71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofiziala
Media
Partner
Filmak
Filmak
Zabaltegi
Zabaltegi
Oliver Stone
AEB 
206 min.
2014an estreinatuko den muntaketa birmasterizatu berri honetan Oliver Stone zuzendariak Mazedoniako errege Alexandro Handiaren historia epikoa aurkeztuko digu. Pertsonaia ospetsuak garai hartan ezagutzen zen munduaren % 90 konkistatu zuen zortzi urteko denbora-tartean, eta 25 urte baino ez zituela.
Zachary Heinzerling
AEB 
82 min.
Sundanceko zinema-jaialdiko dokumental zuzendari onenaren saria irabazi zuen lan hau, amodioari, sakrifizioari eta sormen-espirituari buruzko gogoeta zintzoa da, eta Ushio Shinohara margolari-boxeolari ezagunaren eta Noriko artistaren arteko 40 urteko ezkon bizitzaz hitz egingo digu. Tokion artista probokatzaile eta polemikoa zen Ushiok arrakasta zainetan zeramala zirudien, baina 1969an New Yorkera abiatzen denean, nazioarteko aintzatespenaren bila, arrakasta komertzial txikia izango du. Hemeretzi urteko Noriko New Yorkera joango da artea ikastera, eta han, erabat maiteminduko da Ushiorekin.
Wojtek Smarzowski
Polonia 
117 min.
Wojtek Smarzowskik, Róza (2011) film sarituaren zuzendariak, Varsoviako Errepideetako Polizia Saileko zazpi ofizial eta laguni buruzko filma aurkeztuko digu. Elkarrekin egiten dute lan, batera irteten dira parrandan, txantxak egiten dituzte, baita beren trikimailuak ere, eta kotxe azkarrak gidatzea maite dute. Mundu txiki hori erori egingo da haietako bat hiltzen dutenean. Król sarjentua bilakatuko da kasuko susmagarri nagusi. Errugabe dela probatzen saiatzean, poliziako eta politikako goi-karguak sartuta dauden ustelkeria sare bat azaleratuko du.
Liliana Torres
Espainia 
99 min.
Liliana Torres Expósitoren opera prima da, eta herrialdetik kanpo zenbait urtetan izandako esperientziak islatzen ditu. Amak, aparteko sinpletasun eszentrikoko pertsonaiak, senideak (aitona-amonak, izeba-osabak, lehengusuak) bisitaraziko dizkio Liliri. Bira bat egingo dute haurtzaroko paisaia abandonatuan barrena, eta bere frustrazioak eta denek jaraunsten ditugun akatsekiko tolerantziaren mugak arakatuko ditu.
Emir Baigazin
Kazakhstan-Alemania-Frantzia 
115 min.
Emir Baizagin zuzendari kazakhstandarraren opera primak argazki onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen, eta Aslan du protagonista, amonarekin bizi den 13 urteko nerabea. Aslanen nahia ikasketak amaitzea da, kriminalitate-tasa handia duen Kazakhstaneko herrixka batean. Ustelkeriak eta indarkeriak talka egingo dute mutikoaren perfekzio-nahiarekin.
Izibene Oñederra
Espainia 
5 min. Film laburra
Esan nion zinemagilea nintzela... eta ezer ez da aldatu. Bazterretan barrena doa arima erratua, inoiz seguru, inoiz bere buruaz etsita. Gorputza, ordea, gorputza bada: eta da eta da eta da eta ez dauka non.
Thomas Szabo, Hélène Giraud
Frantzia 
82 min.
Thomas Szabo zuzendariak Minuscule animazio-telesaileko bere pertsonaiak eramango ditu pantaila handira. Baso bateko soilgune lasaian, bertan behera utzitako piknik baten hondarrek borroka piztuko dute bi txindurri-triburen artean. Azukre kaxa bat dago jokoan. Amona mantangorri ausart bat gatazkaren erdian harrapatuta geratuko da. Lurraren arrasean eginiko bidaia epiko bat.
Verónica Chen
Argentina-Espainia 
81 min.
Batere ohikoa ez den istorioa kontatzen du, forma-proposamen arriskatuarekin, animea eta benetako irudiak nahasten baititu. Ana, jatorriz txinatarra den Buenos Airesko udal-ikuskari eder gaztea, tokiko mafia txinatarrarekin nahastuko da nahigabe. Mehatxatzen dutenean, panpetara ihes egingo du. Panpak untxi haragijale mutantez josita daude.
Lav Diaz
Filipinak 
250 min.
Lav Diaz, Filipinetako zinemagile ospetsuenetako baten lan berria Canneseko azken jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zuten. Hiru pertsonaren bizitzek itzulerarik gabeko norabidea hartuko dute haietako batek krimen bat gauzatzen duenean. Okerreko gizona sartuko dute espetxean; haren emaztea familia mantentzeko baliabiderik gabe geratuko da, eta kriminala, libre badago ere, berak bakarrik eraikitako kartzela batean harrapatuta geratuko da.
Lav Diaz
Filipinak-Frantzia 
31 min.
Lav Diaz zuzendariaren film garrantzitsuen izango den The Great Desaparecido filmaren atarikoaren munduko estreinaldia; Egiari eta Historiari buruzko gogoeta, Filipinetako Iraultza Independentistaren testuinguruan. Andrés Bonifacio buru duen iraultza lehertzen denean, 1896ko abuztuaren 21ean, Filipinak 325 urte daramatza Espainiaren mende. Baina 1897ko maiatzaren 9an, Bonifaciori heriotza zigorra ezarriko dio Emilio Aguinaldoren agindupean dagoen talde iraultzaile lehiakide batek. Bonifacioren gorpua ez zen inoiz agertu. Haren emazteak, Gregoria de Jesúsek, 30 egunez bilatu zuen hilotza mendietan, Andrés bere izenez deitzen, eta espirituen laguntzarekin.
Manuel Priede, José Antonio Blanco
Espainia-Frantzia 
78 min.
Albert le Layren irudi bitxiari buruzko dokumentala da. Albert le Lay Erresistentzia frantsesaren zerbitzura lan egiten zuen espia bat zen, eta Canfranceko tren-estazioko Frantziako aduanako buru aritzen zen normaltasun osoz. Canfrac Espainiaren eta Alemaniaren artean salgaiak pasatzeko puntu estrategikoa zen.
Francesc Relea
Espainia 
83 min.
Dokumental honek bidaia bat proposatzen du Latinoamerikan barrena, bi artista lagunen abestien eskutik. Joan Manuel Serrat belaunaldi baten ikur da. Joaquín Sabina cuatea da, mexikarrez, lagun mina, gertukoa.
Javier Corcuera
Peru-Espainia 
119 min.
Dokumental berrian, Javier Corcuerak herrialde bateko parte diren pertsonaia batzuk aurkeztuko dizkigu. Film honetan, musika eta musikariak ditu hizpide; baina ez da zehazki musikari buruzko film bat, itxuraz oso urrutikoak diren istorio pertsonalei buruzkoa baizik. Bere burua aurkitzen eta nortasuna marrazten saiatzen den herrialde batean aurkitzen diren istorioak, hots, Perun.
Park Hoon-jung
Hego Korea 
134 min.
Thriller korear honek epaimahaiaren saria irabazi zuen Beauneko Polizia Zinemaren Jaialdian. Koreako krimenaren sindikatu boteretsuenaren presidentea ustekabean hil ostean, boterea eskuratzeko borroka hasiko da bi ordezkari nagusien artean: klaneko bigarren gizona, Jung Chung, eta hirugarrena, Lee Jong-gu, dira tronurako balizko hautagai nagusiak. Trantsizio hori kontrolatzeko eta gainbegiratzeko, poliziak “Mundu Berria” izeneko operazioa jarriko du abian. Operazio horren buruan Jungen konfiantzazko gizona dago, Ja-sung, baina, egiaz, erakundean zortzi urte infiltratuta daramatzan polizia da.
Morgan Neville
AEB 
90 min.
Milioika pertsonak ezagutzen dituzte haien ahotsak, baina ez haien izenak. Sundanceko zinema-jaialdian aurkeztutako dokumental honek XXI. mendeko musikaren izen handienei lagundu dieten koristen historia ezezaguna kontatzea du helburu. Musika ezagunenari itxura eman zioten ahots anonimoei eginiko omenaldia, eta helburu gisa besteen erritmoan egotea zen karreren gatazkei, sakrifizioei eta sariei buruzko gogoeta. Talentu handiko artista horiek estilo, genero eta garai tarte handia estaltzen dute, baina bakoitzak historia bakan eta liluragarria du kontatzeko, izarren itzalean eginiko bizitzari buruz. Artxiboko metrajearekin eta soinu-banda paregabearekin batera, dokumentalak Bruce Springsteen, Stevie Wonder, Mick Jagger, Sting eta beste askori eginiko elkarrizketak biltzen ditu.
Oliver Stone
AEB 
713 min.
Oliver Stone zinemagileak eta Peter Kuznick Historia irakasle eta American Universityko Ikasketa Nuklearren Erakundeko zuzendariak batera kontatu eta idatziriko sail hau bere garaian jakin ez ziren baina XX. mendeko Amerikako historia bakan eta konplexua modu erabakigarrian zizelkatu zuten gertaeretan dago oinarrituta. Guztira, ordubeteko iraupeneko hamabi kapitulu dira.  
Luiso Berdejo
AEB-Espainia 
90 min.
Luiso Berdejoren azkeneko filmak Santa Monican (Kalifornia) gertatzen den maitasun-istorio bat kontatzen du. Álexek Polaroid zahar bat aurkituko du; neska batena da, eta erabat maiteminduko da berarekin. Neskaren bila abiatuko da, zein den eta argazkia noiz egin zuen ez badaki ere.
Asier Altuna
Espainia 
14 min.
Zela Trovke antzinako abesti eslovakiarra da, Moritat izenez ezagutzen diren horietakoa. Krimen-istorioak kontatzen dituzte eta hilketa bat izan ohi da beti tartean.
Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: