71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Made in Spain
Made in Spain
Félix Viscarret
Espainia 
108 min.
Benito Lacunzak, Madrilen nekez bizi den hogeita hamar urte inguruko alfer eta zurrulak, egun batzutarako Lizarra bere jaioterrira itzuli beharra dauka, eta bertan Lalo bere anaia, on puska eta ia mistikoa dena, Nines, bizitzak zartatutako ama ezkongabe batekin ezkontzekotan dagoela jakingo du. Benitok hori eragotzi nahi du nola edo hala, baina hori ezinezkoa gertatuko zaio autista samarra den Ninesen alaba, Ainara, ezagutu eta honekin adiskidetasun harrigarri bat hasi orduko.
Pablo García
Espainia 
87 min.
Víctor eta Laura (zine-zuzendari bat eta bere laguntzailea) galiziar kostaldeko herriska batera doaz bidaian gauza arrunten maitasuna eta edertasuna harrapatzea helburu duen asmo handiko zine-proiektu bat burutzekotan, baina ez dute berau bukatzea lortuko. Neska-mutiko batzuk, aldiz, euren haurren begirada irekiarekin, filmatutako material horrekin zuzendari helduaren anbizioak lortu ez duena erdiesten saiatuko dira: bizitza atzematea.
Miguelanxo Prado
Espainia - Portugal 
75 min.
Bazen behin etxe bat Itsasoaren erdian non emakume bat zain egoten zen biolontxelo malenkoniatsu bat jotzen. Bere maiteari itxaroten, bere margolanetan amesturiko medusen, itsas izarren eta mila koloreko arrainen artean nabigatzeko marinela izan nahi zuen pintoreari. Lilurapen honek itsas-sakontasunaren edertasun zirraragarria eta bertako misterioak ezagutzeko bidaia batean abiaraziko zuen, eta honen ondoren, ez batak, ez besteak ez zuen jakingo berriz elkar ikusterik izango ote zuten.
Sergio Candel
Espainia 
70 min.
Dos miradas egun bakar batean gertatzen da, San Pedro de Atacamako (Txile) basamortuan. Sofiak eta Laurak oporrak bertan igarotzea erabaki dute, tokiak sentiarazten dien bakeaz eta lasaitasunaz gozatzeko. Bien artean sexu-harreman bat sortzean lekuaren harmonia apurtuko da ordea.
Pedro Aguilera
Espainia - Mexiko 
83 min.
Eguneroko bizitzaren arazoek zigortzen duten emakume ahul eta nahasi baten istorioa da. Ondasunak bahitzen dizkiote, bere kosmetiko-denda ixten diote eta bere bi seme-alaben etorkizuna lanbrotsu bilakatzen da oso. Umeen bizitasunak amaren apatiarekin egiten du talka, hau mantsokiro depresio sakon batean murgilduz. Amak suertatzen zaizkion arazoak konpontzeko heldutasuna eta indarra ez duela ikusita, umeek nolabait aurrera egin beharko dute. Bizitza aurrera doan heinean gauzak aldatu egiten dira. Batzuetan aldaketa hauek hain dira mantsoak ezen ez baitira igarri ere egiten, besteetan bortitzak dira oso, eta ezustekoak, baina dena aldatu egiten da ezinbestean.
Mariano Barroso, Isabel Coixet, Javier Corcuera, Fernando León de Aranoa, Wim Wenders
Espainia 
108 min.
Hau istorioen historia bat da. Geure ahanzturan bizi diren pertsona haienganako hurreratze bat da. Ezaxolagatik mutu geratu ziren horiei hitza emateko nahia. Eta begirada beti haiengan izan zuten beste pertsona horiei eginiko omenaldi apala. Baina batik bat benetako protagonista bakarrak ikusgai egiteko bost zuzendarien borondatea da, ikusezinak direla uste izan eta hori sinesten jarraitu nahi dugun horiek. Isabel Coixetek Boliviako ?chagas? delakoa aztertzen du; Mariano Barrosok, Afrika Erdiko Errepublikako loaren eritasuna; Fernando León de Aranoak, Ugandan gerra-helburu bihurturiko zibilak; Javier Corcuerak, indarkeriaren ondorioak Kolonbian; eta Wim Wendersek, sexu-erasoak Kongon.
Jaime Marques Olarreaga
Espainia 
100 min.
Umezurztegitik atera berri den Alexek bere lehen diru-zorroa ostu du: itxura du bere amarengandik aldendu zuen halabehar huraxe izango duela, honek erakutsi baitzion lapurretan hamar urte lehenago. Supermerkatu batean litxarrerian ari den Sara kleptomana hasiberria ezagutzeak bere bizitza zeharo irauliko du. Alexek elkarrekin lapurtzea eta irabaziak erdibanatzea proposatzen dio. Baina itxuraz itun ?profesionala? denak sekretu bat ezkutatzen du: lehen unetik batak bestea gustuko dute eta denbora kontua besterik ez da euren harremana sendotzea. Urrats hori ematen dutenean, euren munduak elkarren aurka jotzen dute: Alexek egunez egun bizirik irautea beste etorkizunik ez dauka. Sarak, aldiz, dezente du galtzeko: familia bat, ikasteko aukera... Azken finean, bizitza arrunt bat. Behin bere amak beregatik egin bezala, orain Alexek neskarengatik aukeratu beharko du...
José María de Orbe
Espainia 
95 min.
Noeliak oraindik ez ditu hogeita hamar urte beteak. Bartzelona kanpoaldeko auzo batean bizi da. Gauez, gasolindegi batean dihardu. Egunez, publizitatea banatzen du atariz atari. Ez du denbora librerik. Noeliak gaueko lana utzi du. Rosarekin bizi den etxetik alde egin. Sekula ez du adiorik esaten. Ez du arrastorik ez zantzurik uzten. Ez du lagunik, ez ditu bilatzen. Noelia pertsonaia anonimoa da. Hiri handiko milaka gazteren artean beste bat. Bere inguruan, Rosa, Lucas, nagusia... Denak beren gatazka ttikiekin, itxaropen ttikiekin, egunez egun bizirik irauteko borrokan. La línea recta hiri-istorio bat da, zeinean Noelia protagonistaren jokabidea bizileku duen hiriaren parekoa den, eta irudizko lerro zuzen bati jarraituz hazi eta aurrera egiten duen, lan batetik bestera, etxebizitza batetik bestera, noragabean, gelditu gabe, atsedenik gabe eta nora joan ez dakiela.
Gerardo Herrero
Espainia 
106 min.
Luisa telefonia mugikorreko konpainia bateko exekutiboa da, zeinak, 44 urterekin, bere burua ikusezina dela sentitzen duen: bakarrik bizi da, bere senarrak utzi zuen eta alabak kanpoan ikasten du. Enpresako festa batean bere adin bera duen Jorge lankideak bazter utzi du, enpresako teleoperadore den Marina neska gaztearekin solasteko. Hisiaz, Luisak emakumezko aktore batengana eta bere mahai-teniseko irakaslearengana joko du bere burua agerian uzteko eta Jorge seduzitu ahal izateko.
David Ulloa, Tristán Ulloa
Espainia 
113 min.
Pudor familia baten intimitatearen gaineko begiratua da. Familia osatzen dute: hiltzera doan gizon batek, anonimo erotikoak jasotzen dituen emakume batek, bere adineko ezbaiekin borrokan ari den nerabe batek, mamuak ikusten dituen ume batek eta amodiorako azken aukera duen aiton batek. Denak elkarrekin bizi dira, euren nahiak, beldurrak, obsesioak eta sekretuak elkarri kontatzeko modua ezin aurkiturik. Lotsa horrek inkomunikaziora eta bakartasunera daramatza.
Jaime Rosales
Espainia 
130 min.
Adela urtebeteko semea duen eta bananduta dagoen neska gazteak Leongo iparraldeko bere jaioterri txikian zeraman bizimodua atzean utzi du Madrilera joateko. Aurrera ateratzeko azafata-lanpostu bat bilatzen du eta Carlos eta Inesekin batera doa apartamentu batera bizitzera. Hirurak primeran konponduko dira segituan, elkarrekin bazkariak, zalantzak eta aisialdia partekatuz. Adelak ez du hiriko bizimoduari egokitzeko zailtasun berezirik izan, Miguelitoren aitak laguntza ekonomiko handirik ematen ez badio ere. Autobusez bidaian doala gertaturiko atentatu terrorista batek bere bizitza suntsituko du. Hura gertatuz gero, bizimodu arruntera itzultzeko kemena aurkitu beharko du.
Ray Loriga
Espainia - Britainia Handia - Frantzia 
101 min.
XVI. mendeko Espainian, Teresa de Cepeda y Ahumada, Avilako kapare baten alabak ez du gizonezkoen mundu batean duen emakumezko rola onartu nahi: ez du emazte eta ama izatera mugatu nahi. Zer edo zer jasoagoa egon behar duela sinesten du. Idatzi, irakurri, ikasi nahi du. Klausurako komentu batean sartuko da "zer edo zer" horren bila. Kristoren desengainua hartuko du, ordea: klaustroko pareten bestaldera materialismoa eta atzean utzi nahi zuen arinkeria baitira nagusi. Orduan, otoitz eta sakrifiziozko gurutzadan hastea deliberatuko du, lehenik bihurri eta ero, gero lider eta, azkenik, santu bihurtuko duena.
Pablo Llorca
Espainia 
82 min.
Zinemari buruzko filma, edo denek istorioak kontatzeko dugun beharraz. Pelikula honetako pertsonaiek kontaketan igarotzen dute denbora, edo kontakizunak entzuten, gauzak konta ahal diren edozein modutan. Zenbait bilbe batera gertatzen dira, baina korapilo nagusia duela urte batzuk Beiruten hasitakoa litzateke, Deabruaren eta telebistako kazetari Almudenaren artekoa, alegia. Maitemindu egin ziren, baina Deabrua, izututa, ez zen bigarren hitzordura azaldu. Urte batzuk geroago Deabrua Madrilen agertu da, Almudenari bizitza berri bat eskaintzera. Baina honek bizitza oso egonkorra dauka eta zaila izango da hura asmoz aldaraztea?
Antonio Mercero
Espainia 
90 min.
Rivero familia udako oporretara doa. Luis bere emazte eta bi semeekin Donostiara joan da, Madrilen haren alaba bakarra, Ana, eta bere aita gelditu dira. Ana oposizioak prestatzen ari denez, bere ikasketekin aurrera egiteko eta aitonarengandik gertu egoteko hiriburuan geratzea erabaki du, aitona Roberto zahar-etxe batean egokitu baitute udaldirako. Bertan, Ricardok Andres ezagutu du, bere gelakide eta lagun berria. Elkarrekin gaztaroko bizipenak gogoratzen dituzte, pasarte samur eta dibertigarriak sortaraziz. Uda pasa ahala, Alzheimerren gaitzak Ricardo mehatxatuko du.
Rafa Cortés
Espainia 
100 min.
Mallorcako herri bat. Alemaniar langile berri bat. Hitzez adierazi gabeko susmo bat. Eutsi beharreko lanpostu bat. Berak egin ez duen zerbait leporatzen diotela sumatu eta inork zalantzan jartzen ez duen bere errugabetasuna frogatzen saiatuko den gizon baten istorioa da Yo. Egoera honi irtenbide bat emateko bere ahaleginek benetako arazoari aurre ematera derrigortuko dute: bere buruari berari.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: