tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 67. Edizioa 2019  > Berriak > Argentinako, Koreako, Japoniako, Mediterraneoko, Euskal Herriko eta Vietnamgo gastronomiek oinarritu dute Culinary Zinemaren bederatzigarren edizioa
Argentinako, Koreako, Japoniako, Mediterraneoko, Euskal Herriko eta Vietnamgo gastronomiek oinarritu dute Culinary Zinemaren bederatzigarren edizioa
Bederatzi film luze eta lau film labur hartuko ditu Donostia Zinemaldiak Basque Culinary Centerrekin batera antolatutako sailak
Astelehena, 2019(e)ko irailaren 2

Culinary Zinemak, Donostia Zinemaldian zinema eta gastronomia uztartzen dituen sailak, askotariko osagaiak izango ditu bederatzigarren urte honetan. Haietako batzuk ukigarriak dira: adibidez, gazta eta txokolatea. Baina badira osagai ukiezinak ere: esaterako, tokiko ekoizleekiko harremana, harrera-herrialdeko integrazioa, familiako transmisioa, edertasuna eta elikagaien propietate sendagarriak.

Berlinaleko Panorama sailean Byakuyako / Into the White Night (2011) aurkeztu ondoren, Yoshihiru Fukagawak (Chiba, Japonia, 1976) Donostiara ekarriko du Sora no restaurant filmaren Europako estreinaldia. Gaztagile bat da filmaren ardatza; izan ere, sukaldari batek bisita egiten dionean, lagunekin batera egun bateko jatetxea muntatzeko ideia bururatuko zaio. Jakiak prestatzeko, bertako eta zero kilometroko produktuak erabiliko dituzte.

Japoniako beste ekoizpena Takashi Watanaberena izango da. Telebistarako zenbait dokumental egin ondoren, Seattleko eta Tokioko zinema-jaialdietan hautatu dute zuzendu duen lehen film luzea, Le chocolat de H. Filmak maisu txokolategile eta pastelgile ospetsu bati jarraituko dio; Parisen bost aldiz irabazia du Salon du Chocolat lehiaketa, baina oraindik ere Japonian eta Ekuadorren zehar bidaiatuko du errezeta berrien bila.

Park Hye-ryoungek 40tik gora dokumental zuzendu ditu Hego Koreako telebistarentzat, eta The Wandering Chef Hotdocs zinema-jaialdian estreinatu zuen. Filmaren protagonistak, Jiho Im sukaldari famatuak, herrialde osoa ibiliko du osagai sendagarrien bila.

Mariko Bobrikek ibilbide nabarmena egin du laburgintzan: Kooniklaster-ekin (2007) nazioarteko film labur onenaren saria irabazi zuen Los Angelesko zinema-jaialdian, eta Necesito saber (2015) Cannesen aurkeztu zen. Gainera, Cinéfondation (2012) eta Berlinale Talents (2013) programetan aukeratu zuten poloniar zinemagilea. Bere lehen film luzean, The Taste of Pho, vietnamdar sukaldari bat jarri du ardatzean. Varsovian bizi da, eta ahaleginak eta bi egingo ditu Europako kulturara moldatzeko, alabak erabat barneratu baitu.

Michael Leiren lehen film luzea, Un sabor de cielo / A Taste of Sky, Tribecako zinema-jaialdian estreinatu zen. Bi boliviarren patua gurutzatuko du filmak; hain zuzen, Gustu jatetxe eta gazte behartsuentzako sukaldaritza-eskolan ikasten ari dira biak ala biak. Proiektua Claus Meyerrek jarri zuen martxan, lautan munduko onena izendatutako Noma jatetxearen sortzaileetako batek.

Iaz, Alfred Oliverik Culinary Zineman aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Tegui: Un asunto de familia. Oraingoan, La leyenda de Don Julio: corazón & hueso aurkeztuko du, auzoko parrila erreferentziako haragi-erretegi bihurtu duen hiru belaunaldiko familia bati buruzko filma.

Cocinar belleza filmean, galdera bati erantzuten saiatuko da Sergio Piera: zaporea ederra izan daiteke? Toni Segarra publizistaren eta Quique Dacosta sukaldariaren gidaritzapean, eztabaidak artista talde bati helaraziko dio galdera hori.

Iñaki Arteta (Bilbo, 1959), Trece entre mil (2005) eta 1980 (2014) lanen egilea, Etxebarri jatetxeko sukaldariaren izaerara gerturatuko da Bittor Arginzoniz. Vivir en el silencio filmean; izan ere, sukaldari autodidakta izanik, munduko onenen artera eraman du bere jatetxea.

Azkenik, Mikel Urretabizkaia kazetaria, El secreto de Urdaneta dokumentalaren egilea, Urbia, Aralar eta Gorbeiako mendikateetan barrenduko da Idiazabal gaztaren unibertsoa arakatzeko. Besteak beste, Eli Arrillaga, Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa eta Joan Rocaren lekukotzak bildu ditu Gazta filmean.

Film laburrak
Igor Arabaolazaren Zer jan hura izan film laburrak ekoizle eta sukaldarien lekukotzen bitartez aztertuko ditu gastronomiarekin lotutako zenbait alderdi: jasangarritasuna, belaunaldien erreleboa, eta ekoizlearen eta baserritarren munduaren garrantzia sukaldean.

Era berean, sailean proiektatuko dira Espainiako Nespresso Talents lehiaketa irabazi duten hiru film laburrak: La receta de la vida (Marta López eta Eduardo Peiró), Huele a ti / Smells Like You (Marc Vadillo eta Marwan Sabri) eta Nouvelle Cuisine (José Prada eta Victoria Fresneda).


Afariak
Saileko bederatzi film luzeetatik zazpik afari tematikoa izango dute irailaren 22tik 27ra bitarte Basque Culinary Centerren, Ni Neu jatetxean eta Tabakalerako LABe eremu berrian. Emanaldi afaridunera joateko sarrerak datorren ostiralean jarriko dira salgai, irailaren 6ko goizeko 9:00etan, 70 euroko prezioan, Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez. Filmetarako sarrera soilak irailaren 15etik aurrera jarriko dira salgai, 7,90 euroan.

Nespressok babesten du Culinary Zinema saila.

 

FILMAK


© GlamoramaTV / House of Chef
La leyenda de Don Julio: Corazón & Hueso / The Legend of Don Julio: Meat & Bones
Alfred Oliveri  (Argentina)
Inaugurazioa

Pabloren bizitzak okelak zeharkatutako hiru belaunaldi hartzen ditu barnean. Halabeharrezko helmuga gisa, haren historian barrenduko gara: haurtzarotik gaur egungo arrakastara arte, auzoko parrila xumea munduko haragi-erretegi onena bihurtuz aurrera egin behar izan duen gizon batena. Auzoko heroi baten eguneroko epika.


Un sabor de cielo / A Taste of Sky
Michael Lei  (AEB)
Klausurako filma

Boliviako hiriburuan, La Pazen, itsasoaren mailatik 3.640 metrora, jatorri oso desberdineko hiru pertsona bildu ditu sukaldaritza-proiektu asmo handiko eta sinesgaitz batek, eta betirako aldatuko ditu haien bizitzak. Kenzu, Boliviako Amazonia sakonean hazitako ehiztari bat, eta María Claudia, Andeetako goi-ordokian jaioa, etxetik urrun daude. Gustuk ekarri ditu La Pazera: goi-mailako jatetxe bat eta herrialdeko gazte behartsuentzako sukaldaritza-eskola bat. Claus Meyer daniar sukaldariak sortu du –haren azken proiektua, Noma, lau aldiz izendatu dute munduko jatetxe onena–, boliviar gazte horiek etorkizun hobe baterantz gidatzeko, herrialdea munduko helmuga gastronomiko onena bihurtzen saiatzen den bitartean.


Bittor Arginzoniz. Vivir en el silencio / Bittor Arginzoniz. Living in Silence
Iñaki Arteta  (Espainia)

Bittor Arginzonizen izaerak eta bizilekuak berdingabe bihurtzen dute haren sukaldaritza. Jakiak sutan egiteko aukerak ez dira agortu, eta erroetara itzultzea miresgarria izan daiteke begirunez eta bokazioz egiten bada. Autodidakta, munduko hirugarren onena bihurtu du bere jatetxea, Etxebarri, minimalismoa harturik markatzat. Sorlekuko natura da haren paisaia, eta sua eta produktu onenak, haren lanerako materialak. Eta isiltasuna. Isiltasuna bere ibilaldietan, naturan, suan, produktu egokiaren aukeran eta egoste-puntu zehatzean. 


Cocinar Belleza
Sergio Piera  (Espainia)

Cocinar belleza-k profil artistiko eta aitortuko askotariko ahotsak bilduko ditu galdera sinple bati erantzuteko: zaporea ederra izan daiteke? Kontzeptu horren inguruan elkarrizketa bideratuko dute Toni Segarra publizistak eta Quique Dacosta hiru Michelin izardun sukaldariak eta abangoardiako gastronomiaren munduko erreferenteak. Artearen bokazioetako bat edertasuna sortzea da. Paradoxikoki, edertasuna, kontzeptu gisa, ez da ia inoiz erabili zaporearen inguruan. Dacostak artista horietako bakoitzarengana joko du, abangoardiako sukaldea diziplina artistikoa ote den elkarrekin hausnartzeko.


Gazta
Mikel Urretabizkaia  (Espainia)

Idiazabal gaztaren unibertsoan zeharreko bidaia, aparteko pertsonaia batzuen eskutik. Adibidez, Eli Arrillaga; 24 urte zituela alargun geratu zenean, senarraren lanbidean artzain jarraitzea edo Zarauzko hiri-ingurura itzultzea erabaki behar izan zuen. Elik artzaintzan jarraitu zuen, eta gazta horren ekoizle handietako bat da egun. Edo Juan Mari eta Elena Arzak, Eneko Atxa, Joan Roca, Martín Berasategui, Pedro Subijana eta Andoni Luis Aduriz bikainak; ongi dakite zein garrantzitsua den kalitate handiko artisau-produktua izatea, haien sukaldari-lan zorrotzean ederki egokitu dadin. Urbia, Aralar eta Gorbeia mendikateetan eta Nafarroako goi-mendietan, artzainek kontu handiz zaintzen dituzte latxa arrazako artalde preziatuak, kalitate handieneko produktu bat lortzeko, Ordiziako hitzorduan urteko gazta bikainenaren lehia irabazteko modukoa.


Le chocolat de H
Takashi Watanabe  (Japonia)
Antzezleak: Hironobu Tsujiguchi

Tsujiguchi Hironobu japoniar pastelgile famatuak bostetan irabazi du Parisko Salon du Chocolat saria eta, hala eta guztiz ere, ez dago bere buruarekin pozik. Txokolate-errezeta berriak prestatzeko osagaien bila Japonian eta Ekuadorren zehar egin duen bidaiari buruz hitz egingo digu film honek.


Sora no restaurant / Restaurant from the Sky
Yoshihiro Fukagawa  (Japonia)
Antzezleak: Yo Oizumi, Manami Honjo, Masaki Okada

Wataru gaztagilea pozik bizi da Setanan (Hokkaido), Kotoe emaztearekin eta Shiori alabarekin. Egun batean, sukaldari famatu baten arreta erakarriko dute bere eta bere lagunen produktuek, eta haien bizipoza besteei helarazteko egun bakarreko jatetxe baten ideia planifikatzen hasiko dira.


The Taste of Pho
Mariko Bobrik  (Polonia - Alemania)
Antzezleak: Lena Nguyen, Long Thang Long Do

Varsovian bizi den vietnamdar sukaldari bat Europako kulturan moldatzen ahaleginduko da; bere hamar urteko alabak, ostera, erabat barneratu du jadanik. Maitasunari, gaizki ulertuei eta janariari buruzko istorio bat.


The Wandering Chef
Park Hye-ryoung  (Hego Corea)

Jiho Im Sukaldari alderrai ospetsuak Koreako penintsula osoa zeharkatuko du, ertzetik ertzera, sendagarritzat jotzen diren osagai bitxienen bila. Ama naturatik datozkio iturri guztiak; izan ere, berau izan du zaintzaile hamahiru urterekin etxetik ihes egin zuenetik. Baina ama nori esan ez edukitzearen samina etengabea izan da urte horietan. Egun batean Kim Soon-gyu aurkituko du, Jiri mendiaren gailurreko azken herriko biztanle bat. Hark eskainiko dion zopak haurtzaroko oroitzapenak ekarriko dizkio gogora.


Zer jan hura izan / You Are What You Eat (Film laburra)
Igor Arabaolaza  (Espainia)

Dokumental honek ekoizleen eta sukaldarien arteko harremana aztertuko du, haien lekukotzetan oinarrituta. Besteak beste, produktuak sukaldean duen garrantzia, jasangarritasuna, belaunaldi arteko erreleboa eta baserriko munduaren sustapena jorratuko ditu.


La receta de la vida (Film laburra)
Marta López, Eduardo Peiró  (Espainia)
Antzezleak: Amparo Vídal, Clara Peiró
Nespresso Talents 2019

Valentziako paella tradizionalaren errezeta aitzakia ezin hobea izango da Amparo ezagutzeko. Osagai artean, bere bizitzaren sekretua zein den azalduko digu 96 urteko emakume horrek: hain zuzen, optimismoa, bizipoza eta grina. Paella egiteko aitzakia harturik, bere haurtzaroko eta bizitzako zenbait oroitzapen ekarriko ditu Amparok gogora bere 8 urteko birbilobarekin batera, bide batez, gure gastronomia hurrengo belaunaldiei helarazten zaiela ziurtatzen duen bitartean.


Huele a ti / Smells Like You (Film laburra)
Marc Vadillo, Marwan Sabri  (Espainia)
Antzezleak: Lidia Casanovas, Miguel Aragón, David Franco, Esther Aguilar
Nespresso Talents 2019

Lagunekin, familiarekin, gustuko norbaitekin…  laburbilduz, gure hurkoekin ematen ditugun une gehienak janariz inguratuta ematen ditugu. Demagun janariari esker aurkitzen duzula zure bizitzako amodioa. Zer jakik maiteminduko zintuzke?


Nouvelle cuisine (Film laburra)
José Manuel Prada  (Erresuma Batua)
Nespresso Talents 2019

Gizon batek errezeta bat prestatuko du oso gonbidatu berezi batentzat…

Egitaraua

Datak - Filma

Jatetxea

Sukaldariak

Inaugurazioa. Larunbata 21
- La leyenda de Don Julio: Corazón & Hueso / "The Legend of Don Julio: Meat & Bones"

Basque Culinary Center

Pablo Rivero

Igandea 22
Nespresso Talents 2019:
- La receta de la vida
- Huele a ti / Smells Like You
- Nouvelle cuisine


- Bittor Arginzoniz. Vivir en el silencio / Bittor Arginzoniz. Living in Silence

Basque Culinary Center

Juanan Zaldua, Aitor Arregi & Xabi Gorrotxategi

Astelehena 23
- The Taste of Pho

Ni Neu

Ly Leap, Mikel Gallo

Asteartea 24
- Sora no restaurant / Restaurant from the Sky
- Zer jan hura izan / You Are What You Eat (Eres lo que comes)

Basque Culinary Center

Edorta Lamo, Roberto Ruiz, Luis Salcedo & Luke Dolphin

Asteazkena 25
- Cocinar belleza

Basque Culinary Center

Quique Dacosta

Osteguna 26
- The Wandering Chef

Basque Culinary Center

Im Jiho

Klausura. Ostirala 27
- Un sabor de cielo / A Taste of Sky

LABe (Tabakalera)

Marsia Taha & Kenzo Hirose


* Afariak filmeen emanaldien ondoren hasiko dira, gutxi gorabehera 21:00ak inguruan.




ZINEMA + AFARIA

IRAILAK 21 

LA LEYENDA DE DON JULIO: CORAZON & HUESO, Alfred Oliveri (Argentina) 
Sukaldaria: Pablo Rivero, Don Julio jatetxea (Buenos Aires)
Non: Basque Culinary Center (BCC).

Don Julio jatetxea Buenos Airesko Palermo auzoko parrilaren esentziaren adierazgarria da; 34. dago munduko 50 jatetxe onenen zerrendan (The World’s 50 Best), eta seigarren, berriz, Latinoamerikako 50 jatetxe onenen zerrendan. Pablo Riverok, sukaldariburuak, bere proposamen gastronomikoa helaraziko digu; horretarako, Argentina markatu duen produktu baten aukera izango du oinarria. Animalia bera hautatuz ekiten dio zereginari eta manipulazioaren prozesu guztiak zaintzen ditu, teknika ere barnean harturik; izan ere, diferentzia markatzen duen eta azken emaitzari balioa ematen dion elementua da hori ere.

IRAILAK 22

BITTOR ARGINZONIZ. VIVIR EN EL SILENCIO, Iñaki Arteta (Espainia)
Sukaldariak: Juanan Zaldua, Baserri Maitia jatetxea (Forua, Bizkaia); Aitor Arregi, Elkano jatetxea (Getaria, Gipuzkoa); Xabi Gorrotxategi, Casa Julián jatetxea (Tolosa, Gipuzkoa)
Non: BCC.

Sua eta txingarrak izango dira protagonista sukaldean prestigio handiko hiru sukaldari bilduko dituen ekitaldi honetan. Hain zuzen, munduko parrillero onenetako bati egingo diote gorazarre: Etxebarri erretegiko Bittor Arginzonizi. Haren jatetxea hirugarren dago munduko 50 jatetxe onenen zerrendan. Baserri Maitea jatetxeko Juanan Zalduak, Elkano jatetxeko Aitor Arregik, eta Casa Julián jatetxeko Xabi Gorrotxategik jakintzak, teknika eta tradizioa uztartuko dituzte erreki bikainak eskaintzeko.

IRAILAK 23

THE TASTE OF PHO, Mariko Bobrik (Polonia, Alemania)
Sukaldaria: Ly Leap, Indochine (Bartzelona), Mikel Gallo (Ni Neu, Donostia)
Non: Ni Neu.

Ly Leapen sukaldean, lehen mailako produktuak eta sormena dira protagonistak. Bartzelonako Indochine jatetxeko sukaldari eta arimak Mikel Gallorekin partekatuko du Ni Neu jatetxeko sukaldea, Hego Asiako ukituak dituen menu bat proposatzeko: espeziak eta bizigarrien jolasa gogoko dituztenek aise identifikatuko dituzten zapore bizi eta sakonak.

IRAILAK 24

ZER JAN HURA IZAN, Igor Arabaolaza (film laburra)
SORA NO RESTAURANT / RESTAURANT FROM THE SKY, Yoshihiro Fukagawa (Japonia)
Sukaldariak: Nagore Irazuegi, Rodrigo García Fonseca, Arima (Madril); Luis Salcedo, Remigio jatetxea (Tutera); Luke Dolphin, L'Antre jatetxea (Bidart)
Non: BCC.

Zer jan hura izan eta Sora no Restaurant ekoizpenek tokiko produktua nabarmendu nahi dute, eta filosofia hori bera dute Edorta Lamo (Arrea!, Araba), Roberto Ruiz (Hika, Gipuzkoa), Luis Salcedo (Remigio jatetxea, Nafarroa) eta Luke Dolphin (L’Antre jatetxea, Bidart) sukaldariek ere. Hori horrela, sukaldean bilduko dira bertako osagaietan oinarritutako afaria eskaintzeko eta lehen mailako produktu eta plateren bidez bertaratutakoak hunkitzeko. 

IRAILAK 25

COCINAR BELLEZA, Sergio Piera (Espainia)
Sukaldaria: Quique Dacosta (Denia)
Non: BCC.

Dénian, hiru Michelin izarreko Quique Dacosta jatetxean, Quique Dacosta besarkatzen eta limurtzen duen giroak markatzen du sortzen diren plateren etorkizuna. Bere sukaldaritzaren adierazpen artistiko ezagunarekin ikusleak harritzen saiatuko da, eta zeregin horretan bere kultura eta lurraldea izango ditu ikur, kalitatea, bikaintasuna, berrikuntza eta tradizioa pertsonifikatuz.

IRAILAK 26

THE WANDERING CHEF, Park Hye-ryoung (Hego Korea)
Sukaldaria: Im Jiho, Sandang jatetxea (Hego Korea)
Non: BCC

“Janaria artea eta zientzia medizinala da”. Im Jihok bere gurasoen bitartez ikasi zuen janaria sendabide zela, eta horrek oinarritu du haren sukaldaritza. Bi alor horiek uztartu ditu Sandang jatetxean, eta gainera, jakien, errituen eta oroitzapenen arteko lotura sakona argitzen du bertan. Aukera honetan, bere filosofiaren eta bizimoduaren berri emango du sukaldari bohemio eta alderraiak, ama naturak emandako osagaien bidezko osasunean eta sendagaietan oinarrituta. 

IRAILAK 27

UN SABOR DE CIELO / A TASTE OF SKY, Michael Lei (AEB)
Sukaldariak: Kenzo Hirose Velasco eta Marsia Taha Mohamed Salas, Gustu eskola/jatetxea (Bolivia)
Non: LABe (Tabakalera)

Claus Meyerrek Bolivian Gustu jatetxearekin hasitako iraultza gastronomikoa eta bi ikasle xumeren bizitzan eragin duen aldaketa: horra hor A Taste of Sky dokumentalaren protagonistak. Estilo sinple eta berritzailez, Boliviako askotariko produktuen aromak, zaporeak eta koloreak nabarmentzeko afari bat eskainiko dute Marsia Tahak, jatetxeko sukaldariburuak, eta Kenzo Hirosek, filmeko protagonistetako batek. Produktu tradizionalez egindako esperientzia gastronomiko honek Boliviako aniztasun natural, kultural eta geografikora hurbilduko ditu mahaikideak.


Filmen bereizmen handiko irudiak
Aurkezpenaren bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea