Zorah Berghammer
A., gazte vienar bat, armadan sartzeko prestatzen ari da. Ikasketei, familiari, lanari eta neska-lagunari agur esan die. Buruko ilea mozten du. Ingurukoek ulertu ezinik erreakzionatzen dute. Kameraren aurrean, armadari eta gerrari buruzko istorio txikiak kontatzen dituzte, beren ideiak eta iritziak partekatuz. Istorio horiek ez dute zerikusirik A.ren errealitatearekin. Berak ere kamerari hitz egiten dio: irten nahi du, fikzioz betetako mundu batetik irten, pelikulatik irten.
María Vaughan
Espainia - Kolonbia
15 min.
Bi gizon-emakumek kostaldeko hiri batera egindako bidaia gogoratzen dute. Euren ahotsak garai zehaztugabe batetik iristen dira, non iragana eta oraina nahastu egiten baitira. Oroitzapenak ordenarik gabe gainjartzen dira: begiratoki bat, kafe bat, hondartza ilunabarrean, parke bat, eta, bereziki, bingo-areto bat. Zoriozko joko honen partida batek eta gizonak irabaziko duelako susmoa izango dira oroimenaren erdigune. Hiria postal gisa hedatzen da eta postal horren gainean kontatzen da iristear den banantzea.
Maarij Reka
Gazte bat kazetari batekin ari da solasean haurtzaroko bere etxearen eta herrixkaren argazkiei eta oroitzapenei buruz. Herrixka eta etxea laster desagertuko dira herrialdeko hiriburu berriari bide emateko. Anaiarekin batera, haurtzaroan jolasten zireneko lekuetara itzuli, argazkiak atera eta bere istorioak birsortuko ditu, lurrak berdina izaten jarraituko balu bezala.
Marco Lawson
Aita dibortziatu batek asteburu bat igaro nahi du bere seme-alabekin, baina liskar oldarkor bat izango du emazte ohiarekin. Adiskidetzeko itxaropenak mesfidantza eta amorru bihurtuko dira eta gai pertsonalak azalera aterako dira, haurrak lekuko inozente izanik.
Camila Encarnación
Dominikar Errepublika
11 min.
18 urteko Gislainen hitzetan, ahots jainkotiar batek bisitatu zuen ametsetan, eta ahots horrek etorkizun aparta promestu zion, ospez eta diruz betea. Geroago, graduazio-egunean, promes horri eusten dio, eta anbizioaren eta zuzendaritzaren eskakizunen aurrean, emakume gazteak aipatzera ausartzen ez den itxaropen bat du gordeta beretzat.
Hiromi Tanoue
Tokikok senarra galdu du eta bakarrik bizi da bere etxe handian. Harreman sozialak nahi lituzkeenez izan, lan bila hasiko da, baina bere adina eta iragana oztopo gaindiezinak dira. Egun batean Ain ezagutuko du, Vietnamgo gazte bat, supermerkatu lokalean lan egiten duena, eta adiskidetasun bitxi bat sortuko da bien artean. Tokikok ilusioak izango ditu Ainek bere bizitzan izan lezakeen tokiari buruz, baina erlazioa hausten denean, emakumeak zorigaiztoko erabaki bat hartuko du.
Filmakademie Baden-Württemberg
© Filmakademie Baden-Württemberg
Jonathan Schaller
Hainbat aste eman ditu 17 urteko Maxek desgaitasun intelektuala duten gazteentzako egoitza talde batean bizitzen. Bere aita Peterren lasterketa-zaldietarako ukuilura lehenengoz itzultzen denean, hark bere bizitza berria onar dezan saiatuko da. Peterrek ez du ezer jakin nahi, eta bien arteko jokabide-eredu zaharrak azaleratu egingo dira berriz. Segurtasun ezaren eta hurbiltasun emozionalerako desioa tartean direla, Max aitari desafio egiten hasiko da.
Karla Condado Romero
Bideoeskutitz hau zuzendariaren izebarentzat da; feminizidioz erail zuten izeba, eta hura gabe bizitzea eta haztea nolakoa izan den kontatu nahi dio ilobak. Izebak Facebook bidez bidalitako azken mezua proiektatzen duen performance baten medioz, zinemagile gazteak bere historia propioa berregiten du: emakumeentzat oso arriskutsua den herrialde batean bizitzeak eragiten duen beldurra eta familiako emakume bakarra izateak dakarren konplexutasuna.
Júlia Coldwell Serra
Candelak bizitza monotonoa darama barneko herri batean. Herriko jai nagusietan, ilobaren txakurra harrapatuko du nahi gabe, baina ez aitortzea erabakiko du. Aitzitik, txakurrek zuhaitz sakratu baterantz egiten duten erromesaldi bati buruzko kondaira bat asmatuko du, eta bilaketan parte hartzea proposatuko dio ilobari. Astiro-astiro, gezurrek barrena jango diote.
Clara Vieira
Nerabe talde bat kanpatzeko elkartu da. Horietako bik euren erlazio sentimentala zehazten saiatzen ari direla, ipurtargi talde bat iritsiko zaie ustekabean, eta basoaren bihortzera eramango dituzte intsektuek.
Zhongyao Xie
Txinako ipar-ekialdeko hiri txiki batean girotua, filmak Yu Meili langile kaleratu baten istorioa kontatzen digu. Protagonista harrapatuta sentitzen da senarrarekiko harreman itogarrian, eta oilar bat hiltzeak zorigaiztoko harreman bat bukaraz dezakeelako sinesmenari eusten dio, baina ezin du halakorik egin, eta bere mundua erabat kolokan egongo da neska batek zerbait esaten dionean: “oilarrek arrautzak jar ditzakete”.
Anne-Sofie Lindgaard
Danimarkan, uda distiratsu bat puntu gorenean dago. Mia bere ahizpa Juneren txabolara iritsi da, aintzira baten ondoan; bertan, June eta haren bikotekide Jens in vitro ernalketa-prozesu batean zeharo kontzentratuta ari dira igarotzen denboraldia. Hasieran idilikoak ziruditen oporrak tentsioz beteko dira laster, Miak albiste bat baitakar, gogorregia ustekabeko elkarrizketa baterako; haurdun dago eta Juneri aurrez aurre esatera etorri da. Egia argitara ateratzen denean, June eta Jensen itxaropen hauskorrak erori egingo dira.
Micha Straub
Urruneko opor-leku baterako bidean, bikote gazte bat zorigaiztoko ehiza-istripu baten lekuko izango da. Zibilizaziotik urruti eta laguntza ezin eskaturik, ehiztarien asmoak zalantzan jartzen hasiko dira.
Angelika Cygal
Goizeko paisaian aizkora baten soinua entzuten da. Atzo haizean dantzan zebiltzan xingola zuriak isilik daude orain. Helka atzo ezkondu zen, eta agur esan dio gaur familiaren etxeari; herritik dabil senarraren etxerantz. Amak aspaldi lumatutako antzara baten lumez eginiko estalki bat darama. Helduarorako bidaian, baserri-giroko musika da Helkaren lagun bakarra.
Benjamin Naishtat zinemagile argentinarra da, Zinemaren Unibertsitatean eta Le Fresnoy-n graduatua. 2023an María Alchérekin batera zuzendu zuen Puan luzemetraiak Donostiako Gidoi Onenaren saria jaso zuen, eta Film Iberoamerikar Onenaren Goya sarirako izendatu zuten. Aurten Sail Ofizialeko Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko da Glaxo film luzearekin. Gainera, Zabaltegi-Tabakalera saila inauguratuko du Alchérekin batera zuzendu duen Pedro en el país filmarekin. Solasaldian, Benjamin Naishtat-ek bere lan- eta sorkuntza-prozesuak partekatuko ditu, zinemaren munduan ibilbide bat eraikitzeaz arituko da eta bere azken lanek bizi dituzten erronka eta ikaskuntzei buruz hitz egingo du.
Hizketaldiak - Nest
Sarrerak eskuragarri irailaren 14ko (astelehena) 9:00etatik aurrera
Ira Sachs zinegileak, aurtengo Epaimahai Ofizialeko presidenteak, The man I Love azken filma aurkeztuko du Perlak atalean, Canneseko Sail Ofizialean estreinatu ondoren. Jaialdira egingo duen bisita aukera paregabea izango da lan berri horri eta bere ibilbide zinematografikoari buruz hitz egiteko. Hogeita hamabost urte baino gehiagoko ibilbidean, Ira Sachsek filmografia guztiz pertsonala garatu du. Bere lanaren ezaugarri nagusia giza harremanei (erromantikoak zein familiarrak) buruzko begirada zehatza eta sentimentalismorik gabea da. Desioaren, sexualitatearen eta intimitatearen konplexutasunei ere heltzen die. Aukera paregabea izango da haren sormen-unibertsora hurbiltzeko eta haren ondoan giza izaerari buruzko begirada berezi batek markatutako ibilbidea egiteko.
Hizketaldiak - Nest
Jordan Firstman-ek Club Kid filmaren sormen-prozesuaz hitz egingo du, eta fikziozko lehen film luzea egiteak zer suposatu dion azalduko du, urteetan film laburrak eta telesailak zuzendu, idatzi eta antzeztu ondoren. Bere lehen film luzea egitean bizi izan dituen erronkei eta hartu dituen erabakiei buruz arituko da. Filma Canneseko Zinemaldiko Un Certain Regard sailean izan zen, eta orain Perlak sailera iritsiko da, Donostia / San Sebastián Publikoaren Sariaren lehian.
Hizketaldiak - Nest
Gonbidapenak doan, ohiko kanaletan eskuragarri.
Sarrerak eskuragarri irailaren 14ko (astelehena) 9:00etatik aurrera
Naëmi Adak Berlingo DFFBn egin zituen ikasketak. New Directors sailera iritsi da bere lehen film luzearekin: Body of Glass. Solasaldia ibilbidearen hasieran dagoen zinemagile batekin izango dugun hurbileko topaketa da. Bertara hurreratzen direnek debutaren atzean dagoen sormen-prozesua eta filmari forma eman zioten erabakiak ezagutzeko aukera izango dute. Solasaldian film luzeari lehen aldiz aurre egiteak dakartzan erronkak, ikaskuntzak eta desafioak jorratuko dituzte. Elkarrizketarako eta inspiraziorako gune bat, begirada zinematografiko propioa eraikitzen ari direnentzat.
Hizketaldiak - Nest
Sarrerak eskuragarri irailaren 15eko (asteartea) 9:00etatik aurrera