiari eta haren adiskideak estolderiatik joan ziren Société Général de Niza erakundearen egoitza nagusiraino, barnean geratu ziren asteburu oso bat eta 60 milioi franko ostu zituzten, hainbat bonu eta ondasunez gain. Mendeko lapurretatzat jo zen.
Errudun faltsu baten istorio bat kontatu zuen Giovannik film honetan. Simon Rislerrek (Claude Brasseur) ihes egingo du poliziarengandik berak egin gabeko erailketa batengatik epaitua izan eta heriotza-zigorra jaso ondoren. Bere abokatuaren (Annie Girardot) etxean ezkutatuko da, eta harekin frogatu nahiko du errugabea dela, afera ilun bat azaleratzeaz gain (baliteke afera horretan polizia frantsesaren Finantza Brigadaren zenbait elementu inplikatuta egotea).
Abenturaren eta espioitzaren arteko obra, filmaren hasietan NATOko jeneral garrantzitsu bat bahituko du talde terrorista batek. Horren ostean, Frantziako zerbitzu sekretuek zenbait gizabanako erreklutatu eta entrenatu egingo dituzte militarra askatu beharko duen komando bat osa dezaten. Filmaketa gogorra izan zen, baina asko gustatu zitzaion Giovanniri, itsaspeko eszenez gain eskalada bertikal zail-zailak ere filmatu baitzituzten.
Kutsu autobiografikoak dituen Giovanniren beste pelikula bat. Okupazioren garaian kartzelatik irteteko naziekin kolaboratzea erabaki zuen gizon gazte bat da protagonista. Zenbait urte geroago, gerra amaitzear dagoela, birgaitzea lortzen saiatuko da, inteligentzia-ofizial frantses bati lagunduz errepresioan bortizki parte hartu zuren herritar eta poliziak —esaterako, protagonistaren anaia— ezagutarazten.
Il avait dans le coeur des jardins introuvables izeneko bere eleberritik abiatuta, Giovannik bihotzetiko omenaldia egiten dio bere aita Joe Damianiri; Joe tematuta dago semea heriotza-zigorretik askatzeko (erailketa batean sopikun izatea leporatzen diote). Aita (Bruno Cremer) semearen errugabetasunaren frogak lortzen saiatuko da. Giovannik egur esan zion zinemari bere garai dramatikoenetako baterako denbora-bidaia honekin.
José Giovanni (1923-2004) Joseph Antoine Roger Damiani izenarekin jaio zen Parisen, korsikar jatorriko familia aberats batean. Harenak dira polizia eleberriko orrialderik bikainenetako batzuk, eta baita Estatu Batuetako film noir generoa bezain garrantzitsua izan zen Frantziako “polar” polizia zinemako orrialde asko ere. Nobelagile, egokitzaile eta gidoilari izan zen aurrenik, baina zuzendari moduan bere proiektuen erantzukizun osoa hartu zuenean, Frantziako polizia generoari begirada eta estetika bereziak eman zizkion, Jean-Pierre Melville edo Jacques Deray egile ospetsuenen parekoak. Haiekin lankidetza estuan aritu zen, hain zuzen ere, 60ko hamarkadako lehen erdian. Polizia generoak Frantziako zineman indar handia hartu zuen garai hartan, Giovanniren izena kredituetan agertzen bazen, interesa eta arrakasta ziurtatuta zeuden.
Bizitza korapilatsu eta zaila izan zuen, ilungunez betea. Handik atera zituen bere eleberrien argumentuetarako elementu ugari. Zinemara, berriz, ate nagusitik sartu zen: Le Trou eleberriak, Giovannik kartzelan emandako denbora kontatzen duenak –erailketa leporatu zioten eta heriotzara kondenatu zuten, baina gero bortxazko lanekin kommutatu zioten heriotza zigorra–, Jacques Beckerren interesa piztu zuen, eta pantaila handira eramatea erabaki zuen zinemagileak. Berehala ezarri zuen lotura estua idazlearekin, eta Giovanni hasiera batean aholkulari tekniko gisa kontratatu bazuen ere, amaieran gidoilari lanetan ibili zen harekin batera Le Trou / The Hole (1960) filmean. Becker hil ondoren plazaratu zen pelikula, eta Donostia Zinemaldiak 2016an zuzendariari eskaini zion atzerabegirakoan ikusteko aukera izan genuen.
Giovannik 1958an argitaratu zuen La evasión, kartzelatik atera eta urte eta erdira. Handik gutxira, Série Noire ospetsuko idazleetako bat zen jada. Marcel Duhamelek Gallimard argitaletxean sortu zuen polizia liburuen bilduma horrek literatura kriminalaren ikuspegi berri eta modernoa sortu zuen, tartean zirela Ipar Amerikako klasikoen frantseserako itzulpenak ere. Bere hirugarren eleberritik, Classe tous risques (1958), sortu zen Classe tous risques / The Big Risk (1960), Claude Sauteten filma, eta Giovanni gidoilari aritu zen han ere. Eta zenbait urte beranduago, Jean-Pierre Melvillek bere bigarren eleberria, Le Deuxième souffle (1958), egokitu zuen polar generoko funtsezko izenburuetako bat sortzeko: Le Deuxième souffle / Second Wind (1966). Bai film horrek, bai Sauteten filmak (Zinemaldiak atzerabegirakoa eskaini zion 2022an) Lino Ventura izan zuten aktore lanetan, generoko interpretatzaile garrantzitsuenetako bat, alegia, Jean Gabin eta Alain Delonekin batera.
1958 urte oparo hartako beste eleberri bat, L’Excommunié, oinarri hartu zen ere Jean-Paul Belmondo protagonista izan zuen Un nommé La Rocca / A Man Named Rocca (1961) pelikularako, eta hala jarraitu zuen Beckertarrekin hasitako harreman onak; izan ere, Jean Beckerrek zuzendu zuen, Jacquesen semeak. 1963an, gidoilari moduan hasi zuen Jacques Derayrekin izan zuen harreman emankorra –Symphonie pour un massacre / Symphony for a Massacre (1963), Rififi à Tokyo / Rififi in Tokyo (1963), L’homme de Marrakech / The Man from Marrakech (1966) eta Avec la peau des autres / To Skin a Spy (1966)–, eta hiru urte beranduago, gauza bera egin zuen Robert Enricorekin –Les Grandes gueules / The Wise Guys (1966), Les Aventuriers / The Last Adventure (1967) eta Ho! / Ho! Criminal Face (1968)–. Ordurako, hala ere, Giovanni jada pentsatzen hasia zen zuzendaritzan. La Loi du survivant / Law of Survival (1967) pelikularekin egin zuen kameraren atzeko debuta. Gerra garaiko polar horretan bere gai nagusietako hiru agertzen dira: Frantziako Erresistentzia II. Mundu Gerran, Korsikako ingurugiroak eta traizioa.
Handik aurrera, eta Henri Verneuilen Le Clan des Siciliens / The Sicilian Clan (1969) filmaren salbuespen bakarrarekin (polar generoko ezinbesteko pelikula, Giovanniren gidoi eredugarriarekin, Auguste Le Bretonen eleberrian oinarrituta, eta Ventura, Delon eta Gabin goi mailako aktoreak bildu zituena), gure protagonista zuzendaritzan ibili zen batez ere. Bere filmetan berarekin lan egin zuten zinemagile guztien ezaugarriak dauden arren, laster ezarri zuen estilo propio, gordin eta zuzen bat, bere buruari edo beste idazle batzuei egokitua, askotariko pertsonaiez betetako istorioetan: soldatapeko hiltzaileak, auzoko poliziak, sistemari aurka egiten dioten gazte matxinoak, Marseillako hanpa, gizarteratu ezin diren gaizkileak, beren kodeen arabera bizi diren bazterreko lapurrak, eskala handiko lapurretak, errugabeak direla frogatu nahi duten presoak edo urre bilatzaileak. Bere bizitza bera bezain estilo asaldatua, oso fisikoa eta abenturazalea: adibidez, mendiko zein hiriko eskalada praktikatu zuen, eta Eiffel Dorrearen puntaraino eskalatu zuen behin.
Zuzendu zituen hamabost film luzeetatik, telebistarako bi pelikula eta hiru telesail atalekin batera, bereziki aipagarriak dira Le Rapace / Birds of Prey (1968), Dernier domicile connu / Last Known Address (1970) –biak Venturarekin–, Un aller simple / One Way Ticket (1971), La Scoumoune / Hit Man (1972) –Belmondo, Claudia Cardinale eta Giovanniren aktore fetitxea izan zen Michel Constantinekin–, Deux hommes dans la ville / Two Men in Town (1973) –Delonek eta Gabinek protagonismoa partekatuz–, Le Gitan / The Gypsy (1975) –Delon produktore eta protagonista izan zuena– eta Une robe noire pour un tueur (1981), Annie Girardotekin. Bere azken bi pelikuletan, Mon ami le traître / My Friend the Traitor (1988) eta Mon père, il m’a sauvé la vie / My Father Saved My Life (2001) –Bertrand Tavernierrekin batera idatzi zuena– bere bizitzaren alderdi erabakigarriei buruzko hausnarketa egin zuen fikzioaren eremutik.